Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:1:0:4

Solas jokoak eta inferentzia bidezko erabilerak

Baldintzaren nozioa kausalitatearen arabera aztertua izan bada, inola ere ez daiteke baldintzazko perpausen erabilera horretara muga, zeren hizkuntza erabileran logikan ez bezalako ezaugarriak izan baititzakete baldintzadun perpausek, eta kausa-ondorio erlazioak huts egiten baitu batzuetan mintzaira errealean baldintzadun perpausak erabiltzean. Dena den, kausa-ondorio baldintzak eta azalpen baldintzak bereizi egiten dira. Azken horietan jarriko dugu arreta hemen.

Azalpen baldintzak

Demagun esaldi hau:

  • Egarri bazara, goizean sagardoa eman dut hozkailuan.

Horrelako adibide batean, elkartzen diren bi perpausen arteko erlazioa ez da kausazkoa, eta nekez aurkez daiteke perpaus nagusia mendekoaren ondorio gisa, logika ikuspegian egiten den bezala, besteak beste, kasu horretan ondorioan aipatzen den gertakaria baldintzazko perpausean adierazia dena jazo baino lehenago gertatu baitzen. Horrelako kasuetan, solasaren erregelen bidez azal daiteke baldintzaren erabilera, eta gure adibideak inplizituki adierazten dituenak agerian eman beharko bagenitu, horrelako zerbait esan beharko genuke: ‘goizean sagardoa hozkailuan ezarria dudala esanez jakinarazten dizut edatekoa badela etxe honetan; edari freskoa gainera, eta ez edozein: sagardoa’ edo ‘gure arteko harremanak diren bezalakoak izanik, badakizu engoitik edatekoa izateko aski duzula eskatzea, edo zerorrek hozkailutik hartzea’, edo egoerari dagokion besteren bat. Solaskideen arteko solas konbentzio isiletan eta ageriko esanek inferentziaz inplikatzen dituzten azpiko adierazietan finkaturik daude gisa horretako baldintzazko perpausak, maiz agertzen direnak hizkuntza erabileran.

  • Hotzez bazaude, ondoan daukazu manta.
  • Gose bazarete, hozkailuan sartu ditut goizean zenbait jaki.

Azalpen baldintzen bidekoak izaten dira, hortaz, hizkuntzan aurkitzen diren baldintzadun perpausetako asko: baldintzazko perpausean ez da adierazten kausa bat, baizik eta perpaus nagusia enuntziatzeari zentzua emango dion, edo enuntziazio hori bideratuko duen ‘baldintza’ bat. Nekez haietan aurki daiteke kausa logiko baten itxurarik. Ikus ditzagun beste adibide batzuk, baldintzazko perpausez ari garenean zertaz ari garen hobeto jabetzeko.

z

Zenbat modu, hainbat esanahi

Jo dezagun honako perpaus hau:

  • Hotz bazara, berogailua pizten ahal dut.

Esaleak solaskideari hau esango balio: hotz bazara, berogailua piztuko dut, baldintza arrunta genuke; ordea, ondore perpausean ahalezko modalitateari doakion forma bat erabiliz galtzen da logika lotura, berogailua pizteko ahala ez baitaiteke solaskidea hotz egotearen ondorioa izan. Halere, ondorioak seinalatzen duenarekin solaskideak badaki, nahiz ez den hitzetan agerian adierazia, berak beharra badu edo eskatzen badio, esalea prest dagoela berogailua pizteko. Beraz, hemen ere, solasak bideratzen dituzten kooperazio eta solaskidetza printzipioetan oinarritzen da lotura.

Har dezagun beste adibide hau:

  • Pello bilkurara etorri ez bada, eri da.

Adibide horretan, dedukzio bat adierazten du esaleak. Izan ere, adibide horretan ere, Pello eri izatea ez daiteke Pello bilkurara ez etortzearen ondorioa izan. Alderantziz, izatekotz, kausa da, ez ondorioa. Hain zuzen ere, perpaus nagusian adierazitakoa (Pello eri izatea) baldintzazko perpausean esandakoaren (bilkurara ez etortzea) kausa izan daitekeela ondorioztatzen da dedukzioan.

Hona hirugarren adibidea:

  • Nekatuta egonez gero, denboraz lasai gabiltza.

Hemen ere ez dago kausa-erlazio logikorik: solaskideek eraiki behar dute lotura, egoeran oinarrituta. Denboraz lasai dabiltzala adierazi du hiztunak, eta esan duena esateari nolabaiteko zentzua ematen dio baldintzazko perpausak: alegia, denboraz lasai dabiltzala esan du, norbait nekatuta egonez gero, eta beharbada esaleak norbait nekatuta egoteko aukera ikusten duelako, nolabaiteko zeharkako gonbita eginez, atseden hartzeko arazorik ez dela izango iradoki nahian.

