Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8

Baldintza perpausak

‘Baldintza perpaus’ deituraren azpian egitura-multzo zabala bildu ohi da, eta eredu modura BA- aurrizki menderatzailearekin osatzen direnak eman ohi dira: Euria egiten badu, kaleak busti egiten dira; Bihar eguraldi ona egingo balu, hondartzara joango nintzateke… Baina badira bestelako egiturak ere, -tuz gero, esaterako, perpaus jokatugabeetan: Gogor saiatuz gero, emaitza onak lortuko dituzu. Perpaus nagusiko ekintza gerta dadin bidea ematen duen ekintza edo egoera adierazten da mendeko perpausean, azpimarratutakoan, eta ‘baldintza’ horretatik (‘euria egitea’; ‘eguraldi ona izatea’; ‘gogor saiatzea’) abiatuta betetzen da perpaus nagusian esaten dena. Alde horretatik, elkartzen diren bi perpausen arteko nolabaiteko kausalitatea sumatzen da.

Literatura klasikoan baldintza perpaus askotarikoak aurkituko ditugu:Euria egiten badu, kaleak busti egiten dira

  • Herrian dagoen osalaria zahartu da, eta lan gutxi egiten du; eta gure semea orain etorriko balitz, arrunt eramango luke dena. (Maitasunak, Barriola)
  • Etorriko balitz fediaren kontrako persekuzinoe bat emon biarko genduke bizitzia, ta galdu onra, ta ondasun guztiak fedeko artikuluren bat ukatu baño leenago? Baietz dinozu. (Confesio ona, Moguel, J. A.)

Horrez gain, hipotesiak adierazteko hizkuntzak erabiltzen duen baliabide nagusia ere badira baldintzazko perpausak: Nirekin ezkonduko bazina…; Petrolioa amaituko balitz…; Alkate izendatzen banaute…/ Baina baldintzazko perpausa deituraren azpian mota oso desberdineko egiturak bildu ohi dira, eta atala aurrera doan eran, ikusiko dugu ñabardura asko adieraz daitezkeela, eta heterogeneotasun handia dagoela.

Baldintza perpausen atal nagusiak

Terminologiari dagokionez, EGLU VI liburukian esaten da baldintzadun perpausek bi atal izan ohi dituztela: baldintzazko perpausa esango diogu lehenengo atalari, mendeko perpausari, eta ondore perpausa bigarrenari, perpaus nagusiari; protasi eta apodosi ere esaten zaie.

Baldintzadun perpausak
Baldintzazko perpausa Ondore perpausa
Garaiz etorri banintz,nik ere agurtuko nuen / nukeen
Benetan ahaleginduz gero,emaitza onak lortuko dituzu
  • Apodosi: Baldintza perpausetan, mendeko proposizioaren (protasiaren) ondoren dagoen proposizio nagusia da. Baldintzan edo protasian adierazitakoaren ondorioa edo emaitza adierazten du.
    • Eguraldi ona egiten badu, [mendira joango gara].
  • Protasi: Baldintza perpausetan, proposizio nagusiaren (apodosiaren) menpe dagoen proposizioa da, eskuarki haren aurrean joan ohi dena. Protasian eman ohi da baldintzaren suposizioa edo hipotesia eta ba- partikula eraman ohi du.
    • [Eguraldi ona egiten badu], mendira joango gara.

Baldintza perpausak, mendeko perpaus

Mendeko perpausen artean hiru mota bereiz ditzakegu, duten egitura kontuan harturik:

  • Batzuk arruntean paper thematikoak ageri diren tokian ikusiko ditugu, aditzak ezinbestean eskatzen ditu: Mirenek esan du [ez duela sinesten].
  • Beste batzuetan zirkunstantzialak dira, adjunktuen tokian ageri dira: [Miren etorri denean] hasi gara. Aurreko perpaus osagarria ez bezala, azkenekoa aukerakoa da eta ez du lotura zuzenik aditzarekin.
  • Hirugarren sailean ditugu baldintzazkoak. Baldintzazko perpausak unitate konplexuak dira, alegiazko mundu batera eramaten gaituzte, eta bi zati dituzte, elkarren artean lotuak. Perpaus “atalbikoak” ere esan izan zaie inoiz: [Hori jakin izan bagenu] askoz ere lehenago etorriko ginen. Alegiazko mundu batera eramaten gaituztela diogu, bai baitakigu hor aditzera eman den baldintza ez dela bete (hori ez genekien, hori da errealitatea).

Lehenbiziko atalak, protasi ere deitzen denak, bigarren atala (apodosia) ulertzeko atea irekitzen digu. Bigarren atala (hurrenkera alda daiteke, jakina: Hori jakin izan bagenu askoz ere lehenago etorriko ginen) beregaina da, eta lehenbizikoa mendekoa: Ba- aurrizkia da menderagailua. Bi zatien artean ezinbesteko inplikazioa gertatzen da.

Gauza bera gertatzen da, adibide klasiko hauetan:

  • […]baldin hala egin izan balu, jendea jelostuko zen, noski, alargun andre gazteaz,[…] (Narrazioak, Mirande)
  • Gogo aña kemen izan balu, laster elduko zan lagunakana: baño lengo kemenik etzuan errukarriak, eta elur marduletan drist eta draust, or txirrist eta emen larrapast, bisutsetan ia itxuturik, zurrunbilloan arnasarik artu ezinda, laster unatu zuan nekeak,[…] (Garoa, Aguirre, D.)

Baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren arteko inplikazio hori indartzeko, batzuetan bi perpausen artean, orduan, ba, beti edo antzeko lokailuak jar daitezke, bereziki ahoz ari garenean:

  • Ekaitz arriskua badago, orduan ez gara mendira joango.
  • Bakarrik geratzen bazara, beti etor zaitezke guregana
  • (ba) deitzen ez badidazu, (ba) ez dizut inoiz barkatuko…
  • 'Tira, ba, tradizionalista bazara orduan Alderdi Tradizionalistakoa izango zara!' (Kolosala izango da, Sarrionandia, J.)
  • Zeren etxea, eta umeak nolanai utzirik, denbora luzeak igarotzen baditu Elizan […] orduan ez da au jaiera edo debozioa, baizik alperkeria. (Eracusaldiac II, Aguirre, J. B.)

Glosategia

  • Apodosi: Baldintza perpausetan, mendeko proposizioaren (protasiaren) ondoren dagoen proposizio nagusia da. Baldintzan edo protasian adierazitakoaren ondorioa edo emaitza adierazten du.
    • Eguraldi ona egiten badu, mendira joango gara.
  • Protasi: Baldintza perpausetan, proposizio nagusiaren (apodosiaren) menpe dagoen proposizioa da, eskuarki haren aurrean joan ohi dena. Protasian eman ohi da baldintzaren suposizioa edo hipotesia eta ba- partikula eraman ohi du.
    • Eguraldi ona egiten badu, mendira joango gara.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baldintza perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3