Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:3:3:1:2

-en bitartean

-en bitartean menderagailuarekin iraupenaren tarte osoa adierazten da, baina ikusiko dugunez, adibide batetik bestera aldeak daude.

Iraupenaren tarte osoa

-en bitartean menderatzailea ere iraupenaren tarte osoa adierazteko erabiltzen da, eta halako perpausetan, mendeko perpausaren predikatuak adierazten du perpaus nagusiko ekintzaren iraupena. Hala ere, gerta daiteke menderatzaile hau muga adierazteko ere erabiltzea, ekintza amaitzen deneko unea, alegia (halakoetan baina, ezezka erabili ohi da menderatzailea). Bestalde, esaldi nagusiko predikatuak ere iraupena izaten du maiz, eta halakoetan, gertakari bien arteko aldiberekotasun guztizkoa jasotzen du perpausak. Ordea, ekintza puntuala baldin bada, mendeko denbora perpausaren adiera aldiberekotasun zatikakoa izaten da, alegia, perpaus nagusiko ekintza mendekoak adierazten duen denboran gertatzen da, baina ez dute iraupen bera. Azkenik, -en bitarteo (bitartio)/-en bizkitartean aldaerak dituen menderatzaile hau ekintza amaigabeak adierazteko ere erabil daiteke, hizketako unea barnean dela.Patxi Zubizarreta

  • Hitz egiten zuen bitartean, eskuez estutu zuen liburua. (iraupena)
  • Amaitu dudan bitartean, jarraitu eltzeari eragiten. (muga)
  • Jaten zeuden bitartean, aitak errezoa egin zuen. (aldiberekotasun guztizkoa)
  • Kalean hizketan ari ziren bitartean, Mikel azaldu zen kalean behera. (aldiberekotasun zatikakoa)
  • Mikel lanean dagoen bitartean, Ainara lagunekin kalean dabil.
  • Honela mintzo ziren jaten zuten bitartean[…] (Eraztunen Jauna, Tolkien J.R.R. / Agustin Otsoa) (aldiberekotasun osoa)
  • “Ezin dut sinetsi” –esan zuen Harryk, hirurek oharrean zegoen sinadura aztertzen zuten bitartean. (Harry Potter eta sekretuen ganbera, J.K.Rowling / Iñaki Mendiguren) (aldiberekotasun partziala)

Lehenbiziko kasuan hizketan ari ziren eta jaten, aldi berean. Bigarrenean, sinadura aztertzen, eta azterketa horren puntu batean esan zuen Harryk ezin zuela sinetsi. Partizipioarekin ere gauza bera gertatzen da:

  • Sakelatik giltza bat atera eta, sarrailan sartu bitartean, bere baitan pozarren egin zuen: “Hona beste bizpahiru egun aurrezturik”. (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / Zubizarreta, P.)

Batzuetan gertakariaren azken muga seinalatzen da:

  • […]zuen eskupekoak jasotzea espero duen bitartean, ez du lanik egingo[…] (Filosofia apaingelan, Sade / Elexpuru, J. M. / Bego Montorio)

Beste balio batzuk

Denbora balio horiez guztiez gain baina, -en bitartean menderatzaileak aurkaritza ere adierazten du, berriz aurkaritzako lokailua erantsiz lortuko genukeen adiera, alegia. Denboran halako kontrakotasuna edo aurkaritza adierazteko balio izaten du:

  • Europarren begia ohitu da: dendariek beren negozioa lasai egiten duten bitartean, herritar batzuk deportatzeko ariketa [egiten arin dira] jende aurrean. (Europako mugetan barrena, Jimenez, E.)

Baina aurkaritza horrek betiere denbora balioa du. Denbora balio hori ez delarik ere jar ditzakegu aurkaritzan bi egoera: Kostaldeko laponiarrak sedentarioak dira / Mendietako laponiarrak nomadak dira. Bada joera, holako batzuetan, bitartean hitzaren bidez lotzeko perpaus horiek: Kostaldeko laponiarrak sedentarioak diren bitartean mendietako laponiarrak nomadak dira. Holako egitura duten perpausak ikusten dira, baina badirudi aski berriak direla, nekez esan baitaiteke hor aurkaritza denborazkoa dela. Badirudi egokiago litzatekeela hor beste egitura batzuk bilatzea: Kostaldeko laponiarrak sedentarioak dira, eta mendietako laponiarrak, berriz, nomadak (ikus hemen EHUko Ehulku-ren gomendioa)

Leku-tartea adierazteko ere erabiltzen da, hau da, bi eremuren erdian dagoen espazioa.

  • Gu pobreak garen bitartean, horko horiek dirua jokoan xahutzen ari dira. (aurkaritza)
  • Bi etxe horiek uzten duten bitartean dago Eliza. (leku-tartea)

Adibidetegia

  • Adibideko klasikoak:
    • O zezen pizkor txingar jariyo, zenbat kontu zure meriyo! «Ta zezen-suzkoak iraun bitartean, zakur bat balkoi batetik zaunka egon zan ibilli guztian. (Donostia, Anabitarte)
    • Au erraten zuen bitartean, zigarroak atera zituen sakeletik eta eskeñi zaben denei. (Dirua galgarri, Izeta)
    • Ikustekoa zan Leaburuarren begitartea, ni, zure ezkutitza eskuan nuela, «Medelen berriak» esanez, agertu nintzanean! Antton Barandiaran maiz ikusten det lo, ni irakasguan Ebanjelioa azaltzen ari naizen bitartean. (Ardi Galdua, Azkue, R. M.)
  • Gaurko adibideak:
    • Bere hileta egunek iraun bitartean banekien Rita oroitu ere ez zela egingo nitaz Alemaniako gertakizunetan katramilatuta. (Arrainak ura baino, Etxeberria, H.)
    • Gauerdian jaiki eta, ni lo nengoen bitartean, nire ondotik nire haurra hartu eta bere ondoan etzan zuen; bere seme hila, berriz, nire ondoan ezarri. (Elizen arteko biblia, Askoren artean)
    • Lelo hori ahapeka zerabilen neska batek, dantza egiten zuen bitartean. (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)

Forma

Formari dagokionez, bitartean eta bizkitartean biak erabiltzen dira, baina lehena askoz ere erabiliagoa da.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-en bitartean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3