Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3

Denborazko osagarri adberbialak

Denbora adierazten duten aditzaz besteko baliabideak ere baditugu hizkuntzan denbora adierazteko. Denbora adierazteko aditzaren ezaugarri gramatikalak funtsezkoak dira (joan gara / joanen gara; ikusi nuen / ikusiko dut), jakina, baina ez dira horiek erabiltzen ditugun baliabide bakarrak. Aditzaren ezaugarri lexikoek ere ematen dute batzuetan denboraren informazioa: agurtu aditzak berez erakusten du une bateko gertakaria, baina aztertu aditzak edo eduki aditzak iraupena adierazten dute:

  • Mikel agurtu genuen (une batean)
  • Mikelek dauka liburua (ez da une batekoa, baizik jarraia den zerbait)

Eiffel dorrea da Parisko ezaugarrietako bat Hiztunak egiten dituen adierazpenak, denborari dagokionez, aditzaz gain erabil ditzakeen osagarri adberbialekin zehazten ditu:

  • Atzo / iaz / orain dela hiru urte agurtu genuen Mikel
  • igandean / bihar / heldu den astean etorriko da Itziar

Osagarri horiek baliatzen ditugu, hortaz, denbora adierazteko.

Osagarri adberbialen bereizketa, forman oinarrituta

Osagarri adberbialez hitz egiten badugu ere, sail bat baino gehiago bereizten ahal dugu hor: baditugu adberbioak eta postposizio sintagmak. Esaterako, iaz, gaur, bihar… adberbioak dira. Postposizioak adberbioen gainean eginak izan daitezke (bihartik, gaurtik) edo izen sintagmen gainean eraikiak (astelehenean, hil zen urtean, agurtu genuen astean…). Badira postposizioak zuzenean perpausa gobernatuz sortzen ditugunak ere: etortzen denean, agurtzen duzunean… Berez, etortzen den egunean / etortzen denean nahiz agurtzen duzun unean / agurtzean perpausetan dauden desberdintasunez jabetzeko Denbora perpausen egitura atala ikus daiteke.

Osagarri adberbialen bereizketa, nozioan noinarrituta

Zer desberdintasun dago perpaus hauen artean?

  • atzo egon nintzen Parisen
  • Autobusaren zain egon gara
  • Urtero joaten ginen Erromara
  • Lau hilabete pasatuko ditugu aurten Grezian
  • Lo dago oraindik…

Denborari dagokionez informazio mota desberdinak gurutzatzen zaizkigu hor: batetik, egon edo pasatu aditzek iraupena adierazten dute. Joan aditzak, arruntean, unea adierazten du. Bestetik, laguntzaileek ere (nintzen, gara, ginen, -ko ditugu…) ematen digute denborari buruzko informazioa. Baina bada hor informazio gehiago ere: lau hilabete, urtero, atzo… adberbioek ematen digutena. Adberbioek iraupena adierazten dute (urtero), prozesuaren fasea (oraindik), eta abar. Gehiago oraindik: aurten eta lau hilabete perpaus berean ageri dira, nozioa hobeki zehaztuz, edo, nahi bada, perpaus berean bi nozio aditzera emanez: kokapena (aurten) eta iraupena (lau hilabete).

Osagarri adberbialen bereizketa, moduan oinarrituta

Perpausek gertakari bat edo gehiago aipa dezakete. Bat aipatuz gero, osagarriak zuzenean azpimarratzen du gertakari horri dagokion denbora. Adberbioak erabiltzen ahal dira horretarako: bihar, gaur, aurten… Denboraren erreferentzia perpaus baten bidez ere egin daiteke (istripua izan zuen urtean irabazi zituen hauteskundeak) eta halakoetan bi gertakari aipatzen ditugu: istripuaren urtea eta hauteskundeak irabazitako urtea. Istripuaren urteak ematen dio, hain zuzen, erreferentzia hauteskundearen urteari. Izen batzuek ere zuzenean egiten diote erreferentzia denborari: etapa hasiera arte hemen egon dira lasterkari guztiak. Hor, “hasiera” hitzak darama berez denbora erreferentzia.

Hau guztia kontutan harturik, orduan, osagarri adberbial hauek bi sailetan bana daitezke: adberbio eta izenen gainean eraikitako postposizioak ditugu batetik, eta denborazko perpausekin osatzen ditugunak, bestetik.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Denborazko osagarri adberbialak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3