Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:3:2:0

Adizki jokatuekin

Adizki jokatuekin, -en arte menderatzailea da perpaus nagusiko gertakariaren amaiera adierazteko menderatzaile usuena.

-en arte

-en arte menderatzailea erabiliz, perpaus nagusiko gertakariak mendeko perpausekoak adierazten duen unera arte iraun duela ematen da aditzera. Halako perpausetan, mendeko perpausak gertakari puntual bat adierazten du; perpaus nagusiak, berriz, iraupena duen gertakari bat (ez gertakari puntuala). Askotan -en arte menderatzailearen ezkerrean harik eta partikula ere ager daiteke, denbora erreferentziaren indargarri gisa. Horrez gain, partikula honek hainbat aldaera ditu eta Ekialdean -en artio (arteo) erabiltzen da batez ere. Menderagailuari muga adlatiboaren hondarkia erantsita -en arte(ra)ino forma erabiltzen da. Baita izenlagun bihurtuta eta inesiboko hondarkia erantsita -en arteraino(koan) ere. Inesiboaren lekuan guztian zenbatzaile indargarriaz ere ager daiteke.

  • Emanaldia hasi den arte, hitz egiten aritu gara lagunak.
  • *Emanaldia hasi den arte, hitz egin diot lagunari.
  • Ez nuen sinetsi, harik eta neure begiez ikusi nuen arte.
  • Oso urduri egon zen, sendatzen hasi zen arteraino guztian.

malabare emanaldiak oso dibertigarriak izaten dira Aditz nagusia geroari buruzkoa denean mendeko aditza ez-burutua, subjuntiboa edo burutua (denbora tartea burutu dela adierazteko) izan daiteke.

  • Baserritarrak zakurra isiltzen duen arte, ez gatzaizkio hurbilduko.
  • Altxorra aurkitu dezagun arte, ez dugu etsiko.
  • Mikel etorri den arte, zain egongo gara hemen.

Adierari dagokionez, normalean ekintza noiz amaitzen den adierazten badu ere, zenbaitetan ekintzak duen iraupenaren tarte osoa adierazteko ere erabiltzen da -en arte menderatzailea.

  • Baserrian biziko naiz ni, sasoia daukadan arte.
  • Ezin uka dezake, bada, iñork bide onez, Tubalek bere gurasoai ikasitako itzkuntza Españara zebala ekarri; ez eta ere, gizon doatsu onek ekarritako itzkera dala Euskara; zergaitik, Españara etorri ta bereala Euskarazko izen egokiakin Armeniako erara deiturik, ezagungarritu izan zituen, mundua mundu dan arte iraungo duten mendi, aitz, muno, munaiska, lur, berar, iturri, erreka, ibai, aintzira, zuaitz, garau, abere, pizti, arrain, egazti, eta osterontzeko gauza guzti guztiak. (Gipuzkoako probintziaren kondaira, Iztueta, J. I)
  • Ain maitia zuten izkuntza au, nun ariketa gosiak estutu zituan arte, jatiaz etziran oroitu. (Asis-co loria, Beovide)
  • Gizon egiñ nitzan arte, ez nuen, jauna, nik jakindu kapeik izaten zanik ere. (Baratzan, Soroa, M)
  • Kristauak beranduago jaikitzen dira, itsasontzietan inor ez da higitu, eta portugaldarren kanpamentuan, burua kulunka dabiltzan zaindari nekatuez aparte, denak daude lo erraldoi batean murgilduta, zurrungek, hasperenek, zurrumurruek zipriztindutako lozorro bat da, askoz beranduagora arte, eguzkia atera eta eraiki den arte, ez dira hanka-besoak askatuko eta ahotsak epelduko, goizeroko aharrausi nagi eta urratzailea da, hezurrak krask eginarazten dituen nagiak ateratze bukaezina, egun bat gehiago, egun bat gutxiago. (Lisboako setioaren historia, Saramago, J. / Alonso, J)
  • Ez da isildu zapelatza atzera berriz hegaldatu den arte. (Bizia lo, Muñoz, J.)
  • Sigi-saga egin du goiti, sasi baten atzean lurra aztertzen hasi den arte. (Larrepetit, Lizarralde, P.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizki jokatuekin", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3