Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:7:2

Amaierako muga seinalatzeko

Gertakari edo ekintza baten amaierako muga seinalatzeko erabiltzen ditugun moldeak ikusiko ditugu hemen: arte (artean, arteraino), beranduraino, gaurdaino, egundaino

arte

Sail honetako esapide gehienak arte (edo artio) postposizioarekin eratzen ditugu: bihar arte, gero arte, atzo arte, etzi arte, iaz arte, ordu arte (edo ordura arte), sarri artio, eta abar. Zalantzak izan daitezke aurretik izena baldin badu, mugatzailea jarri edo ez: igande arte edo igandea arte1 (eta gauza bera beste edozein izenekin, jakina). Denetatik aurkitzen da idazleen artean:

  • Harrera ekintzan zeuden kazetariek galdetu zioten Valladolideko bere egoitzara laster itzuliko al ziren, edota igande arte geldituko ote zen Donostian[…] (Gerezi denbora, Mujika Iraola, I.)
  • Kanpoan dago, ez da astelehen arte itzuliko. (Neguko zirkua, Cano, H.)
  • […]ez omen zaio ostiral arte berriz etorriko. (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)
  • Zenbait egunetan hemen geratuko naiz, igandea arte. (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / Zubizarreta, P.)
  • Segur aski ez naiz astelehena arte itzuliko. (Fidel izan beharraz, Oscar Wilde / Antton Olano)
  • Igandetik ostirala arte, ametsetan bezala ibili zen Taibele. (Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan, Jimenez, E.)

Neguko zirkua

Maizago ageri da, hala ere, artikuluarekin. Jakina, sintagma konplexuagoak edo erlatibozko perpausak baldin badira tartean ez da dudarik eta sintagma singularrean doa:

  • Gauerditik goizaldeko bostak arte iraun zuen lan gaitza izan zen hura. (On Camillo, Giovanni Guareschi / Koldo Biguri)
  • Gainera zazpiak arte ez daukat katamaranik! (Urregilearen orduak, Aristi, P.)

Edo artean ere erabiltzen dugu:

Horrekin batera arteraino ere arrunta da:

  • Eta koleratu zen orduan osaba, mudatu zen kolorez haren begitartea, odola masailetan bor-bor jarri arteraino. (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)
  • Bada, ziplo desagertzen dela ordu arteraino ezin gauza ageriagoa izan dena. (Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz)

beranduraino

Beranduraino bezalakoek ere badute tokia hemen:

  • Beranduraiño penitentziarik egiten eztuenak, zahartzeraiño Iainkoagana itzultzen eztenak, peril du hoberenaz ere, purgatorioetan luzaro egon beharko duen, hara gabe eskapatuko ezten, lehenbiziko urthean zamarrik edo arropa forraturik beharko eztuen. (Guero, "Axular")
  • Beste zenbaitek berandu erdisten dituzte izaten dituzten humeak eta orietatik batzuek onak dirala uzten ditu Jangoikoak beranduraño humerik bage beren onagatik edo noizbait gero izaten dituzten humeen onerako, eta bitartean ezkondu berak obetu ta obeki azi ditzaten izaten dituzten humeak. (Festegunetarako irakurraldiak, Mendiburu, S.)

gaurdaino, egundaino

Sail horretakoak dira gaurdaino, egundaino (honek 'gaur artio' edo 'inoiz ere ez' adierazten du, nolakoa den testuingurua) edo orduraino ere:

  • Gaurdaino argi ez bazegoen, esan dezadan entenditzeko moduan: umetan ikasi nuen huraxe da barrengo koskorretik aho-mihietara datorkidan mintzoa. (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo, Iñaki Segurola)
  • Deit nezak haur bat ukanen duzuenean, zuen ezkontzak orduraino irauten baldin badu. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
  • Hemeretzigarren mendeko Eskualduna-tik egundaino, Iparraldeko kazetaritza irakurleentzat egina izan da;[…] (Bihotzeko mina, Dirassar)

Azken adibide horretan egundaino baiezko perpausean ageri da, baina hiztunek eta idazleek gehienetan ezezkoetan erabiltzen dute:

  • Ezjakintasunez, ez naiz baliatzen abantail horietaz, baina momentuan, edo orai artio segurik, ez naiz egundaino holakoen ikusten ibili. (Ez da musik, Oxandabaratz)
  • Ez naiz egundaino ekintza gizon izan. (Azken apeza, Aintziart, P.)

Holakoetan bi adierak ditu: 'gaur arte / gaur artio' edo 'inoiz ere ez'. Baina funtsean, gauza bera da, testuinguru horretan biek esanahi bera dute. Hori gertatzen da ezezkoetan.

1 Euskaltzaindiaren Hiztegian adibide hau ageri da arte sarreran: astelehena arte ez da itzuliko. Ikus Euskaltzaindiak honetaz eta Gaian askonduz atalak

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Amaierako muga seinalatzeko", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3