Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:3:3:1:3

-en artean

Beste menderatzaileak ez bezala, -en artean denbora tarte osoko gertakaria nahiz azken mugakoa adierazteko erabil daiteke.

Iraupenaren tarte osoa

Iraupenaren tarte osoa adierazten duenean, mendeko predikatuak adierazten du iraupena. Azken muga adierazten duenean, berriz, une bateko gertakari puntuala edo gauzatu gabe dagoen gertakaria adieraz ditzake, eta harik eta ere eraman dezake indargarri gisa.

  • Eguna den artean, lanean jarraituko dugu zoroan.
  • Mikel etortzen den artean kontatuko dizuet atzo gertatutakoa.
  • Gu ez gara lasai egongo, atertu duen artean.
  • Ez ginen bileraz oroitzen, harik eta lagunek telefonoz deitu diguten artean.
  • Dinis poeta errege izatera iristen ez den artean, dagoenarekin konforma gaitezen. (Lisboako setioaren historia, Saramago, J. / Jon Alonso)

Iraupeneko aldiberekotasuna edo iraupenaren azken muga

Iraupeneko aldiberekotasuna edo iraupenaren azken muga adierazten dute -n artean eta -tu artean formek, adibideek erakusten dutenez. Iraupeneko adizki jokatua usuago erabiltzen dugu aldiberekotasuna adierazteko:

  • Hala ere, ez dut neure zinaz eta zurekiko zerbitzuaz libratu nahi, zuk bizirik irauten duzun artean. (Eraztunen Jauna III, Tolkien J.R.R. / Agustin Otsoa)

guzti zenbatzailea hartuz, -en arte guztian postposizioa ere iraupenaren tarte osoa nahiz azken muga adierazteko erabil daiteke.

  • Minez egon zen arte guztian, beso bakarraz egin zuen lan.
  • Nekatu zen arte guztian, lanean aritu zen.

Adibidetegia

  • Gaurko adibideak:
    • Piztu dadin artean….
      … Hilotzen artetik…
      … Jaiki dadin artean. (ETAren hautsa, Joseba Zulaika)
    • Orain arte guztian ezer kontatu ez nire maitasun handiaz. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)
    • Hona nola hitz egingo diozuen Esau ene jaunari: “Honela mintzo da Jakob zure zerbitzaria: Labanekin bizi izan naiz eta harekin egona naiz orain arte guztian. (Agindutako lurraren bila I, Jose Antonio Mujika)
    • Seme, zaindu aita bere zahartzaroan, ez eman nahigaberik bizi den artean. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
    • Normala dela, gehitu du berriro, segur aski inoiz ere ez zaiola guztiz ematuko, bizi den artean. (Errautsera arteko sugarra, Imanol Zurutuza)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-en artean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3