Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:3:1:1

Adizki jokatuekin

Adizki jokatuekin -enetik menderagailua da iraupenaren aurreko muga adierazteko denbora perpausetan gehien erabiltzen den menderagailua. Hala ere, -enez gero eta -enik…-ra ere badira.

-enetik

Aditz nagusiak dioena noiztikakoa den adierazten du -enetik menderagailuak, noiz hasten den, alegia. Arestian esan denez, aditz nagusiko gertakaria denbora tarte batean luzatzen da, ez da une puntual batean gertatzen. Horrenbestez, aditz nagusiak une jakin bateko gertakaria adierazten duenean -enetik menderagailuaz osaturiko perpausa ez da gramatikala. Ekintza nagusiari balio errepikakorra ematen bazaio, ordea, perpausa gramatikala da. Halakoetarako, urtero, egunero eta bestelako aditzondoak txertatzen dira. Ildo beretik, mendeko perpaus bat baino gehiago sartuz gertakari bat baino gehiago aipatzen direnean ere, perpausa gramatikala da. Hala ere, ekintza puntualak adierazten dituzten zenbait aditzek iraupen balioa izan dezakete menderagailu honekin, mendeko perpauseko ekintza hainbat aldiz errepikatzen dela adierazteko. Denboraren muga indartzeko, beretik/bertatik aposizioa erabil daiteke. Denbora nozio hori zehazteko, berriz, handik aurrera/ordutik hona eta antzeko aditzondoak dira usuenak.

  • Jaiki naizenetik, hotzak nago.
  • *Lanean hasi naizenetik, etxe berria erosi dut.
  • Lanean hasi naizenetik, etxe berria erosi dut urtero.
  • Lanean hasi naizenetik, etxe berria erosi dut eta autoa aldatu dut.
  • Tailer horretan hasi denetik, diru gehiago ekarri du Aitorrek.
  • Proiektua amaitu zuenetik bertatik, lasaiago bizi da Garoa.

Ezkontza modu asko daude Askotariko zehaztasunak har ditzakeen denbora balio horrez gain, -enetik menderagailuaz kausa edo azalpena adieraz daiteke. Beheko adibide honetan, esaterako, perpaus nagusiko ekintza mendeko perpauseko ekintzaren ondorioz gertatzen dela adierazi nahi da.

  • Ezkondu zenetik, Mirenek ez du lagunekin atera nahi izan.
  • Adibide klasikoak:
    • Orain, au obeki ekusteko, ekusi bear ditugu, Jaungoiko berak, gure onerako gizon egin zenetik, egin dizkigun zenbait gauza ta ontarte, ta lenbiziko lekuan, edo oraingo bigarren Libru ontan, Jesusen gizon-egitea; ta, gizon egin zenetik ogeita amar urtetarañoko denboran gugatik egin izandu zuena. (Jesusen amore-nequeei, Mendiburu, S.)
    • Dabidek ihardetsi zioen aphezari eta erran: Egiazki emaztekiez denaz ber, begiratzen gare atzotik eta herenegundik, atheratu garenetik, eta gizonen puskak xahu ziren; bada, bide hori lohitua da, bainan egun xahutua izanen da puskez den bezenbatean. (Biblia, Duvoisin)
    • Anton Kokoak aztatu ditu axuriak tegietan, errian sartu denetik ez du erabat jardun izketan. (Euskaldunak, “Orixe”)
  • Gaurko adibideak:
    • Halaz ere, NAFaren sorreran fonetikariak egoteak eta sortu zenetik honako begiraleak ere fonetikari izateak berme gutxienekoa eskaintzen digu. (Fonetika fonologia hitzez hitz, Oñederra, L.)
    • Heriotzaren arriskua sentitu zuenetik gozatu egin zen emakumea, edo baliteke umore txarra eragiten duten zelulak zerebroaren eskuinean egotea, sendagilearen esanetan alderdi hori hondatu baitzitzaion Floraren amari, paralizatu bestea, ezkerrekoa egin zitzaion arren; baina badirudi zerebroaren alde bakoitzak kontrako alderdia gobernatzen duela, Natura halakoxe apetatsua baita. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
    • Sartu garenetik ipini duzun aurpegiak ez dirudi parte onekoa. (Ordaina zor nizun, Urteaga, J. M.)

-enez gero

Denbora perpausetan -enez gero menderatzailea erabiltzen denean, perpaus nagusiko ekintza noiztikakoa den adierazten da. Hainbat aldaera ditu, eta horien artean, -enez gero(z)/-enez geroztik formak Hegoaldean erabiltzen dira batez ere. -enaz geroz/-enaz geroztik formak, berriz, Ekialdean erabiltzen dira. Bigarren eta hirugarren adibideetan baina, perpaus nagusiko aditzak denboran luzatzen den ekintza bat adierazten du. Horregatik, perpaus nagusikoa gertakari puntuala denean edo geroaldiaz ari denean, mendeko perpausak ez du denbora balioa izaten, kausala baizik.

  • Maddi dantzan hasi zenez gero, gurasoak sarri-sarri joan dira haren ikuskizunetara.
  • Berandu etorri zirenaz geroz, aitak errieta egin zien.
  • Lurra bustita zegoenez gero, alboko atetik sartu da.
  • Eskolatik atera direnez geroztik, parkean jolasten ari dira haurrak.
  • Adibide klasikoak:
  • Gaurko adibideak:
    • Paris inguruetako hiri, herri eta kartierretan, areago Palestinan bigarren intifada hasi zenez gero, ugaritu egin dira juduen eta beur-en (“arabeu” verlan eran, hots, lunfardoan bezala, silabak alderantziz paratuta) arteko liska rrak. (Hizlandia, Aranbarri, I.)
    • Bake gehiago izango dugu hemen.“ Ni Kaliforniara joateko kontua uda guztietan sortzen zen, osaba Juan han gelditzen zelako Espainiako gobernua Salbuespen Neurriak ezartzen hasi zenez gero, baina proiektu hura ez zen behin ere mamitzen. (Soinujolearen semea, Atxaga)
    • Joseba hil zenez geroztik hogeita hamar urte laster beteko ziren eta urte horietan guztietan kezka bat izan nuen, iltzearen modura: non zegoen Joseba? Non hilobiratu zuten? Nora eraman zuten Metropolitan Ospitaletik? (110. Street-eko geltokia, Zabaleta, I.)
    • Kolpe gogorra ez ezik, B-12rena gertatu zenez geroztik hondamendia zela iritzi genion, itzulbiderik eta atzerabiderik gabeko desastrea. (Euskal karma, Alonso, J.)

-enik...-ra

Korrelaziozko menderatzaile hau egun baino gehiago erabiltzen zen antzina, bizkaieraz batez ere eta aurretik adlatiboko forma hartuta, iraupenaren aurreko muga adierazteko.

  • Ezkondu zenik aurrera, atzerrian bizi da Miren.
  • Jaio zanik aurrera beti, moillaganean bizi izan zan ontziburu azkarrak, eskeintzea entzun ebanean edo entzun barrian, alako larritasuntxua susmau eban barruan. (Arranegi, Erkiaga)
  • Ikastetxera joaten zanik aurrerantzean, Josetxo egunaro etorren edertuten, da gogo onagaz lagunduten eutsen etxekoari edozein lanetan, ikastetxera joaterik ezeukanean. (Josecho, Echeita)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizki jokatuekin", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3