Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:3:1:5

-enaz batera

Postposizio hau partizipioekin nahiz adizki jokatuekin erabiltzen da, eta bi adiera izan ditzake: batetik, balio sekuentziala, hau da, ondoz ondo gertatzen diren bi ekintza lotzen ditu; bestetik, balio aurretikoa, hau da, perpaus nagusiko ekintza mendeko perpausak adierazitako unearen aurretik gertatu dela azaltzen du menderatzaileak. Gipuzkeraz -enarekin batera forma ere erabili izan da inoiz.

  • Mikel abesten hasi zenaz batera, lagunak txaloka hasi ziren. (balio sekuentziala)
  • Goizean, esneduna iritsi zenaz batera, aitona baserri atarian zain zuen. (balio aurretikoa)

Adibideak

  • Adibide klasikoak:
    • Gaur goizean; mutil kozkor horiek iritsi direnarekin batera! «Etxezuri» koa hiru hartzekoa nuen, eta horra, orain hirurok beste norabait zuzendu behar. (Bi ahizpak, Aguirre, J. M.)
    • Eta edonork daki euskaldunak alkar-soiñuko txori dirala somatzen dutenaz batera, izaten duten barru-isuri ta zabaltasuna, sentipen arrunta, erdikitza, batasun-arnasa ta alkar-poza. (Araibar zalduna, Erkiaga)
    • Biaramonean, goiz berandu baiño leen, egunkariak errira ziranaz batera, Tutulu dendaria Nikanor-en zain egoan, Bidari-etxe ondoan. (Batetik bestera, Erkiaga)
  • Gaurko adibideak:
    • “Izugarri gustatzen zaizkit italiarrak”, esan zidan nire Citröenera igo zenarekin batera. (Groenlandiako lezioa, Atxaga)
    • Balkoirantz abiatzekoa egin baitzuen aurrena, aldizkaria handik botatzeko asmoa balu bezala; baina, erdizka jarri zenarekin batera, jiratu eta ukabilkada bat eman zidan ezkerreko matrailezurrean, begia ere hartuz. (Soinujolearen semea, Atxaga)
    • […] gaztigua, Eta badirudi, esaten du goxotegiaren jabeak, gurutzatuak datozela, itsasoz, madarikatuak bitez, zurrumurruak dio berrehunen bat itsasontzi izango direla, oraingo honetan gauzak beltz jartzen ari dira, ez dago zalantzarik, Ene, gizajoak, esaten du emakume potolo batek malko bat garbitzen duenarekin batera, oraintxe nator Porta de Ferrotik, zoritxarren eta miserien erakusketa bat bezalakoa da, medikuek ez dakite nondik hasi, begitartea odolbildu bat eginda zeukaten pertsonak ikusi ditut, eta begi-zuloak hutsik zeuzkan koitadu bat, izugarria, izugarria, eror bedi Profetaren ezpata erailtzaileen gainean […] (Lisboako setioaren historia, Saramago, J. / Alonso, J.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-enaz batera", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3