Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:1:0

Ezaugarri nagusiak

Lehenago aipatu dugunez, lau dira baldintza-perpausak hobeto mugatzeko kontuan hartu beharreko kontzeptuak eta nozioak. Horiek aztertuko ditugu hemen, banan-banan:

Horrekin batera, baldintza perpausen beste zenbait ezaugarri ere jasoko ditugu segidan.

Baldintza perpausen forma

Formari dagokionez, bi ezaugarri ditugu kontuan hartzekoak, baldintza aztertzean:PERPAUS BATZUK LAGUNTZA ESKE IBILTZEN DIRA

  • a) menderagailuaren forma zein den, batetik: (baldin) ba- ageriko da perpausean.
  • b) adizkiaren forma zein den, bai mendeko perpausean bertan, bai perpaus nagusian.

Baldintzazko egitura bikoitza izan ohi da:

  • Alde batetik, baldintza ezartzen duen perpausa. Honi protasia 1 edo baldintza deitzen zaio.
  • Bestetik, baldintza hori betez gero, gertatzen den ondorioa adierazten duen perpausa. Honi apodosia 2 edo ondorioa deitzen diogu.

Eskema honetan ikus dezakegu hori modu argiago batean:

Baldintza egitura
BALDINTZA ONDORIOA
(protasia) (apodosia)
astia banu lagunduko nizuke
deituko banizu erantzungo zenidake?

ETXEA SALDU NAHIKO DUTE? (ERRATZURIZ BASERRIA, ARIZKUNEN)Hori da perpaus hauek hartzen duten taxu nagusia. Hala ere, batzuetan ondorioa isilean edo geldi daiteke. Eta, jakina, beste baztuetan, baldintza gelditzen da isilik, ondoko adibideetan ikusten den gisan:

  • Ai, ergelagoa banintz!
  • Aspaldi ezagutuko banindu bezala hitz egiten zidan. (= aspaldi ezagutuko banindu hitz egingo lidakeen bezala hitz egiten zidan.)
  • Etxea pozik salduko nuke. (Etxea pozik salduko nuke, eroslerik banu)

Bi ba-

Baldintza perpausen ezaugarri formal nagusia ba- aurrizkia da. Baiezko perpausetan ere erabiltzen da ba- aurrizkia, aditz trinkoekin bereziki, baina bi morfema horiek itxura bera izan arren, bereizi egin behar dira, ez baitira berdinak. Hona hemen bien ezaugarri batzuk:

  • ba- baldintzazkoa denean:
    • Menderagailua da
    • Ezin ager daiteke adizkera jokatutik bereiz
    • Ezezko perpausetan erabil daiteke
    • Libreki lotu dakieke aditz laguntzaileei
  • ba- baiezkoa:
    • Ez da menderagailua
    • Aditz jokatutik bereiz ager daiteke
    • Ezin da ezezko perpausetan erabili
    • Oso egitura markatuetan baino ezin dakieke lotu aditz laguntzaileei

ba- baiezko partikula izan daiteke, perpaus lokabeetan maiz erabiltzen dena, baiezko adierazpenak egiteko, adizkia trinkoa denean. Baina menderagailu ere izan daiteke, nahi izanez gero baldin lokailuaz lagundurik. Perpaus jokatuetan agertzen den aurrizki bat da. Perpaus osoa besarkatzen du eta adizki jokatuari itsasten zaio: adizki trinkoa bada, adizki trinkoari, eta adizki perifrastikoa bada, adizki laguntzaileari. Perpaus hau batez ere baldintza adierazteko erabiltzen dugu, baina baita baldintzan oinarritzen diren beste perpaus batzuetan ere, kontzesiozkoetan bereziki. Bestalde, ba- itsatsirik daramaten adizki jokatuak maiz bereziak izaten dira, baldintzetan bakarrik ageri direnak (etorri balitz, etor baledi…), baina adizki arruntak ere erabiltzen ahal dira (etorri bada, egin badezakezu…). Bi esamolde horiek, ordea, adiera desberdina izan ohi dute. Denak dira baldintzazko, baina bakoitzak bere esanahi propioa du, hemen berean azaltzen den gisan.

