Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:1

Forma eta motak

Denborazko osagarri adberbialek zer forma duten ikusiko dugu atal honetan, baita zer osagarri adberbial mota dauden ere.

Adberbio soila eta postposizio sintagmak

Bihar adberbioa da, adberbio hutsa. Bihartik ere adberbioa da, baina postposizio bat hartu du (-tik), eta horregatik diogu postposizio sintagma dela. Azkenean, astelehen hitza izena da (mahai edo itxaropen bezala) eta astelehenean postposizio sintagma da, baina kasu honetan, potposizioa izenari itsatsi zaio, ez adberbio bati, bihartik-en kasuan bezala. Zernahi gisaz, hirurak, bihar, bihartik eta astelehenean osagarri adberbialak dira. Hirurek denbora adierazten dute, modu batean edo bestean. Holakoak ditugu hauek:

  • gaur, etzi, atzo, iaz… ⇒ adberbioak
  • gaurtik, etzitik, atzotik, iaztik… ⇒ postposizio sintagmak, adberbioaren gainean eraikiak
  • astelehen arratsaldean, krisiaren aurretik, azken egunetik aitzina… ⇒ postposizio sintagmak, izenaren gainean eraikiak

Beraz, adberbioak zuzenean, edo postposizio batek (atxikia nahiz askea, -tik edo …aurrean) gobernatutako bestelako sintagmak (postposizio sintagmak) izan litezke osagarri adberbial.

Noiz galderari erantzuna

Modu batera nahiz bestera holako sintagmek askotan noiz galderari erantzuten diote: horrek markatzen du gertakariaren kokapena. Adberbio hutsak direnean (atzo, gaur, bihar…) ez dute hitz horiek inolako postposiziorik. Besteetan, ikusten den gisan, arrunta da inesiboko –n postposizio atxikia: arratsaldean, hamarretan… Baina noiz horrekin, noizko, noiztik, noizera, noiz arte eta bestelakoak ere erabiltzen ditugu:

  • etxea biharko pintatu behar duzu
  • Miren etziko etorriko da
  • hori geroko utziko dugu
  • gaurtik aurrera hasiko gara horren egiten
  • egunetik egunera makurrago dabil
  • joan den urtetik hasi zen autoak konpontzen…

Horietatik, –ra da, beharbada, gutxien erabiltzen dena: aste batetik bestera, gaurtik aurrera eta antzeko testuinguru markatuak eskatzen ditu.

Noizko, noiz arte

Euskalki batzuetan –ko hutsa erabili beharrean, hiztun batzuek nahiago dute –rako erabili: etzirako egingo du; iganderako etorriko da… Hori gertatzen da oinarrizko adberdbioa bokalez amaitzen denean, ez bestela:

  • etziko/etzirako
  • igandeko/iganderako
  • atzoko/atzorako
  • bihar/*biharrerako
  • iazko/*iazerako
  • aurten/*aurtenerako

Zernahi gisaz, badugu beti hizkuntza halako barrokismo batekin janzteko joera: aurtengo horrek ez badu onartzen *aurtenerako, hiztun askok ez dute arazorik aurtengorako tankerakoak sortzeko. 365 egunez euskaraz bizi nahi dut

Instrumentalak ere badu lekua denbora adierazteko:

  • egunez joatea hobe da
  • Koldoren urtebetetzea da eta “anitz urtez!” esan diogu
  • hirugarren aldiz galdu du telefonoa…

Azkenik, azken muga adierazteko –raino eta –ra arte erabiltzen ditugu:

  • iganderaino / igandea arte /igandera arte egon ziren etxean.
  • Zerbait hartu nahi nikek ea bere onera itzultzen den eta sakela hutsik nagok larunbatera arte, orduan ordainduko baitidate… zera… ulertzen duk, ezta?… hiri berdin zaik, ezta? (Manhattan Transfer, John Dos Passos / Lopez de Arana)
  • Berriketa gutxi eta festa gutxiago izaten zen igandea arte. (Itsasoan euri, Garzia, Joxerra)

Postposizio itsatsiak eta askeak

Bereizketarik egin ez badugu ere, postposizioak itsatsiak izan daitezke, edo askeak. Hori erakusten du, hain zuzen ere, azken adibideak:

