Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:4:3

orain dela, (orain) duela

Hizketan ari garen unetik atzera kontatzeko, orain dela eta (orain) duela erabiltzen ditugu. Aski arruntak dira itzuli horiek:

  • Orain dela hamahiru urte hil zen Marokoko gerrakoan. (Putzu, "Txillardegi")
  • Orain dela oso gutxi arte egon duk ba hortxe. (Putzu, "Txillardegi")
  • Nik diodan bakarra da haxix kontsumoaren kasu bakan nabariak daudela Europan ere, orain dela mende asko. (Bederatzaietatik bederatzietara, Leo Perutz / Anton Garikano)
  • Orain dela zenbat denbora? (Ispiluen gainean lotan, Jordi Sierra I Fabra / Jon Muñoz)
  • Politenea saldua izan zen orain duela hamabost urte Jose Igoari. (Luzaiden gaindi, Aintziburu, A. eta Etxarren, J. B.)
  • Orain duela berrogei bat urte[…] (De re publica edo politikaz, Xarriton, P.)
  • Otoitz egin izan dut duela hamar-hamabost urte arte, asetzeraino, okaztatua ondarrean. (Azken apeza, Aintziart, P.)
  • duela anitz urte idatziak eta ene entzuleei eta beste askori hitzemanak nizkienak. (Enkiridion, Azpilkueta, M. / Xarriton, P.)

Piarres Xarriton

Ikusten denez, aurretik zenbatzaile zehaztuak nahiz zehaztugabeak eraman ditzakete, izenordain zenbatzailea bakarrik ere ageri da batzuetan, izenik gabe (orain dela gutxi arte):

Esapide horiek arruntean aditzarekin doaz (orain dela hamar egun itzuli zen), baina izenlagun gisa ere, izen batekin (orain dela hamar eguneko kontua da hori). Beste zenbaitetan postposizioa hartzen du itzuli horrek: orain dela bi astetik hona eri da.

Ohart gaitezen komunztadura singularrean egiten dela:

  • Orain duela bost egun (*Orain dituela bost egun).

Hori da arruntena, nahiz Jean Etxeparek baduen adibideren bat pluraleko komunztadurarekin egina:

  • Gauzak, bederazka hartuz edo batek bertzeari datxikitela, dituela berrogoi ta hamar mende bezala diraute. (Buruchkak, Etchepare, J.)

Baina hori aski erabilera markatua da. Baina hitzen ordena aldatuz gero, errazago ikusten da plurala, nahiz orduan esapide hori hautsia bezala ageri den:

  • Orain dela bost aste eritu zen vs orain bost aste direla eritu zen.

Edo, besterik gabe, aditza kenduz:

  • Orain bost aste eritu zen.
  • Igandean zortzi joan zen.
  • Bihar zortzi dugu afaria.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "orain dela, (orain) duela", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3