Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:4:1

aspaldi, lehen

Aspaldi eta lehen deiktiko nahiz anaforiko izan daitezke. Hona hemen Txillardegiren bi adibide, lehena deiktikoa eta anaforikoa bigarrena, erakusleak erakusten du hori:

  • Aspaldi honetan Frantzian deserriraturik bizi den osaba zaharrari egindako bisitaldietan ez bada… bat ere ez. (Putzu, "Txillardegi")
  • Oinaze goibeletan itotako morrosko sendo haien aurpegi minduetan, aspaldi hartan ez bezala, goiztiri esperantzatsu baten irribarre gozo-eztia hozitzen bide zen, izuti. (Putzu, "Txillardegi")

Formari dagokionez, aspaldi eta aspaldian erabiltzen ditugu:

  • Aspaldi ikusi nuen film hori
  • Aspaldian ikusi nuen film hori
  • Aspaldi ezagutu zenuten
  • Aspaldian ezagutu zenuten

Bestetik, lehen eta lehenago ditugu. Esanahiari dagokionez ez datoz guztiz bat, nahiz batzuetan ez den desberdintasunik bien artean:

  • Lehen arazoak zituzten andreek etxetik kanpo lan egiteko.
  • Lehenago arazoak zituzten andreek etxetik kanpo lan egiteko.

Horietan deiktikoak dira. Baina hemen anaforikoa:

  • Lehen andrea zena orain gizon bihurtu da.

Ordea, hurrengo honetan ez dirudi lehenek lekurik daukanik:

  • Atzo film bat ikusi genuen baina lehenago (lehenik) hondartzan ibili ginen.

baino lehen(ago)

Konparazioak sortzen ditugu baino lehen(ago) gisako itzuliekin. Aipatzen duen erreferentzia denboraren harian kokatzen du. Aurretik beste zerbait behar du, adberbioa (atzo) edo izena (uda):

  • Atzo baino lehenago jakin genuen hori.
  • Uda baino lehenago amaitu behar da lan hori.

Anaforikoa nahiz deiktikoa izan daiteke. Anaforikoa hemen:

  • Heldu den urtea baino lehen joango gara agurtzera.

Deiktikoa holakoetan:

  • Bihar baino lehen konpondu behar litzateke hori.

Jakina, aurrekotasunaren neurriaz ari bagara, ez du lehen aldaerak lekurik, eta lehenago eskatzen du:

  • Heldu den uda baino lau aste lehenago entregatu behar da etxea.

Bestetik, asko eta anitz adberbio zenbatzaile zehaztugabeek –z eskatzen dute maiz, beharrezkoa ez bada ere:

  • Seiak baino askoz ere lehenago ikusi nuen.
  • Seiak baino anitzez lehenago ikusi nuen.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "aspaldi, lehen", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3