  • iganderaino → postposizio itsatsia: -raino
  • igandera arte / igandea arte → postposizio askea: arte

Sail berekoak dira beste hauek ere: negu aurretik, aurkitu ondoan, esan baino lehen…

Eta bada, bereziki, beste esapide bat ere, postposizio konplexu batek sortua: -z gero(ztik). Idatzi, horrela idazten da, gero ezkero esaten bada ere:

  • larunbataz gero ez dugu ikusi
  • atzoz geroztik mendian dabil
  • Eta haur da rgundaiñoz gero, gure Iainkoak, bekhatore bihotz gogorrari, bere gogortasunaren hautsteko, eta beratzeko, ediren duen erremedio handietarik bat: mahatxatzea, erraitea[…] (Guero, "Axular")
  • Ezpai zitun aurreko igandeaz gero ikusi. (Uztaro, "Barrensoro")

Salbuespenak, idazkerari dagokionez, honezkero, horrezkero eta harrezkero dira. (Ikus Euskaltzaindiaren 26. araua -z gero). Pluralaren ondotik ere bai: Sanjuanak ezkero, seiak ezkero, eta abar.

  • Gaurko adibideak:
    • Bizkai aldean ere jabetuta zeuden horretaz: San Bartolomiak ezkero, eulixak burua behera eta ipurdixa gora. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
    • Nola jotzen zuen atean beti kax-kax bere erratz-kirtenarekin, nik gaueko hamarrak ezkero zure ganbaran segitzen baldin banuenøø. (Homo Faber, Max Frisch / Joxe Austin Arrieta)
  • Adibide klasikoak:
    • […]arratseko zortzirak ezkero aundi eta txiki egon oi ziran ankaz gora. (Patxiko Txerren, Apaolaza)
    • Apostoluen egunak ezkero. (Kristau ikasbidearen azalpena, Intza, D.).

Iraun aditzak ere denbora markatzen du, izen sintagma soilarekin: bi ordu iraun du kontzertuak. Komunztadura singularrez egin behar da: iraun du / *ditu.

Eta hemen aipatzekoak dira orain dela / (orain) duela lau urte bezalako esapideak ere:

Denbora nozioa nolakoa den

Ikus ditzagun lau adibide hauek:

  • atzo atera zen telebistan → (noiz)
  • hiru egun egon da mendian → (zenbat denbora)
  • igandero joaten da zinemara → (zenbat aldiz)
  • oraindik ez da mendira iritsi → (zein fasetan)

Lau adibide eta lau modu desberdin denborari behatzeko, ikusten denez. Denboraren nozioaren berri ematen duten osagarri adberbialak, esanahiari dagokionez, lau motatakoak dira hortaz:

  • Batzuetan noiz? galderari erantzuten diote: Noiztasun horren erreferentzia une honetakoa izan daiteke, aldiberekoa, alegia: gaur, orain, aurten… Erreferentzia hori aurrekoa izan daiteke (atzo, herenegun, iaz, joan den mendean…) edo ondokoa (bihar, gero, etzi, heldu den urtean, eta abar).
  • Beste osagarri batzuek maiztasuna adierazten dute, eta zenbat aldiz? galderari erantzuten diote: askotan, hiru bider, astero, egunero, lau urtetik, bakanka, usu…
  • Gertakarien iraupena adierazten da beste batzuetan, eta zenbat denbora? galderari erantzuten diote: hiru minutu, aste bat, atzo arte, luzaro, mende batean…
  • Azkenik, beste osagarri batzuk denboraren fasean ohartzen dira: oraindik, dagoeneko…

Nolakoak diren osagarriak

Osagarri horiek, orain arte esana kontuan izanik, honelakoak dira:

  • adberbio hutsa: gaur
  • adberbioa + postposizio sintagma itsatsia: gaurko
  • adberbioa + postposizio askea: gaur arte
  • izen sintagma hutsa: hiru egun
  • izen sintagma + postposizio itsatsia: astelehenean
  • izen sintagma + postposizio askea: astelehen artio
  • esapideak: orain dela

Euskaltzaindiak honetaz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Forma eta motak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3