Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:7:3:7:4

Adierazpen kuantitatiboa

Denboran zehar luzatzen den ekintza bat adierazteko erabiltzen ditugun esapideak jasoko ditugu atal honetan, hau da, adiera kuantitatiboa dutenak:

  • beti, luzaro, labur…
  • anitz egunetan, urteetan zehar…
  • gauean, goizean, bitartean…
  • urteetan zehar, urteak zehar…
  • hamar egunen buruan
  • hamar egun barne

beti, luzaro, labur...

Beti, luzaro, labur, luze (denborari dagokienetan)… adberbioek adierazpen kuantitatiboa dute:

  • Iruñean bizi da: Luze egon ziren han. (Hiltzaile baten aitormena, Joseph Roth / Matias Mugica)
  • Labur mintzatuko naiz –esan nuen, eki nionean-. (Euskal karma, Jon Alonso)
  • Baina zuk beti pentsatu duzu zure alaba zorigabeko dontsu bat dela. (Zorion perfektua, Lertxundi, A.)

Jakina, luze, labur eta holakoak adjektibo ere izan daitezke denbora adierazten duten esapideetan:

  • Oso bakanetan, bidean ezagututakoren baten gonbiteaz fidaturik, haren etxean hartzen zuten ostatu denbora labur batez. (Azkenaz beste, Lertxundi, A.)
  • Egunak badoaz, denbora luze da tupinakoa heldu ez delarik bereziki gazteek gosea ikusten dute. (Alemaniara deportatua, Gregoire Joannateguy / Marzel Etxehandi)

anitz egunetan, urteetan zehar...

Deustuko unibertsitatea

Sail berekoak dira anitz egunetan ez genuen haren berri izan edo urte askotan ez dugu agurtu bezalako esaldiak. Aski erabiliak dira:

  • Zoko horretantxe egon zuan urte askotan Escala kafea, Motako Gazteluko soldaduek hain maiz bisitatua. (Putzu, "Txillardegi")
  • Horrexegatik aguantatu nuen haren aurrean arratsalde osoan, gose nintzelako, nahiz eta horren truke haren istorio aspergarriak ere irentsi behar izan. (Larunbatak, Arretxe, J.)
  • Ederki oroitzen naiz, gaueko txanda dudanean amorratua egoten naizelako egun osoan, eta asteburukoa dudalarik, berriz, aste osoan. (Rock'n'roll, Epaltza A.)
  • Deustutik atera dira, urteetan zehar, politika eta ekonomia munduetan itzal handia izan duten hiritarrak. (Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur, Juan Ignacio Pérez / Salaburu, P.)

gauean, goizean, bitartean...

Goizean, gauean, bitartean… Hona hemen adierazpen kuantitaboa (iraupena) islatzen duten beste esapide batzuk:

