Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:1:0:3

Aldiberekotasuna

Denborazko aldiberekotasunaren kontzeptua ere maiz aipatu izan da baldintzaren gainean hitz egiten denean, eta zeharka bada ere, garrantzia izaten du. Solas egoera askotan denborazkoak eta baldintzazko perpausak sinonimo edo baliokide izan daitezke, eta testuinguru anitzetan bata bestearen ordez balia daitezke; baita juntaduraren bidez lotu ere. Euria egiten duenean, kaleak busti egiten dira, denborazko mendeko perpausa, edo Euria egiten badu, kaleak busti egiten dira, baldintzazko perpausa, zenbait egoeratan, baliokideak izan daitezke.

Adibide horietan errepikatzen diren bi gertakariz hitz egiten da (euria egin eta kaleak busti), elkarren artean erlazio bat moldatzen da eta ikuspegien arabera baldintzazko edo denborazko perpausa eratzen da.

  • Euria egiten duenean, kaleak busti egiten dira. → denborazkoa
  • Euria egiten badu, kaleak busti egiten dira. → baldintzazkoa
  • Saiatzen zarenean, ongi ateratzen dira gauzak. → denborazkoa
  • Saiatzen bazara, ongi ateratzen dira gauzak. → baldintzazkoa

Izan ere, errepikapena adierazten duten denborazkoetan, baldin gertakari edo egoera bat noiz gertatu den edo gertatzen den adierazteko beste egoera edo gertaera bat aipatzen badugu, inplizituki adieraz dezakegu denborazko edo kausazko erlazioa ere badela gertakari horien artean.1 Era honetako adibideetan, gertakortasun maila ez dago auzitan, eta horrek baliokidetasuna errazten du.

Egoera iteratiboak

Haur askok jaten dute jangelan

Denborazkoen eta baldintzazkoen arteko baliokidetasuna iteratiboak edo errepikatuak diren egoeretan gertatzen da errazena:

  • Etxean bazkaltzen badu/duenean, berandu itzultzen da lanera.

Halakoetan, aditzak (-alegialdia) motakoa behar du, baldintza errealekoa. Horrelakoetan juntaturik ere erraz ager daitezke:

  • Lantokiko jangelan gelditu ordez, emaztearekin bazkaltzen duenean, edo amarenera joaten bada, berandu itzultzen da lanera.

Aldiz, iteratiboak ez diren egoeretan nekezago aurkituko dugu, nahiz orduan ere antz zerbait aurki daitekeen batzuetan denborazko eta baldintzazko perpausen artean:

  • Maddi ikusten duzunean, goraintziak emazkiozu.
  • Maddi ikusten baduzu, goraintziak emazkiozu.

Bi adibide horiek solasaldi askotan esanahi hurbilekoak izan daitezke. Halere, ezberdintasun bat nabaritu daiteke. Denborazko perpausa erabiliz, esaleak ez du dudarik erakusten aipatzen den gertakaria egiazki gertatuko den ala ez. Baldintzazkoa erabiliz, aldiz, halako segurtamenik eza adierazten du bere solasean. Desberdintasun horren indarra solas ingurumenak mugatuko du; adibidez, zuk Maddi noiz ikusiko duzun batere argi ez bada (bihar, etzi, edo urte baten, edo bizpahiruren buruan), orduan baliokidetasun pragmatiko handiagoa hartuko dute bi perpausek.

Aditz jokatugabearekin

Aditz jokatugabearekin are agerian gelditzen da denboraren eta baldintzaren arteko lotura hori. -tuz gero menderagailuaren bidez denborazko mendeko perpausak egiten dira, baina baldintzazkoak ere osa daitezke, eta sarritan bi adieretatik edozein uler daiteke.

  • Pertsona bat bistatik galduz gero, galtzen da halaber oroitzapenetik.

Adibide hori bietara uler daiteke:

  • denborazko modua: ‘pertsona bat bistatik galtzen denean/galdu ondoren’
  • baldintzazko modua: ‘pertsona bat bistatik galtzen bada’

Kasu horretan, ondokotasuna baldintza modura ulertzen da. Baldintzazko adiera erraz lortzen da, baita ere, balio generikoa duten adibideekin:

  • Osasuna galduz gero, gertu izaten dira pentsamendu ilunak.
  • Artzain artean ibiliz gero, gazta jan behar!
  • Basoan galduz gero, beti norabide batean ibili. (Egonean doazen geziak, Garzia, Joxerra)
  • Eta hori galduz gero, ez duk gauza onik. (Urrutiko intxaurrak, Soroa, M)

Edo denbora-unea seinalatu beharrean une zehatzik gabeko egoera adierazten denean ere gauza bera: ahal izanez gero, nahi izanez gero…

  • Argibideren bat nahi izanez gero dei iezaguzu txostenean azaltzen den zenbakira. (Denak du bere prezioa, Mintegi, M. A.)
  • Ahal izanez gero, sekula ez ditut galtzerdi horiek erabiltzen… (Harry Poter eta sorgin harria, J.K. Rowling / Mendiguren I.)
1 Gaia berez zabalagoa da. Denbora, kausa, baldintza eta kontzesioa elkarrekin zerikusia izan dezaketen nozioak dira, eta batzuetan, bat non amaitzen den eta hurrengoa non hasten den garbi zedarritzea ez da erraza gertatzen. Bi gertakari (mendira joan – botak jantzi) denboran elkarren jarraian doazelako ideiatik (‘Mendira joaten naizenean, botak janzten ditut’; denborazko perpausa), gertu egon daiteke lehena bigarrena eragiten duen kausa delako ideia (‘Mendira noalako, botak jantziko ditut’; kausazko perpausa); eta hortik, kasu batzuetan, kausa hori hipotetikoa izan daitekeelako ideia (‘Mendira joaten banaiz, botak jantziko ditut’; baldintzazko perpausa). Azkeneko urratsa litzateke, pentsatzea kausa hipotetiko batek eragoz dezakeela gertakari bat betetzea, baina azkenean ez dela hala gertatzen (‘Mendira banoa ere, zapatilak hartuko ditut’; kontzesiozko perpausa); nolabait esateko, alderantzizko bidea, kausalitea ukatzea. Edo, apur bat aldatuz, gerta daiteke baita kausa hipotetiko hori etorkizunean kokatzea, adierazi nahi den enuntziatua baino geroago (‘Mendira joango bazara, botak hartu beharko dituzu’), helburuzko irakurketa eraginez.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aldiberekotasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3