Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:2:5

Gertakarien kronologia eta perpausa

Euskaraz modu bat baino gehiago dago adierazpen deitikoak egiteko, alegia, gertakariak denboraren kronologian kokatzeko.

  • Denbora-unitateak erabiliz.Gernikako bonbardaketa, Gerra Zibilean
    • 1982ko otsailaren 5ean ezkondu zen Miren.
  • Aditzondoak (hizketa unea erreferente hartuta) erabiliz.
    • Atzo etorri zen ama etxera.
  • Kronologiaren beste puntu bat erreferente hartuta.
    • Urteberri egunaren bezperan afaltzeko biltzen dira guztiak.
  • Hiztunentzat data ezaguna duen gertakari bat erreferentzia hartuta.
    • Gerra Zibila amaitu zenean, herria txikituta zegoen.

Gehienetan, adizlagunak eta postposizio sintagmak erabiltzen dira gertakariak kokatzeko, baina perpausak ere erabil daitezke. Ikus honako hauek:

duela/orain dela +(zenbatzailea-denbora izena)

Halako egituretan hizketa unea izaten da erreferentzia eta bi zati izaten dituzte mendeko perpausek: -ela menderagailua daraman adizkiarena eta denbora adierazten duen sintagma zenbatzailearena. Erreferentzia gisa iraganeko puntu bat hartzen bada, ordea, ez dira menderagailu horiek erabiltzen, lehenago eta antzeko aditzondoak, baizik. Azkenik, hizketa unetik aurrerako gertaerak kokatzeko, bestelako egiturak erabiltzen dira.

  • Duela hamar urte egin genuen lehenengoz dantza-emanaldi hori.
  • * Orduan zuela hamar urte joan zen Ane mendira.
  • Hamar urte lehenago joan zen Ane mendira.
  • Lau urte barru ezkonduko gara.
  • Gu iritsi eta bi egunera etorriko da Mikel.

duela/orain dela egituren bigarren zatiko zenbatzailea zehaztua edo zehaztugabea izan daiteke. Zehaztugabeetan, gutxi eta aspaldi aditzondoak eta denbora-izenak (gutxi, asko, batzuk, zenbait, -en bat…) ere erabil daitezke.

  • Orain duela aspaldi eraiki omen zuten etxe hori.
  • Duela egun gutxi agurtu genuen gure laguna.

Ikus adibide hauek:

  • Adibide klasikoak:
    • Orain duela gutxi, gaitzeko kolpe ederra erreusitu zuela esana zidaten eta! BITTOR: Ba?. (Portu txoko, Larzabal, P.)
    • Au agitu ze orai duela milla ta zorzitan egun urte, Martxoaren ogeitaborzgarrenean Nazareten. (Sermoiak, Lizarraga)
    • Orai duela aspaldi, aspaldi, Laustaneko Jaunak, bere jauregia txarregi kausiturik, jauregi berri bat egin zezoten galdatu omen zioten Lamineri. (Ixtorio-mixterio, Barbier)
  • Gaurko adibideak:
    • Duela egun gutxi, borreroak eskaera harrigarri bat jaso du Ministeriotik: ea kondenatuekin heriotza itzulgarriak lor ditzaken, alegia ez betikoak; zenbait kondenaturekin hori egitea onuragarria izan litekeela pentsatu dutela hainbat ikerketen ondoren. (Glosolaliak, Linazasoro)
    • Bai, duela aspaldi Parisen eta Godoten ondotik kasik jarraian Partida azkena. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
    • Orain duela berrogei bat urte, orduko Doueil prefetarekin buruz buru gertatu nintzelarik Paueko jaun horren bulegoan, beti oroituko naiz, nik ene Euskal Herria aipatu orduko, hark ihardetsi zidala: Le Pays Basque, monsieur, ça n'existe pas!, “Euskal Herria? Jauna, Euskal Herririk ez […] (De re publica edo politikaz, Xarriton, P.)