  • Goizean hondartzan eman ditu orduak.
  • Atzo gauean ametsetan egon dira. (XX. mendearen argi-itzalak, Salaburu, P.)
  • Hamaika urtez izan zuten etxean, ohetik atera gabe.
  • Aste batzuez egon nintzen Alemanian lanean.
  • Anitz urtez, erraten dugu guk urte betetzean zoriontzeko.
  • Hiru ordu eman zituen errabinoak zain, baina Simcha David ez zen itzuli. (Zortzi kontakizun, Isaac B. Singer / Navarro, K.)
  • Haren egonaldiak lau urte iraun zuen, 1848tik 1852era. (Loroaren teorema, Denis Guedj / Jon Muñoz)
  • Baina 1967 hartan, negu ustel eta umela izan genuen; eta eurite aspergarriak bospasei astez iraun zuenez, lohia genuen edonon:[…] (Labartzari agur, "Txillardegi")
  • Urtebetez alde egin nahi duzu zure inguru maite itogarritik. (Eta emakumeari sugeak esan zion, Oñederra, L.)
  • Sei hilabete baizik ez zuen iraun psikoanalisiak eta funtsean garai hartako oroitzapen gutirekin nabil gaur. (Azken apeza, Aintziart, P.)
  • Hilabete osoa iraun zuen. (Idi orgaren karranka, Victor Hugo / Izagirre, K.)
  • Hilabete iraun zuen Noto haizeak, jo eta jo, eta Euro haizeak laguntzen zion, ez beste inork. (Ulises, Igerabide, J. K.)
  • Batailak hilabete bat iraun zuen 1434ko uztailaren 10etik abuztuaren 9a arte. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
  • Eskumuturra bi astetan bendatua izan zuen. (Odolean neraman, Irigoien, J. M.)
  • Bost urteko ikasketak lau urtetan bildu dira. (Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur, Juan Ignacio Perez / Salaburu, P.)
  • Bestea ere hurbildurik zen, bitartean, eta Niniren ondoan jarria zen:[…] (Gauza baten ametsa, Pier Paolo Pasolini / Josu Zabaleta)
  • Bien bitartean, andregaia eztei gelara joan zen eta bere harridurak goia jo zuen bertan Hasan ikustean. (Mila gau eta bat gehiago, Anonimoa / Zubizarreta, P.)
  • Artean, ostera, hutsaren aurrekoa zen nik Martinen legeaz eta habeaz nekiena. (Sukar ustelaren urtea, Jimenez, E.)
  • Xutitzen naiz, anartean doi bat gogortua nintzelarik. (Santiago oinez, Aintziart, P.)
  • Bazkalorduan ez nien bisita hartaz deus ere aipatu lankideei. (Agur, Euzkadi, Zabala, J. L.)
  • Gehexani beha egon zitzaion bazkari denboran. (Hautsi da katea, Elena Touyarou / Martinez de Lezea, T.)
  • Gure gazte denboran xaxariak bazuen oholaren gisako taula peza bat larruz beztitua, xilo batzuekin. (Luzaiden gaindi, Aintziburu, A. / Etxarren, J. B.)

urteetan zehar, urteak zehar

Eraztunen Jauna Aski arruntak dira esapide hauek. Egitura erabiliena [IS + n + zehar] da. Batzuetan mugagabean ere bai:

  • Prozesua zehazteke dagoen arren, gai honetan zientziak urrats handiak egin ditu urteetan zehar. (XX. mendearen argi-itzalak, Salaburu, P.)
  • Ustekabean, egun batean (asteetan zehar bere abenturei gogoetarik eskaini ahal izateko lanpetuegi ibili baitzen), Galadrielen dohainaz gogoratu zen. (Eraztunen Jauna, Tolkien J.R.R. / Agustin Otsoa)
  • Hilabeteetan zehar jokatu baino ez du egiten, amorruz, esna zein ametsetan, bere bi nietako bakoitzak bestea menderatzeko irrikaz. (Errua eta maitasuna, Zapiain, M.)
  • Lasarteko bertso-eskolara joan nintzen duela zortzi urte, pare bat hilabetetan zehar eskolak ematera. (Hogeita bina, Egaña, A.)

Gutxiagotan erabiltzen da inesibo marka gabe:

  • Ber denboran urteak zehar Xapeldun Lehiaketa hortan nagusitu direneri emanen zaiote orroitzapen zerbait, berdin joko hori estreinatu zuten buruzagieri. (Sara, P. D, Herrietako kronikak: Lapurdi, Herria)
  • Urteak zehar jarraitu ohi dute maiz. (Artikuluak, Mirande)

hamar egunen buruan

Izen sintagmari genitiboaren postposizioa erantsirik egiten ditugu esapide hauek:

  • Itsasontzia arribatu da eta hiru egunen buruan itsasoratuko da Banuserantz! (Mila gau eta bat gehiago, Anonimoa / Zubizarreta, P.)
  • Zazpi egunen buruan uholdea hasi zen. (Agindutako lurraren bila I, Mujika, J. A.)

Barruan ere erabiltzen da:

  • Eztei-oturuntzako zazpi egunen barruan ematen badidazue erantzuna, hogeita hamar soingaineko eta hogeita hamar atorra emango dizkizuet nik. (Agindutako lurraren bila II, Mujika, J. A.)

Genitibo postposizio hori aukerakoa da, zernahi gisaz, barru-rekin:

  • Bost egun barru kunplituko du Iztuetak hemengo zigorra eta libre irtengo da hemendik. (Konpainia noblean, Lertxundi, A.)

Edo barne:

  • Hamabortz egun barne ilea pikatua ez zutenak ederki pildatzen zituzten. (Anbroxio, Bidegain, E.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adierazpen kuantitatiboa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3