Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:4

Aurrekotasuna eta osagarri adberbialak

Aurrekotasunari erreferentzia egiten dioten osagarri adberbialak deiktikoak (atzo, iaz…) zein anaforikoak (bezperan) izan daitezke. Deiktikoak dira honako hauek:

  • Herenegun jai genuen
  • Iaz ez nuen ikusi
  • Atzo istripu bat gertatu zen etxe ondoan.

Gauza bera gertatzen da bart adberbioarekin, hizketa unearen aurreko gaua seinalatzen baitu. Arruntean bart arratsean, bart gauean bezala ere erabiltzen da:

  • Bart arratsean guztiz mozkortua ikusi omen zuten.

Ordu txikiak arte ere luzatzen ahal da erreferentzia hori: Bart berandu etorri da.

Sanferminetan entzierroak dira jaiaren arretagune

Erreferentzia zuzena egiten dute perpaus erlatibo lexikalizatu batzuek ere:

  • Joan den astean agurtu genuen.
  • Joan den San Ferminetan korritu zuen entzierroa azkeneko aldiz.

Holakoak dira joan den urtean (iaz), joan den igandean, joan den aldian, eta abar. Horiek guztiz lexikalizatuak daudela esan daiteke. Parekoak dira lehengo astean, lehengo egunean gisakoak ere. Kontakizunak denbora batean, denbora hartan bezalakoekin hasten ditugu maiz. Horrek aitzinako denbora bati egiten dio erreferentzia. Batzuetan behin erabiltzen dugu: Behin, bazen herri txiki bat mendi artean…

Aurrekotasunaren erreferentzia ez-zuzena

Bezperan, ordea, anaforikoa da eta beste denbora erreferentzia bat behar du, zuzenean ematen dena edo testuingurutik atera daitekeena:

  • San Juan bezperan piztu zuten sua etxe ondoan.
  • 2009ko irailaren 8an hartu zuen hegaldia, baina bezperan familiakoak agurtu zituen ohera joan aurretik.

Horren parekoa da aurregunean ere:

Bezperaren aurreko eguna bezperago adberbioak seinalatzen du:

  • esusen gorputz piztua, / goiti hegaldatua, / Bezperagoko zuriez / sainduki edertua! (Poèmes basques de Salvat Monho, Salvat Monho)
  • Ezkontzeko bezperan edo bezperagoan, bekhatu guziak erranen dituzte. (Mariaren haurren escu liburua., Diharassarry, L.)
  • Eta behar bezalako egun baten bilhatzen hari zirelarik, gerthatu zen Susana sarthu zela, bezperan eta bezperagoan bezala, bi neskatxa bakharrekin, eta nahi izan zuen sagardian bere burua garbitu, ezik bero hari zen. (Biblia Saindua III, Duvoisin)

Urtebetetzearen aurreko egunean edo ezkontzaren aitzineko egunean bezalako egiturak ere konplexuak dira, eta aurreko egun, nahiz aitzineko egun horiek ezin ditugu interpretatu urtebetetze edo ezkontza sintagmek ematen diguten erreferentzia zuzen hori gabe. Gerra aurrean bezalako esapideetan izenak (gerra, kasu honetan) ematen dio erreferentzia. Gauza bera dugu eguerdi aitzinean, gaua aurretik, eta holakoetan. Izenlagunik gabe badoaz, testuinguruak ematen dio erreferentzia: Aurrekoan pentsatu genuena egin genuen. Gerra aurrean horren parekoa dugu gerra aurretik, Hegoaldean. Gauza bera gerra aitzinean edo gerra aitzinetik, Iparraldean azkenekoa.

  • Gerra-aurrean eta gerratekoan orrek artu dun joerarekin, kalte geigo egin digu Jovellarek eta Martinez Camposek eta Quesadak baño”. (Santa Cruz apaiza, "Orixe")
  • Zeñak begiraturik, ikusi zuen bere gañean zeukala gerra aurretik, eta ostetik, eta deadarrez ots egin zion Jaunari: eta apaizak asi ziran tronpetak jotzen. (Biblia I, Uriarte)
  • Eta zen hurbil Iuduen bazkoa, eta igan zedin anhitz Ierusalemera komarka hartakorik bazko aitzinean, purifika litezenzat. (Iesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria, Leiçarraga)
  • Gerla-aitzinean, Espainiako haundi-maundiek Zarauz-rat udako jitea laket zuten. (Beribilez, Etchepare, J.)
  • Eta Judak begiraturik, ikhusi zuen gerla aitzinetik eta gibeletik heldu zitzaioela, eta Jaunari oihu egin zuen; eta aphezak hasi ziren turutez durrundaka. (Biblia Saindua I, Duvoisin)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aurrekotasuna eta osagarri adberbialak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3