Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:3:1:3

-en bezain laster

Adizlagunek bezala (laster, askotan…), -en bezain laster menderatzailearekin balio sekuentziala dute denbora perpausek, eta bertan jasotzen diren bi gertaerak elkarren segidan gertatzen direla adierazten dute. -en bezain sarri/fite/agudo formak ere ager daitezke, nagusiki Ekialdeko euskalkietan.

  • Azterketaren emaitza jakin bezain laster jakinaraziko dizut.
  • Promes egin bezain laster, neskatxa guztiz sendatua gertatu zen. (Biblia, Askoren artean)
  • Eta, hala, egun hartan ere, eskola akabatu bezain fite, ohi bezala ekin zion don Frantziskok. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)

Formak

Perpaus nagusian geroaldiari buruz ari garenean, mendekoa aspektu ez-burutuan, geroaldian, -ke- morfemarekin edo aspektu burutuan (gertakaria gauzatu dela adierazteko) joan daiteke:

  • Bazkaltzen duzun bezain laster, etor zaitez gure etxera.
  • Horretan hasten zareten bezain laster, ohartuko zarete zertaz ari naizen.
  • Mina senti dezakezun bezain sarri, begiak itxi behar dituzu.
  • Lana amaitu duzun bezain laster, zoaz kalera.
  • Baina landaratu zen bezain laster, burutapen larri bat barne-jabetu zitzaion[…] (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)

Adibideak

  • Adibide klasikoak:
    • Remigio Arzobispo Jaunarekin ta argana zen bezain laster, esan zion Erregek: «Clotilde, zere otoitz onekin garaitu dituzu nere etsaiak eta ni ere garaitu nazu zere ibiller polit humillarekin. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
    • Ezkontzaz zazpi gizoni emana izan zelakoz; eta Asmodeo deithurikako debru batek hil zituen hekiek, haren baithara sarthu ziren bezain laster. (Biblia, Duvoisin)
    • Ordu berean uzten zakon buztana zakurrak, eta berriz xutitu zen bezain laster, ihausika bere aitzinean barriorat zerakarran. (Buruchkak, Etchepare, J.)
  • Gaurko adibideak:
    • Ordea, Legarrezko Itsasoan isurtzen diren bezain laster han dira betiko estaltzen eta galtzen. (Septentrio, Arkotxa, A.)
    • Administrazioa, bere aldetik, estu-estu dago jendeak bere umeak euskal eskoletan matrikulatzen dituelako, sare publikoan gertatzen da hau bereziki, eta alde batetik irakasleak sobran (erdaldunak) eta bestetik irakasle euskaldunen beharrean daudela ikusten duelako, goizeko bederatzietan zerrendak mahai gainean jartzen diren bezain laster. (Euskararen etxea, Salaburu, P.)
    • Zeren ezbaitut uste nihor kausitu, eskualdunak baino fede eta froga seguragorik eman ahal dezakedanik; denaz geroztikan gauza bat hain jakina eta egun guztiaz bat bederak frogatzen duena; Eskual Herritik ilkhitzen garen bezain laster, hizkuntza arrotzen premian jartzen garela. (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)

Balio prospektiboa

Egitura honek balio prospektiboa du batzuetan:

  • Hara heltzen den bezain laster Khiorako uhartetik iragatea merezi du[…] (Septentrio, Arkotxa, A.).
  • Ikusten duen bezain laster, dena ulertu eta, amore eman baino lehen, zubia lehertuko du baita altxafuegorik ikusten ez bada ere. (Camillo, Giovannino Guareschi / Biguri, K.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-en bezain laster", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3