Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:1

Baldintza perpausak zer diren

Baldintzadun perpausen barnean oso egitura ezberdinak bildu ohi dira, adibideetan ikusten denez, eta heterogeneotasuna handia da. Ohartzen gara 'baldintza' hitza erabiltzen dugula perpaus mota bat mugatzeko. Baina baldintzaren kontzeptu hori, ororen gainetik logikakoa eta filosofiakoa dena, ez da alor horietan ere definitzen errazenetarikoa.

Baldintza perpausen ezaugarriak

Nolanahi ere, baldintzadun perpausen izaera eta ezaugarriak hobeto mugatzeko, badira zenbait kontzeptu eta nozio kontuan izan beharrekoak.

  • Lehenik, kausa-ondorio erlazioa dago. Mendeko beste perpaus-mota batzuetan ere (kausazkoak, helburuzkoak) badu garrantzia erlazio horrek, eta baldintzazkoen kasuan erlazio horrek agertzen dituen ezaugarrietara jo izan da sarritan perpaus-mota hau definitzeko.
  • Bigarren, hipotesiaren kontzeptua: baldintzazkoak dira hizkuntzan hipotesiak egiteko bide nagusia, eta adierazten duten hipotesi-motaren arabera sailkatu ohi dira baldintzazko perpausak.
  • Horien alboan, aldiberekotasunaren kontzeptua ere kontuan izan behar da, batzuetan baldintzazkoen eta denborazkoen eremuak hurbil izaten baitira.
  • Eta azkenik, arreta berezia jarri behar zaie baldintzadun perpausetan aurkitzen diren semantika/pragmatika jokoei, hizkuntzan aurkitzen diren baldintzadun perpausek era askotako erlazioak eta nozioak adierazten baitituzte.

Bi baldintza mota

Batzuetan, baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren arteko erlazioetatik abiatuta, bi motatako baldintzaz hitz egiten da:

  • kausa-ondorioaren baldintza
  • azalpen baldintza

Kausa-ondorio baldintzetan, baldintzazko perpausaren edukiak, kausa hipotetiko gisa, ondore perpausean esaten dena bideratzen du. Hori gertatzen da, adibidez, ‘Euria egiten badu errekak hazi egiten dira’ esaten denean; lehendabizi ‘euria egiten du’, eta ondorio modura ‘errekak haztea’ datorkigu. Aditzen aldiak besterik adierazten ez badute, interpretatzen da baldintzazko perpausean adierazia lehenago gertatzen dela ondore perpausekoa baino. Horrelakoei edukiaren baldintza edo kausa-ondorio baldintza ere esan izan zaie.

Baina azalpen baldintzetan gauzak ez dira horrela: ‘Errekak hazi badira, euria egingo zuen’ ere esan dezakegu, eta hor, baldintzazko perpausaren edukia ez da ondore perpausaren kausa, baizik eta ondore perpausean egiten den baieztapena arrazoitzeko, edo ondore perpausa adierazteko abiapuntu bezala hartzen da. ‘Euria egingo zuela’ adierazten dut, edo ondorio hori ateratzen dut, ohartzen bainaiz edo esan baitidate ‘errekak hazi direla’. Protasitik abiatuta, arrazoitze, inferentzia edo ondorioztatze ariketa bat egiten du esaleak (isilean inferentziak bideratzen dituen predikatu abstraktu bat egon daitekeela ere proposatu izan da, adibidez, ‘pentsa daiteke’, edo ‘esan daiteke’ moduko bat), eta askotan ondore perpausean adierazten dena lehenago dator denboran baldintzazko perpausean esaten dena baino, denbora korrelazioa askeagoa baita. Hurrengo lerroetan aztertuko ditugu baldintzadun perpausen izaera hobeto ezagutzeko eta mugatzeko aipatu izan diren nozioak.

Baldintza balioa duten beste egitura batzuk

Beste zenbait egituraren bidez ere lor daitezke baldintzadun perpausen pareko balioak, baina guk ez ditugu hemen aztertuko, ez baldintzazkoen barnean sartuko. Juntaduraren (bereziki aditzaren elipsia dagoenean) eta alborakuntzaren bidez eraikitzen diren irakurketa batzuk ere baldintzadun perpausetakoen parekoak izan daitezke:

  • Bizkorregi gidatu, eta laster izango duzu istripuren bat.
  • Lasaitasuna behar duzu? Etor zaitez Karrantzako aterpetxera.

Pareko esanahia lortuko genuke horien ordez baldintzadun perpausak erabiliko bagenitu:

  • Bizkorregi gidatzen baduzu…
  • Lasaitasuna behar baduzu…

Eta gauza bera gerta daiteke zenbait postposiziorekin:

  • Zure laguntzarekin, liga irabaziko dugu.
  • Zure laguntzarik gabe, ez dugu lana aurrera aterako.

Aditz izenari zenbait postposizio erantsiz ere bai:

  • Barkamena eskatzearekin gauza asko konponduko zenituzke.

Horiek ere baldintzadun perpausen pareko irakurketak izan ditzakete baina egitura hauek ez ditugu hemen aztertuko1:

  • Zure laguntza badugu…
  • Zure laguntzarik ez badugu…
  • Barkamena eskatzen baduzu…
1 Eguneroko solasean, era batera edo bestera baldintzazko adiera eman dezaketen elementuen eta moldeen zerrenda luzea da. Adibidez, bestela aditzondoak (Gehiago saiatu behar duzu. Bestela ez duzu emaitza onik lortuko), aurretik dagoena anaforikoki biltzen du, eta polaritatea aldatuz ondorengo enuntziatuaren abiapuntu modura aurkezten du, baldintzazkoen oso antzeko adierak lortuz: Gehiago saiatzen ez bazara, ez duzu emaitza onik lortuko. Edo zeharo desberdina izanik, neurri batean baldintzazko adiera lor daiteke, baita ere, mintzagai modura aurkezten diren zenbait adizlagunekin: Zure egoeran, ez nioke deituko; hor uler daiteke ‘zure egoeran banengo…’. Horrelakoak ez ditugu hemen aztertuko.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baldintza perpausak zer diren", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3