Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:7:3

Hasiera eta amaiera uneak seinalatzeko

Esapide batzuek bi uneak hartzen dituzte kontuan, ekintza edo gertakari baten hasiera eta amaiera:

  • Bostetatik seiak arte egon da hemen, baina gero ez dugu ikusi.
  • Neguan arratsaldeko lauetatik seiak arte jotzen zuten Plaza Berriko txistulariek. (Donostia, Anabitarte)
  • […]eguerdiko nahiz gauerdiko hamaiketatik hamabitara bitartean, astelehenez edo larunbatez, ernaldu behar zela xakur-emea[…] (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)
  • Hala eta guztiz, gau hartan ilberri zen eta ia zeharo ilundu zuen hamaiketatik ordu biak arte. (Mikel Strogoff, Jules Verne / Zabala, K.)

Julio Verne Bi puntu horiek adierazteko esamolde bat baino gehiago erabiltzen dugu: ablatibo (-tik) eta adlatiboa (-ra) edo ablatiboa eta –ra arte (artio). Ohart gaitezen ablatiboa bakarrik erabil daitekeela abiapuntua markatzeko (Hamaiketatik dabiltza hondartzan) edo maiztasun mota bat adierazteko (ordu erditik pasatzen da autobusa), baina adlatiboak beti behar du arte amaiera markatzeko, non ez den, hain zuzen ere, orain aipatzen ari garen kasua, hots, hasiera eta amaiera markatzen duen esamoldea:

  • Hamaiketatik hamabietara iraun du partidak.
  • Santa Brijidaren erreglak daukatzi siñalatuak iru ordu biotzeko oraziorako; bi ordu jarraitukoak goizean lau ta erdietatik seita erdietara, eta arratsaldean bostetatik seietara, eta gañera geratzen bazitzaion astirik, jarduten zan Jaikozko gauzetan pensatzen. (Ama santuaren vicitza, Cardaberaz)

Hola, Hamaiketatik dabiltza pasaietan edo Hamaiketatik hamabietara ibili dira pasaietan. Baina ez *Hamabietara ibili dira pasaietan.

Beste esamolde bat ere bada: Hamaikak eta hamabiak artean/bitartean ibili dira pasaietan.

  • Gau-erditarik sei orenak artean Buztintzetik Oilarburura joaiteko astia izan baitzuen sorginak oilo eta oilarraren ebastera, goizeko sei orenetan itzuli zelarik Pelo Oilarburura, ez oilarrik, ez oilorik, ez zen han. (Supazter xokoan, Barbier)
  • Hamabiak eta ordu biak artean eta seiak eta zortziak artean etor zintezke bisita egitera. (Zortzi kontakizun, Isaac B. Singer / Navarro, K.)

Holakoetan iraupenezko predikatuak ditugu, baina unekoa denean kokapen inklusiboa seinalatzen dugu: Hamaikak eta hamabiak bitartean amaituko dute paseoa:

  • Seiak eta zazpiak bitartean gertatu ohi zela esango nuke. (Gorde nazazu lurpean, Saizarbitoria, R.)
  • Forenseak dioenez, seiak eta zazpiak bitartean gerta zitekeen hilketa. (Ordaina zor nizun, Joxemari Urteaga)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Hasiera eta amaiera uneak seinalatzeko", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3