Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:4

Denboraren erreferentzia perpaus nagusian

Orain arte ikusi diren perpausetan, mendekoak ematen zuen denboraren erreferentzia. Baina gerta liteke perpaus nagusiak adieraztea mendeko perpausa noiz gertatzen den. Menderagailu bakarra erabiltzen da halakoak sortzeko.

noiz eta (ere) / noiz ere...bait-

Ekialdeko euskalkietan erabiltzen dira horrelako perpausak eta mendeko perpausak ekintza nagusiaren osagarri den ekintza bat eransten duela esan ohi da, perpausari segida “narratiboa” ematen diola. Bat-batekotasuna markatzeko, -ela(rik)…horra non ere erabiltzen da. Honelako perpausetan, esaldi nagusiaren predikatuak adierazten du denbora tartea; mendekoak, berriz, denbora horretan gertatzen den gertakari puntual bat.

  • Mendian oinez zihoan, noiz eta txorien kanta entzun zuen.
  • Paseoan gindoazela, hara non lapurrek eraso ziguten.

Adibideak

  • Adibide klasikoak
    • Ez othe da egia Maria Magdalena berehala iaiki zela nigarrez zegoen lekutik, Marthak erran zioenean, Nausia hemen da eta zure galdea du? O ordu doatsua, noiz ere Iesus-ek deitzen baigaitu nigarretarik bihotzeko bozkariora. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)
    • Ezen paubreak bethiere ukanen dituzue zuekin, eta noiz ere nahi ukanen baituzue, haei ungi ahal daidiezue: baina ni eznauzue bethi ukanen. (Iesus Christ Iaunaren testamentu berria, Leiçarraga)
    • Gure saindua othoitzean jartzen da berheala, eta bi oren baino gehiago badu othoitzean dagola, amodiozko auhenez Jainkoarekin ihardokitzen duela, noiz eta ere bi kusiak, ustez sukharrak dabilan, lasterka baitohazko eta khausitzen baitute argiz inguratua, zeruetako dohatsu bat iduri. (Bi saindu hescualdunen bizia, Laphitz)
    • Hirur egun hek iragan zirenean, Josuek adi-arazi zioten guziei beha ziozotela arkari, eta noiz ere ikhusiren baitzuten arka arriberaren gainean, orduan aitzina zitezela iragatekotzat ur hura; ordean egon zitezela bi milla beso arkatik urrun. (Testamen çaharreco eta berrico historioa, Larreguy)
    • Egu erdian Egu-erdia dela hara non darauntsan ezkillak, Iaikiz geroko dohañez ditutzun esker pillak. (Manual devotionezcoa, Etcheberri (Ziburukoa))
  • Gaurko adibideak
    • Ikasle multzo bat gure etorkizun profesionalaz ari ginen ikastetxeko patioan, honako honek ingeniari, horrako horrek maisu eta harako hark mediku, noiz eta ere, gure Potzolok ahoa bete hortzekin utzi baikintuen denak: (Rock'n'roll, Epaltza A.)
    • Abstrakzio bat dira: orokorretik partikularrera pasatzeak beti berekin dakar ezuste kitzikagarririk, noiz eta ere isla zehatzik gabeko arerio-kide beldar-irudi hori aurrean definituz baitoakizu, apurka-apurka zein bat-batean, eta Mitmensh delakoa bilakatzen baita, giza kidea, bere haragi-trinkotasun, tik, bitxikeria eta anakoluto guztiekin. (Sistema periodikoa, Levi, P. / Garzia, Juan)
    • Anfitrioi batek izan dezakeen sentipen berbera da, festak okerrera egin duela konturatzean, noiz ere ikusten baitu gonbidatuak bazterrean eserita eta elkarren artean nahasteari uko egiten diotela. (Hona hemen gu biok, Dorothy Parker / Mirentxu Larrañaga)
    • Urtebetetik gora, erdi isilean ziharduala, hara non Urdulizen leihaketa bat iragarten daben. (Vulkanoren atzamarrak, Rufino Arriola / Amuriza, X.)
    • Azken bi urteetan ez duk Garan koadrilla horren argazkirik ikusi Inaren egunean, eta jada pentsatzen hasia hintzenean presoari arrastoa betiko galdu behar hiola, hara non gaur, Euskaldunon Egunkarian, Inazio Tordesillas presoa askatu behar dutelako berria irakurri duan. (Bizia lo, Muñoz, J.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Denboraren erreferentzia perpaus nagusian", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3