Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:3:2:3

-tu bezain laster

Forma hau partizipioaren gainean eraikitzen da eta bi ekintza aldi berean eta berehala gertatzen direla adierazten du. Laster da aditzondo ohikoena baina Ekialdean sarri eta fite aditzondoak ere erabiltzen dira. Ildo horretan, laster aditzondoaz aldiberekotasun sekuentziala ere adieraz dezake, hau da, mendeko perpausak ekintza burutzea adierazten du, ez egoera; perpaus nagusiak, berriz, haren ondoz ondo gertatzen den gertakaria azaltzen du. Bestalde, egoera adierazten duten predikatuekin, egoeraren hasiera adierazten du menderatzaile honek.

  • Etorri bezain laster esan genion zer gertatu zen. (aldiberekotasun estua)
  • Autobusa geltokira iritsi bezain laster ireki ziren ateak. (aldiberekotasun sekuentziala)
  • Nor bere herritik irten bezain laster, galduta ibiltzen gara. (egoeraren hasiera)
  • Hura mintzatu bezain laster oste guzia harramantz handi batean jarri zen. (Telemake, Duvoisin)

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Juan Clementek hau aditu ta egin zuen eskuko heri-behatzez an bere saskian tolestaturik arkitzen zen oial batean gurutz bat eta heri-behatzez oiala ukitu bezain laster heri-behatzeko suak erre zituen oial-tolest guziak ta egiñik gelditu zen saski ondoan gurutzea. (Igande eta festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)
    • Eta Errafaelek Tobiasi erran zaroen: Zure etxean sarthu bezain sarri, adora zazu berehala zure Jainko Jauna, eta eskerrak bihurtzen diozkatzularik, hurbil zaite zure aitaren gana eta besarka zazu. (Biblia, Duvoisin)
    • Iende batzuk kofesatzen dira maiz, eta bai halaber maiz ere leheneko bekhatuetara bihurtzen: eror, eta iaiki dabiltza; garbitu bezain fite likitsten dira. (Guero, Axular)
  • Gaurko adibideak:
    • Jordan ibaia igaro eta Jaunak zeuen Jainkoak ondaretzat emango dizuen lurraldean bizitzen jarri bezain laster, libratu egingo zaituzte Jaunak inguruko etsaiengandik, eta bakean eta seguru biziko zarete. (Elizen arteko biblia, Askoren artean)
    • Nor nintzen jakin bezain laster ireki zidan atea. (Epaltza A., Rock'n'roll)
    • Eta, hala, egun hartan ere, eskola akabatu bezain fite, ohi bezala ekin zion don Frantziskok: (Lur bat haratago,Irigoien, J. M.)

Arestian esan denez, -tu bezain sarri/fite/agudo formak ere erabil daitezke. Forma horiek Ekialdean erabiltzen dira nagusiki.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tu bezain laster", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3