Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:3:1

Hizketa uneaz bestelako une edo epe baten erreferentzia

Osagarri adberbial batzuek hizketa uneaz besteleko une edo epe baten erreferentzia egiten dute. Holakoak ditugu orduan (eta orduantxe), hura erakuslearen gainean eraikitzen direnak eta [erlatiboa + denbora] izen batekin egiten ditugunak:

  • Mendira joan ginen eta orduan ikusi nuen hartza.
  • Denbora hartan ez genuen wifirik.
  • Ezkondu ginen urtean amaitu zen krisia.

orduan

Orduan adberbioaren ondoan daude aldiberekotasuna indartzeko erabiltzen ditugun orduan berean, orduan bertan, orduantxe eta orduantxe berean/bertan:

Kontura gaitezen orduan horrek baduela beste erabilera bat ere, beraz edo, esan nahi duena: Eta? Orduan, zer egin behar duzue?

"hura" erakuslearen gainean eraikiak

Gauza bera gertatzen da hura erakuslearen gainean eraikitzen ditugun esaldi batzuekin, horiek ere hizketa uneaz bestelako erreferentzia bat dute:

  • Egun hartan, azkenean egin zenuten nahi zenutena.
  • Denbora hartan, hola mintzatu zen Jesus bere dizipuluei.

Batzuetan hori erakusleak ere balio du holako erreferentziak egiteko:

  • Azkenean, egun horretan Teresa hartu zuen gidari.

Erlatiboaren gainean eraikiak

Erlatiboaren gainean eraikiak ditugu, azkenik, honelakoak:

  • Mitxel sortu zen urtean saldu genuen etxea.
  • Istripua izan zuen egunaz geroztik ez da oroitzen.
  • Hauteskundeak egin ziren urtean amaitu zituen ikasketak.

Adibide horietan argi ikusten da zerk markatzen duen denbora erreferentzia: sortzeko urtea, denbora zahar hura, edo hauteskunde eguna.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hizketa uneaz bestelako une edo epe baten erreferentzia", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3