Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:3:2:2

-tu orduko

-tu orduko menderatzaileaz aldiberekotasun estua adieraz daiteke, hau da, mendeko perpauseko gertakaria gauzatzen denean perpaus nagusikoa “jadanik” eman dela. Halakoetarako, ordukoxe/ordu aldaerak ere erabiltzen dira maiz. Aldiberekotasun sekuentziala adierazteko ere erabili daiteke, hots, bi ekintzak denbora tarte jakin batean batera gertatzen direla azaltzeko. Halakoetan, berehala, behingoan eta antzeko aditzondoak eransten zaizkio menderatzaileari. Horrez gain, aurrekotasuna azaltzeko ere baliatzen da -tu orduko forma, ondoz ondo gertatzen diren ekintzak lotuta.

  • Hamarrak ziren ni Bilbora orduko. (aldiberekotasun estua)
  • Iritsi orduko, berehala ezagutu zuen neskalaguna. (aldiberekotasun sekuentziala)
  • Agurtu nazazu etxetik atera orduko. (aurrekotasuna)
  • Gorputzak bizizekos bear du prezisoki arima, ta au faltatu orduko, berla datza ila, naiz erresuzitatu bear barin badu ere azken juizioko egunean, itzulzen zaikolaik berriz arima. (Sermoiak, Lizarraga)

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Bada aiek ain itsusia, ta ain eria paratu bazute arima on gura, nola paratuko dute bekatu mortaleek? bulusten du arima bekatu mortalak birtuteen gala ta adornuas; bekatu mortala sartu orduko, atrazen dire boladan birtuteak ta Espiritu Sanduaren donoak: ala nola usadorre batean sarzen delaik usojanzale bat, bolazen baitire uso guziak; ta ala nola palazio batean sarzen direlaik ladronak, ta errobazen dutelaik den guzia. (Sermoiak, Lizarraga)
    • Burrukea jazo ta astebete igaro orduko, Mundaka ta Bermeoko kalietan, neska-mutil gazteak, abesauten ebezan urrengo doazan koplak: Karlos-geizto zittalak Beti amorruka Martin-zaldigaz nonbait Egin dau burruka. (Josecho, Echeita)
    • Gaur ere sartuko dute urdallean pitxar bata gutxienez, ta goizaldea etorriko da oiek etxera orduko, buruak urdiñak dauzkate baña». (Garoa, Aguirre, D.)
  • Gaurko adibideak:
    • Etxera orduko, zerua ilun zegoen. (Putzu, "Txillardegi")
    • Baina, etxetik atera orduko, geure baitarik ohartzen gara, jakitatearen eta sinestearen artean badela uste soila. (De re publica edo politikaz, Xarriton, P.)
    • Jainko-gizon lanak egin orduko eskapatzen nintzen biziaren eremuetara, tribuko kristauen laguntzen, noiz hargintxo, lurrezko etxeetan, noiz egurgile oihan oparoetan. (Azken apeza, Aintziart, P.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tu orduko", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3