Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:2:3:2:8

-tu ahala, -tu arau

Adizki jokatuen atalean esan denez, besteak beste, berehalakotasuna adieraz dezake menderatzaile honek.

  • Eraikitze-lanak amaitu ahala, etxe berrira joan ziren bizitzera.

Adibidetegia

  • Adibide klasikoak:
    • Bai; bitartean beste otartxo bat bilatu behar dut, marrubiak moldatzeko txortenak kendu ahala. (Azken beltza, Sanchez, K.)
    • Zorionez zuten alde beren gaztetasunaren iguzkiko sua: hunek, agertu arau, hedoiak barreatzen baitzeiezten! Bainan horra nun diren helduak amestu lekurat; urrea ausarki daukala aditua duten leihorrak ja beretuak ditu. (Buruchkak, Etchepare, J.)
    • Iguzkiak egiten zion, eta, iguzkiak zerua argitu arau, zeruak. (Beribilez, Etchepare, J.)
  • Gaurko adibideak:
    • Oñatiko zokoan, gaua aurreratu ahala, goizeko lehen orduotara arrimatzean, behelaino terral jenerokoa pilatuta han beheran. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Elkarrizketan aurrera egin ahala Jeanettek senarraren beste datu edo alderdi batzuk aipatzen ditu, baina ez lar. (Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan, Jimenez, E.)
    • Bi esaldiak esan ahala, dardara batean jarri zitzaizkion hezur-haragiak, bihotza kolkotik irten beharrean; ez zegoen, nonbait, poliziarengana joateko moduan, eta harridurazko irribarre bat egin zuen. (Ez balego beste mundurik, Linazasoro)

Horrez gain, aldiberekotasun errepikatua eta iraupena adierazteko ere erabil daitezke bi forma hauek, geroago zehatzago ikusiko denez.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tu ahala, -tu arau", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3