-enetik + (zenbatzailea - denbora izena) postposizioa

-enetik menderagailuak iraupena adierazten du, denbora tartearen aurreko muga, eta askotan aurrera aditzondoa eransten zaio esanahi hori markatzeko. Iraupenaren tarte osoa ere adieraz daiteke -enetik…hona/arte egiturekin. Horiez gain, ordea, bestelako nozioak ere adieraz daitezke menderatzaile hau erabiliz.

-enetik laster/sarri formek esaterako, berehalako ondokotasuna adierazten dute, eta noiz galderari erantzuten diote. Bi gertakari lotzen dira halakoetan, gertakari bien arteko denbora-kronologia erlatiboan. Hala ere, lehen gertakariaren data ezaguna bada, posible da bigarren gertakaria ere kronologia orokorrean kokatzea. Denboraren kokapena aditzondoaren edo zenbatzailearen arabera izango da zehaztua edo zehaztugabea.

  • Ostoak jausten hasi zirenetik laster, haurrak zuhaitzaren azpian bildu ziren jolasteko.
  • Apaiza hil zenetik sarri joan zen eliz mutila laguntzera.

Azkenik, denboraren adierazpen zehaztua adierazteko, -enetik x-garren egunean/egunerako/egunen buruan… eta halakoak erabiltzen dira.

  • Ikasten hasi zenetik lau egunera, lehen azterketa izan zuen Ainarak.
  • Adibide klasikoak:
    • Badakizute emendikan bi egunera Pazkoa zelebratuko dala, eta gizonaren semea emana izango da gurutziltzatua izan dedin. (Itun zaharra, Uriarte)
    • Andik bi egunera Cencio Sabelio Kardenala, Honorio irugarrenaren izenarekin, eseri zan Jesu-Kristoren Bikariuaren alkian. (Asis-co loria, Beovide)
    • Muin baino ezur geiago estaltzen duela De Gaullen kepisak zoritxarrez konturatu aal izan gera Frantzitarrak edo Frantzian bizi geranak, haren itzaldi ozen, uts parregaiek salatzen duten bezela 1940-garren urtetik hona itzegiteaz besterik ez baitu egin. (Artikuluak, Mirande)
  • Gaurko adibideak:
    • Bestea, berriz, gure Pedro Páramo hau, eleberri laburra dela esan daiteke, oso jite berezikoa (azpi) genero guztiz zehaztugabe horren barruan ere, nahiz oraingo irakurleari ez zaion gertatuko beharbada hain berezi, argitaratu zenetik hona Rulforen saio berritzaile eta - hitza oraindik erabilgarri bada - iraultzaileak - aldez edo moldez, onerako nahiz gaitzerako - izan dituen jarraitzaile ugariek eredu nagusietakoa bilakarazi baitute dagoeneko hori egungo idazle eta irakurleentzat. ( Pedro Páramo, Juan Rulfo / Garzia, Juan)
    • Pierre Lafittek 1944an argitaratutako Grammaire basque navarro-labourdin littéraire liburuak eta Herria aldizkariak, 1944an sortu zenetik hona, urratu duten bidea eredu bilakatu dela esan ohi da, eta eredu horretara jo dutela Nafarroa Behereko eta Lapurdiko apaiz, idazle, bertsolari eta euskara lan tresna izan duten gainerako langileek. (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)
    • Hil zutenetik bi egunera, larunbatean beraz, poliziak berak eraman zuen Itsasondora gorpua, eta inolako ongi etorririk egiten utzi gabe lurperatu zuten, uniformedun espainiarren artean. (Arbelaren gainean, Mendiguren Elizegi, X.)
    • Handik bi egunera harategi baten aurretik igaro zen eta, zakurra inguru haietan zegoenetz jakiteko, txistuka. (Zakurra, zeure laguna, Garate, G.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Gertakarien kronologia eta perpausa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3