Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:1:0:1

Kausa-ondorio erlazioa

VELAZQUEZ GAI IZAN ZEN ARDO EDATEAREN ONDORIOAK PINTATZEKOKausez eta ondorioez mintzatu ohi gara maiz gramatikazko zenbait azalpen emateko orduan. Kausa/ondorio erlazio hori mota askotako perpausetan ikusten dugu: kausazkoetan, ondoriozkoetan, helburuzkoetan… baita baldintzazko direnetan ere. Har dezagun honako perpaus hau:

  • Ardoa edan du eta mozkortu egin da.

Perpaus honetan ardoa edan izana da mozkortzearen kausa. Eta mozkortzea, jakina, ardoa edan izanaren ondorioa. Erlazio horren berri modu batean baino gehiagotan eman daiteke. Formularik neutroena, hain zuzen, adibide horretakoa bera da (ardoa edan du eta mozkortu egin da), alegia, juntadura soila baliatuz ematen duguna. Baina mendeko perpausen bidez ere eman daiteke erlazio hori berori, bai perpaus kausal gisa, bai ondoriozko gisa, baita baldintzazko gisa ere. Denen azpian, nolabait, kausa/ondorio erlazio hori aurki daiteke:

  • [Ardoa edan duelako] mozkortu da txoferra. (kausa)
  • Hainbeste ardo edan du [non mozkortu egin den]. (ondorioa)

Erlazio berean oinarrituta sortzen dira baldintza egitura deitzen ditugunak ere. Hauetan, kausazkoetan bezala, benetako kausa litzatekeena bihurtzen dugu baldintza perpaus, mendeko alegia, eta ondorioak, berriz, nagusiaren funtzioa hartzen du. Alderantziz ere erakuts daitezke gauzak: ondorioa mendeko bihurtzen dugu (hots: baldintza perpaus) eta benetako kausa dena, ondorio:

  • [[Ardoa edaten baduzu]baldintza] mozkortuko zara. (cf. Ardoa edan duzulako mozkortu zara.)
  • [[Mozkortuta bazaude]baldintza] ardo dezente edango zenuen. (cf. Edan egin duzu, mozkortuta zaude eta.)

Hortaz, badirudi baldintza deitzen diogun hori kausa mota bat dela, hipotesi gisa ezartzen dugun kausa bat.

Baina baldintza egiturek nortasun berezi samarra dute, perpaus nagusiko adizkiaren eta baldintza perpausekoaren artean halako lotura berezi bat izaten baita, arruntean bestelako perpausetan gertatzen ez dena:

  • [Bihotz baten lekuan mila banitu], zuretzat izango lirateke.
  • [Bihotz baten lekuan mila izango banitu], zuretzat izango lirateke.
  • [Bihotz baten lekuan mila izan banitu], zuretzat izango ziren (edo izango ziratekeen).
  • [Bihotz baten lekuan mila baditu], zuretzat izango dira.

Baldintza-perpausak eta kausa-ondorio erlazioa

Kausa eta kausa-ondorio erlazioa bereziki aipatu dira baldintzaren izaera semantikoa argitzeko. Konpara ditzagun ondorengo bi adibideak:

  • Gaizki ikusten baduzu, ez duzu irakurtzen ahalko.
  • Ez duzu irakurtzen ahalko, gaizki ikusten baituzu.

Ikus daitekeenez, bi perpausak oso hurbil daude, batak baldintza eta besteak kausa adierazten dutela. Alderik handiena honetan datza: esaleak mendeko perpausean adierazten duenaz erakusten duen jarreran.

  • baldintzan esana (zuk gaizki ikustea) egia izan daitekeela dio, hala dela segurtasunik erakutsi gabe;
  • kausazkoan, berriz, ez du dudarik agertzen.

Horregatik, maiz, baldintzaren eta kausaren arteko desberdintasuna modalitate kontu horretara mugatua izan da, baldintza kausa modal gisa definitzen zela. Gramatika terminologian ere gelditu da kausa nozioari darraion zerbait, zeren baldintzazko perpausari dagokion apodosiari ondore perpaus ere esaten zaio, kausatasunari dagokion kontzeptu bat erabiliz.

Askiko kausa eta ezinbesteko kausa

Kausaren nozioaren arabera ikusten delarik baldintza, askotan kausa-ondorio erlazioaren edukia ere aipatzen da. Ezaguna da bi eratan bereziki mugatzen ohi dela erlazio hori: kausak ondorioa nahitaez ekartzen duenean, askikoa dela esan ohi da, eta kausa gertatu gabe, ondoriorik ezin izan daitekeela adierazten denean, aldiz, esaten da ezinbesteko kausa dela. Filosofoek eta logikariek askiko kausa gisa mugatzen ohi dute hizkuntzako baldintza, eta hala gertatzen da usaian, hala nola adibide honetan:

  • Euria egiten badu, Pello etxean egongo da.

Adibide honetan, esaleak dio baldintza (euria egitea) betetzea aski izanen dela Pello etxean egoteko.

Ezezko moldean

Nolanahi ere, logikan gauzak hala izanik, hizkuntzaren erabilera arruntean kontu horiek aski errazki itzulipurdika daitezke, bereziki ezetza baliatuz. Adibidez, aurreko adibidean ezetza erabiltzen badugu: Euria egiten ez badu, Pello ez da etxean egongo. Nahiz formalki itxura berekoa den, hiztunek beste irakurketa bat eman diezaiokete ezezkotasuna duen adibideari, inferentziak eginez: hiztunak ez du esaten euria egiteak nahitaez ekarriko duela Pello etxean egotea; alderantziz, adierazten du, Pello etxetik ateratzea gertakor datekeela, baina ez gertakari segura. Beraz, solasaren haria hautsi gabe jarraipen hau ematen ahalko zaio adibideari: (Euria egiten ez badu, Pello ez da etxean egongo); egiten badu, aldiz, beharbada egonen da, nahiz ez den segur; ikusiko dugu orduan zer eginen duen. Etxe baten teilatua konpontzea ez da lan erraza

Salbuespena adierazten denean

Gisa horretako perpausak maiz aurkitzen ditugu salbuespena adierazten duten baldintza bereziekin:

Lehenengo adibide horretan esaleak ez du segurtatzen etxeko teilatua berriztatzen balitz etxe hura erosiko lukeela, ondorio hori ez baita nahitaez haren esanetik ateratzen. Azpimarratzen du, ahatik, berriztatze hori ezinbesteko baldintza dela harentzat etxe hura erosteko. Baldintza gisa horretan hanpaturik erabiltzen denean, adibidez, bakarrik adberbioaz lagundua izanik, baldintza ber denboran askikoa eta ezinbestekoa izaten da:

  • Zu nirekin etortzen bazara bakarrik, joanen naiz.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Kausa-ondorio erlazioa", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3