Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:4:2

aurtemein, aurrez/aurretik, aitzinean/aitzinetik

Sail honetan sartzen ditugu aurtemein (gaur egun gutxi erabilia: “orain dela/orduan zela gutxi”), aurrez eta aurretik, aitzinean eta atzinetik adberbioak:

  • Aurtemein arte, aurreragoko asteetan, lastategi zakarrean izan du lo. (Batetik bestera, Erkiaga, E.)
  • Gure eginkizuna horixe baita: aurtemein Korintoko agure zahar hark egiten zuen bezala, astoa norabaitera gidatzea, horra gure lantegia! (Arrieta, J. A.)
  • Baina jakin daiteke hori aurrez? (Jakintzaren arbola, Baroja, P. / Josu Zabaleta)
  • Lasterka doa interesatzen zaionaren aurretik; ez du bere asturua jakiten, igerri egiten du (Harreman arriskutsuak, Jon Muñoz Otaegi / Choderlos de L.)
  • Othoitzaren aitzinetik apain ezazu zure arima, eta ez izan Jainkoaren frogatzen dabilen gizona iduri. (Biblia Saindua II, Duvoisin)

Horien artean, aurretik eta aitzinetik adberbioek zenbatzaile modifikatzailea ere har dezakete:

  • hamar egun(ez) aurretik / aitzinetik.
  • Orduntxen asten zan, bada, jende gutxi ala asko etorriko ote zan jakiteko garaia: zenbait egunez aurretik ostatuan lekua eskatu zutenak, bein eta berriz etortzeko esanda bideratu ziran lagunak, urtero etorri oi ziran ezagunak, dantza zale guztitakoak eta kupel gorri barkilleroa. (Usauri, Anabitarte)
  • Denbora artan, billera ura baño zortzi egun aurretik, Aita Santu Honorio irugarrenak eman zuan bulda bat[…] (Asis-co loria, Beovide)
  • Zortzi egun aitzinetik, hitzeman zuen igande hartan mintzatuko zela sorginez. (Lehenagoko Eskualdunak zer ziren, Elizanburu, M.)
  • Jesus, bada, Bazko baiño sei egun aitzinetik ethorri izan zen Bethaniarat, non hill izan baitzen Lazaro, hark biztu izan zuena. (Jesu Kristoren ebanjelio saindua, Haraneder, J.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "aurtemein, aurrez/aurretik, aitzinean/aitzinetik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3