Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:3:2:1:1

-tu artean

Perpaus nagusiko ekintza noiz amaitzen den adierazteko, iraupenaren azken muga adierazteko erabiltzen da -tu artean menderatzailea, eta adiera horretarako, partizipioarekin nahiz aditzoinarekin joan daiteke, baita adlatiboarekin ere. Horrez gain, aditzondoan, arte guztian eta arterainokoan ere ager daitezke, eta sarritan, harik eta esaldia agertzen da indargarri gisa.

  • Itxaron ezazu, argia piztu artean.
  • Gazte horiek pekatuan bizi izan dira ezkon artean.
  • Utzi argia piztuta, ni ohera artean.
  • Amaia ez da lasaituko barruan duen amorru guztia kanporatu arterainokoan.

Aldaerei dagokienez, zubereraz eta behe nafarreraz -tu artekan da erabiliena. Bestalde, -ko atzizkia erantsita -tu arteko forma ere erabiltzen da perpaus nagusiko ekintzak noiz arte irauten duen azaltzeko. Halakoetan, arteko aditzondoa destinatiboa da, ez noski izenlaguna. Partizipioarekin, aditzoinarekin zein adlatiboarekin erabil daiteke (geroago ikusiko denez, iraupenaren tarte osoa ere adieraz dezake menderatzaile honek).

  • Etxeko epelean egongo gara, euria amaitu arteko.
  • Adibide klasikoak:
    • Entrepresak hautsten Hi agertu artean tuk gure hitzak handiak, Baiñan agertu eta hik ixiltzen tuk mihiak. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
    • Zeren erriak ez du jango bera etorri artean, zeren bera da bedeikatzen duena eskeñtza, eta gero jartzen dirade jaten, deituak izan diradenak. (Itun zaharra, Uriarte)
    • Goiko bizitzan gela txiki asko ziran: ta gauza jakiña da, Ignazio soldadu bizarroa Panplonan eritu, eta Etxe onetara ekarri zutenean, goiko bizitzan, da orañ Kapillan erdiko Aldarea dagoen leku, edo gelan, sendatu artean egon zala. ( Aita San Ignazioren bizitza laburra, Cardaberaz)
  • Gaurko adibideak:
    • Ez burukominik - noizean behineko vodkaren biharamunetan izan ezik -, ez bihotz errerik, ez beste ezein gaitz izan barik ibili nintzen Berlinera iritsi artean. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)
    • Ikerkuntza hau egin artean, Zellig S. 26. OR luze askotan jarduteko aukera izan dut. (Egitura sintaktikoak, Laka, I. / Chomsky, N.)
    • Atea ireki diot, sartu arterainokoan zabalik eutsi, eta mostradorera bere atzetik iristea pentsatu badut ere ezinezkoa izan zait. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tu artean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3