Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:6

Kokapen zehaztugabea eta kokapen orokorra

Esapide batzuek kokapen zehaztugabea adierazten dute; beste batzuek, berriz, kokapen orokorra. Horiek aztertuko ditugu atal honetan.

Denbora adierazteko beste esapide batzuk
Kokapen zehaztugabea Kokapen orokorra
egun batean, egunen batean, halako batean, arratsalde batez, goiz batean…
beste batean, beste batez, beste batzuetan, besteetan…
noiznahi, noizbait, inoiz…
larunbatean, goizean, gauez
igandearekin…

Kokapen zehaztugabea dute denbora izen bat (huts-hutsik edo genitiboan) + batean (edo batez) egitura duten esamolde batzuek: egun batean, egunen batean, halako batean, arratsalde batez, goiz batean… gisakoek. Halaber, beste batean, beste batez, beste batzuetan, besteetan, eta abarrek ere:

  • Egunen batean mutilen bat edo lagunen bat izango duzu eta gauza politak esan nahiko dizkiozu. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)
  • Eta damutu ere nintzen, halako batean, itsasoratu izanaz. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Baina goiz batean, ezinbestez, gerra lehertu zen. (Parisen sabela, Emile Zola / Karlos Zabala)
  • Beste batzuetan, dutxako ur zurrusta ere oso egokia izaten da (Sexua noiznahi, Elberdin, L.)

Sail berekoak dira, zehaztugabeak, noiznahi, noizbait eta inoiz (baldintzetan, galdera perpausetan eta baiezkoetan inoiz hori):

  • Ez dugu eredu hori nonahi eta noiznahi nahitaez erabili behar. (Euskararen sendabelarrak, Zuazo, K.)
  • Baina ez dakit Rakel segitzera noizbait ohituko ote naizen. (Jeans-ak hozkailuan, Zubizarreta, P.)
  • Inoiz behartzen bazen lagunduko ziola agindu zion, eta Maastrichten bizi zen, hain zuzen. (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)

Herria astekaria

Aldiz, kokapen orokorra adierazten dute larunbatean, goizean, gauez, eta holakoek.

  • Juan den larunbatean, Andredena Pilarekoa eta abenda (arraza) ren eguna, bi aldetarik jai ginuen.

Euzko langileak larunbatean bildu ziren Alfaro jaunaren mintzaldi bat entzuteko. (Nafarroatik, "Larreko")

Soziatiboa ere arrunta da holakoetan:

  • Aurten, plazer handirekin ditugu PANTXOA ta PEIO entzunen, Hazparneko Mendeala gelan, urriaren 12an, igandearekin, atsaldeko 4etan. (Baiona, Herrietako kronikak: Lapurdi, Herria)
  • Izraeldarrek gizon bat larunbatarekin egurketa zabilala hatzeman zuten eta Moisi eraman. (Igandea edo Jaunaren eguna, Arbelbide, J. P.)
  • Illek ogei ta amar astelenarekin, txerria ilko degu guk egun orrekin; pakean afaltzean tripuliñarekin, Brindo! egiñen dugu pattar goxoakin. (Kontu eta bersoak, Astiz, A.)

Euskaltzaindiak honetaz

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kokapen zehaztugabea eta kokapen orokorra", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3