(baldin)... ba-, baldintzaren marka

Baldintza perpausek, gainerako perpaus txertatuek bezala, badute menderagailu propioa, subordinazio marka berezia, alegia: ba-. Menderagailu hori aurrizki bat da eta aditz jokatuari itsasten zaio. Indargarri gisa edo, baldin morfema aurrean duela ere ager daiteke. Hortaz (baldin) ba- izango genuke baldintzaren marka. Baldin, kasu horretan lokailu indargarritzat har genezake, eta ba-, berriz, menderagailutzat. 3

baldin-ek ez dio, berez, ezer berririk eransten baldintza perpausari. Ondoren baldintza perpaus bat datorrela iragarri besterik ez du egiten. Eta egia esan, lagungarri izan daiteke zenbaitetan. Izan ere, baiezko perpausetan agertzen den ba- aurrizkia eta baldintzazkoa nahas daitezke batzuetan, adizki trinkoetan bereziki. Adibidez, ikus hemen bi esaldiak, lehena baldintzazkoa da, eta DIRUA DAKAR HORREKbigarrena baiezko perpaus arrunta edo baldintzazkoa izan daiteke:

  • Dirua badakar, ongi konponduko gara
  • Dirua badakar. ongi konponduko gara.

Esaldi horretan, testuingurutik kanpo, eta bi perpausen artean eten nabarmenik egin ezean, baldintza den ala baiezko adirazpen soila den jakiterik ez dago. Izan daiteke bata nahiz bestea. Holakoetan BALDIN-ek lagun diezaguke kontua argitzen:

  • Dirua baldin badakar, ongi konponduko gara.
  • Baldin dirua badakar, ongi konponduko gara.

Bistan da oraingoan baldintzazkoa bakarrik izan daitekeela. Beraz, zalantzak uxatuta gelditzen dira.

ba- aditz aurrizkia da eta adizki jokatuaren ezkerrean, adizkiaren ondo-ondoan, aurkituko dugu. baldin, berriz, oraintxe ikusi dugun gisan, perpausaren hasieran joan daiteke, ba- menderagailutik bereizita:

Edo joan daiteke ba-ri atxikia:

  • Hizkuntzak ez du iraungo euskaldun eta ezjakin gauza berdinak baldin badira. (Idazlan hautatuak, Koldo Mitxelena)

KIROLA EGITEN ARI ZEN, ETA HORRA...Kontu hau gogoan hartzekoa da, bereziki, ezezko perpausekin dihardugunean: batzuetan ‘ez + baldin ba-‘ hurrenkera izango baitugu, eta beste batzuetan ‘baldin + ez +ba-‘:

  • Kirola ta hizkuntza, horra hor bi gauza / luza dezaketenak herriaren hatsa;/ baldin ez bazerauku erdalduntzen plaza, / salbaturen garela badut esperantza. (Odolaren mintzoa, Xalbador)
  • Asaben lokarri zaharra ez baldin bada eteten, ez dugu besteren beharrik. (Idazlan Hautatuak, Mitxelena, K.)

Bi jokabideak zilegi izanik ere, badirudi gaurko joera nagusia baldin ba- dena bat balitz bezala hartzekoa dela, eta, horrenbestez, adizki jokatuaren ondo-ondoan ematekoa:

baldin perpausaren hasieran doanean, eta juntagailuaren bidez indartua edo ere eman daiteke:

  • Baldin eta zuek egin nahi ez baduzue, beste norbaiti esango diogu.

nahiz eta, baizik eta, zeren eta, non eta… lokailuekin gertatzen den bezala, hain zuzen.

1 Protasi: Baldintza perpausetan, proposizio nagusiaren (apodosiaren) menpe dagoen proposizioa da, eskuarki haren aurrean joan ohi dena. Protasian eman ohi da baldintzaren suposizioa edo hipotesia eta ba- partikula eraman ohi du.
2 Apodosi: Baldintza perpausetan, mendeko proposizioaren (protasiaren) ondoren dagoen proposizio nagusia da. Baldintzan edo protasian adierazitakoaren ondorioa edo emaitza adierazten du.
3 Baldintza perpausen menderagailu gisa ez ezik, bizkaieraz, ahozko hizkeran bereziki, zenbait lekutan, aukera galderetan ere ba- aurrizkiaz baliatzen dira:
  • Erdararen kalko direla pentsa daiteke eta hobe zehargalderetan ohikoa den bidea erabiltzea:
  • Egia den ala gezurra den, ez dakit.
  • Berei itaundu behar zaie egingo duten ala ez.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ezaugarri nagusiak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3