Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:3

Aldiberekotasuna eta osagarri adberbialak

Hizketa uneari, edo hizketa uneari dagokion epeari egiten diote erreferentzia aldiberekotasuna adierazten duten osagarri adberbialek: Gaur saiatuko gara hori amaitzen. Beste osagarri batzuek beste une edo epe bat seinalatzen dute: Garai hartan sortu zen krisia.

Hizketa unearekin erreferentzia egiten duten osagarriak

Orain, gaur eta hau erakusleaz balituz, batez ere, sortzen diren osagarri adberbialek hizketaren une-epean kokatzen diren gertakariekin daude lotuak:

  • Orain ezin naiz joan.
  • Gaur hotz handia egiten du.
  • Aste honetan elurrak mendian segitzen du.

orain

Orain adberbioa baldin bada ere aldiberekotasuna markatzeko erabiltzen dugun garbiena, baditu aldamenean beste batzuk esanahi berarekin lotzen ditugunak: oraintxe eta oraintsu adberbio eratorriak batetik, eta berehala, laster, fite, sarri (Iparraldeko zentzuan) eta abar, bestetik.

  • Bainan handik sarri hura aurkituko duzu bere adiskideen artean atsegin hartzen duela. (Philotea, Pouvreau, S.)
  • Jondane Matheü apostolia, zoñek gure salbazalia hil zenetik sarri izkiribatü baitzian Jüdeako herrian. (Catechima laburra, Belapeyre)
  • Jesüs jaio bezain berri, / aingüriek alabatü, / bai eta´re hantik sarri / jin artzañek adoratü. (Üskal noelen lilia, Bordes, Ch.)

Üskal noelen lilia Hala ere, aldiberekotasun hori zentzu zabalean hartu behar da. Esan dezagun, hasteko, oraintxe galdegaiaren tokian erabiltzen dela, nekez bestela:

  • Oraintxe ikusten ari naiz / *Oraintxe ez dut ikusten.

Aldiberekotasuna indartzeko balio du:

  • Oraintxe ari da autoa garagetik ateratzen.

Baina aspektu burutuarekin ere erabiltzen da, eta orduan aurrekotasun estua seinalatzen du, une horretan gertatzen ari den zerbaiten aldiberekotasuna bainoago:

  • Oraintxe erosi dut egunkaria.

Gauza bera etorkizunarekin ere:

  • Oraintxe hartuko dugu autobusa.

Zer esanik ez, iragana:

  • Oraintxe hor zegoen, baina joan da.

Jakina, orain soila ere erabiltzen da halakoetan: Zaude trankil, orain etorriko da. Horren pare-parekoak Laster etorriko da, Fite etorriko da, Berehala etorriko da, eta abar.

egun, gaur, aurten

Hizketa unearen epe barnekoak dira egun (egun honetan), gaur (egun honetan), eta aurten (urte honetan) denbora adberbioak ere:

  • Gaur hotz egiten du
  • Egun dira hauteskundeak
  • Aurten bixkor dago

Berdin horien aldaera estilistikoak baizik ez diren gaurko egunean, gaur egun, eta abar:

  • Gaur egun ez dira gauzak hola ikusten
  • Gaurko egunean jendea krisipean dago

Horiekin batera aurton eta asteon bizkaieraz erabiltzen dira, nahiz ez duten tradizio gehiegi:

une honetan, egun hauetan, aste honetan

Une honetan, egun hauetan, aste honetan gisakoak dira, azkenik, hau erakuslearen gainean eraikiak, hizketa uneari dagokion aldiberekotasuna markatzeko erabiltzen ditugun esapideak:

  • Aste honetan turistaz inguraturik gaude.
  • Hilabete osoan itxita dago Guggenheim.
  • Azken egun hauetan lehendakaria ixilik dago.

Aldiberekotasunaren hizketa unea markatzen ez badute, epeari egiten zaio erreferentzia:

  • Aste honetan ixilik egon da lehendakaria.
  • Astearte honetan pelikula hori ikusiko dugu falta gabe.
  • Udazken honetan onddo bila ibiliko naiz.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aldiberekotasuna eta osagarri adberbialak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3