Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:3:2:6

-tuaz batera

-tuaz batera menderatzaileak aldiberekotasun estua adierazten du, hau da, aldi berean gertatzen diren bi ekintza lotzen ditu. Aditzondoan batera nahiz bat ager daitezke. Menderatzaile honen aldaera usuenak aditz-izena oinarri hartuz sortzen diren -tzeaz bat eta -tzearekin batean dira.

  • Hori esanaz bat txaloka hasi ziren entzuleak.
  • Mikel kantuan hasteaz batera dantzan hasi ziren haurrak.
  • Lagun tabernan sartzearekin batera alaitu zitzaion aurpegia Maddiri.
  • Begira: nire alabak ikusiz batera ezagutu du,[…] (Sei pertsonaia autore bila, Luigi Pirandello / Josu Zabaleta)
  • […] erantzun zuen Pepponek, buruan hazka eginaz batera. (On Camillo, Giovanni Guareschi / Biguri, K.)
  • Dena txostenean heldu duk –barre eginez batera. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Hala izan bedi –esan zion Sáidna Musak agurtzearekin batera. (Pospolo kaxa bat bezala, Zubizarreta, P.)

Azkenik, horrez gain esapidearen adiera ere izan dezakete forma hauek.

  • Egindako txostenak aztertu zituzten, mahai inguruan, kafea hartzeaz batera.

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Eta apaiz jaunak itz abek esatearekin batera, jaikitzen da pekataria bere oñetatik, biotzaren erdian pake gozo zoragarri bat duala ta birtuteko bideak ondo dakizkiala, jarraitu nai baditu. (Sermoiak,Aguirre, D.)
    • Etxean sartuaz batera, agur nire barruko bakea: suetera badator, galerazo baiño besterik eztaki egiten; suetera etorri ezik, or guztion artean txutxuputxu barriketan iarduten dau. (Bein da betiko, Azkue, R. M.)Lydia Flem
    • Soñaren itxuraldatzeaz batean, aldartea ta gogoa eraberritzen zaizkonean. (Agirre, T., Uztaro,)
    • […] orretan, zeiñen alde erabagiko zenduke? - Ez daukat neure gogamena zergaitik estaldu - erantzun eban Uberok ausardi andi bategaz - prankotarraren alde! Uberok itz onek esanaz batera alderdi guztietatik deadarte gogor zarratu bat iagi zan, zutindu zan Otxoa, eta esku bat aizkora-kirtenean ebala eta bestea ukabildurik, Uberori, izugarrizko amorru batean, eta aotik bitza dariola, esaten deutsa: - Prankotarraren alde eta neure semearen kontra Ezpeletako iauna? - Bai, - iarraitzen dau Ezpeletakoak, bero bero eginda, zure semearen kontra eta egiaren alde. (Auñamendiko Lorea, Aguirre, D.)
  • Gaurko adibideak:
    • Eraman egin zioten. Jesus ikusteaz batera, espirituak gogor astindu zuen mutikoa, eta lurrean iraulka eta lerdea zeriola utzi. (Elizen arteko biblia, Askoren artean)
    • Hiria ezagutzeaz batera idazleok gure arteko ezaupidea egingo genuen esperantzaz itzartu ginen denok, nik uste. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)
    • Eskusoinuen nota haiek ziren patuak aukeratutako ahotsak, jendearengan, beren errua gogoraraztearekin batera haien kontzientzia mortuak irazeki eta aurrerantzean txirotasunak haien bizitzari zemaion krudeltasunean gupidari eta errukiari leku bat egin beharraren sentimendua sorrarazteko. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)
    • Eta hau esateaz bat, atako bandara jo behar luketen ontzitxoak balira moduan ipini ditu nire pindrotako higatuak. (Agirre Zaharraren Kartzelaldi Berriak, Izagirre, K.)
    • Guregandik alde eginaz batean, gure zati bat eramaten dute berekin gurasoek. (Nola hustu nuen gurasoen etxea, Lydia Flem / Joxan Elosegi))

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tuaz batera", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3