Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:3:2:1

-tzerako

-tzerako menderagailua “jadanik” gertatu dena adierazteko erabiltzen da. Halako denbora perpausetan beraz, mendeko perpausak adierazten duen ekintza perpaus nagusikoaren aurretik gertatzen dela ematen da aditzera. Hala ere, mendekoaren gertakaria gertatu den unean “epe bat” amaitu dela ere adieraz dezake. Horrez gain, eta horren ohikoa ez bada ere, aldiberekotasun sekuentziala ere adieraz dezake menderagailu honek, hau da, perpaus nagusiko ekintza eta mendeko perpausekoa aldi berean gertatzen dira baina mendekoa lehentxeago hasita dagoela. Era berean, aurrekotasuna, hots, perpaus nagusiko ekintza mendekoaren aurretik jazo dela, adierazteko ere erabiltzen da. Azkenik, denbora balio oroz gain, helburua adieraz dezake -tzerako menderagailuak eta izenlagun bihurtuta ere ager daiteke.

  • Gu iristerako, hasita zegoen filma. (aldiberekotasun estua)
  • Guk etxea erosterako, urteak igaroko dira. (epe bat amaitu da)
  • Irakasleak argibideak ematerako, haurrak hasiak ziren saiakerak egiten. (aldiberekotasun sekuentziala)
  • Bazkaltzen hasterako, aitonak mahaia bedeinkatu zuen. (aurrekotasuna)
  • Afaldu ostean, kantuan hasterako baño hobeto zegoen ohera joateko. (helburua, asmoa)
  • Bidaiara joaterako bezperan agurtu zituen lagunak Malenek. (izenlaguna)
  • Iguzkia illkhitzen den Lekhutik sartzerako, Lauda bedi Iaun onaren Izena mugaraño.(Eliçara erabiltceco liburua, Etcheberri (Ziburukoa))

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Zuek etortzerako basamortuan izango naiz. (Bizia garratza da, Irazusta, J. A.)
    • Ala esan nuan: Ia ni 37-ko kintua naizen, eta kinta ori soldadu joaterako gerra bukatzen dan! Eta alaxen igande-arratsalde batean gure nagusi Juan Mari eta biok joan giñan Oyartzun - go bikario jaunarengana, eta esan genion ia begiratuko zuan mesedez liburuan ni noiz jayoa nintzan. (Neronek tirako nizkin, Salaberria, S.)
    • Aien atzetik bera joaterako, Lizarragak armak kendu zizkien. (Santa Cruz apaiza, "Orixe")
  • Gaurko adibideak:
    • Garaiz bukatu dugu gaur entsaioa, bisitariak etortzerako dena prest egotea komeni baita. (Lurtarra da begiratua, Etxabe X.)
    • Amak hitz egiten amaitzerako, nik neure aurpegi izutua ikusten dut egunkariko lehen orrialdean. (Zorion perfektua, Lertxundi, A.)
    • Atea zabaltzerako elkarri mingaina jaten ari ziren Mikel eta Pietatea. (Berandu da gelditzeko, Iturriaga, U.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzerako", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3