Ikus laugarren adibide hau:

  • Axularrek ‘Guero’ idatzi bazuen, orduko irakurtzaileek holako liburuen beharra zutelakoan egin zuen.

Adibide horretan, perpaus nagusiak baldintzazko perpauseko proposizio edukia berriz hartzen du (egin zuen = ‘Guero’ idatzi zuen), eta galdegai gisa agertzen den informazio bat gaineratzen du, kausazko perpaus gisa (orduko irakurtzaileek holako liburuen beharra zutelakoan). Kasu horretan esaleak, bai eta haren solaskideek ere, baitakite Axularrek Guero idatzi zuela, ez da hipotesirik egiten baldintzazko perpausean, eta ez da perpaus nagusian esana denari buruz kausarik adierazten. Alderantziz, ohiko kausa-erlazioa aldez kontra emana da: baldintzazko perpausari dagokion kausa perpaus nagusian adierazi da, kausazko perpaus hori galdegai gisa hanpatuta. Domenjón González de Andía Oso bestelakoa da beste adibide hau:

  • Euria egiten badu (ere), aterkia hartuko dut.
  • Inoiz behartzen bazara (ere), hartu nire telefonoa.
  • Ez ahaztu txartes ta zamarra, euria egiten badu ere. (Domenjon de Andia, Labaien, A. M.)

Adibide horietan hipotesi bat ematen da (euria egitea; nire laguntzaren beharra izatea), etorkizunean kokatuta, menturazko modura, eta hipotesi horri nolabaiteko gertakortasun-mailaren bat aitortzen zaionez, une honetan egiten duen ekintzaren kausa modura azaltzen da: gerta daiteke euria egitea, eta horregatik, badaezpada ere, aterkia hartuko dut; gerta daiteke inoiz nire laguntza behar izatea, eta horregatik, hartu nire telefonoa. Alde horretatik, kausazkoekin parekotasuna dute (aterkia hartuko dut, euria ari duelako); baina euria egitearen gertakortasuna oso desberdina da bi adibideetan.

Ikus ondoko adibidea:

Baldintzazko perpausak gerta daitekeen zerbait aipatzen du, arrisku bat balitz bezala. Esalearen ikuspegian mentura hori aski da ondore perpausean dioena funtsatzeko, aurreko kasuan gertatzen zen bezala. Baldintzadun perpaus ohiko edo kanonikoetan esaleak dio “norbait etortzeko baldintza bete ondoan” gertatuko dela perpaus nagusian adierazten den ondorioa; ez da horrela, hemengo erabileran, non esaleak baitio inor etorri gabe ere, “norbait etor daitekeelako soilik”, hobe dela joatea, badaezpada ere.

Ondoko adibideak erakusten duenez, egoera asko bereiz daitezke:

  • Miren etortzen bada, berandu etorriko da.
  • Jeixten banaun, iregatik jeixten naun batez ere. (Joanak joan, Etxaide, J.)

Aurreko adibidean bezala, perpaus nagusiak baldintzazko perpauseko proposizio edukia berriz errepikatzen du, eta galdegaia (berandu) gaineratzen. Kasu honetan, ordea, aurrekoan ez bezala, baldintzazko perpausa ez dagokio solaskideek aitzinetik jakintzat daukaten zerbaiti, eta hipotesi gisa agertzen da. Hain zuzen, esaleak adierazten du hipotesi hori betetzekotan haren ustez zer gisatan gertatuko den. Hemen ere, beraz, ondore perpausa ez da gertakarien logikako ondorioa.

Ondoko adibidea, agian, gaztelaniaren eragina izan daiteke:

  • Entrenatzaileari zerbait eskertzen bazion, berarekin izan zuen pazientzia zen.

Horrelako adibideak enfasia emateko erabiltzen dira. Ondore perpausean izan aditza azaltzen da, eta baldintzazko perpausean izenordain zehaztugaberen bat (zerbait, norbait…). Adibideek ez dute benetako hipotesirik agertzen: ziurtzat hartzen da baldintzazko perpausak dioena (entrenatzileari zerbait eskertzen ziola), eta ondore perpausean izenordain horren edukia zein den zehazten da (zerbait = berarekin izan zuen pazientzia). Baliokide izango luke, ‘Berarekin izan zuen pazientzia eskertzen zuen gehiena’.

Egoera gehiago ere bereiz ditzakegu:

  • Ondo pentsatzen jarriz gero, bizitzako buruhauste asko huskeriak besterik ez dira.

Adibide horretan baldintzazko perpausa hizpidea emateko baliatzen da, ondore perpausaren bideratzaile modura: ondore perpausean baieztapen bat egin nahi da (bizitzako buruhauste asko huskeriak besterik ez direla), eta baldintzazkoak ez du benetan inolako kausarik agertzen. Antzerakoak dira, baita ere, ‘Oker ez banago, Josuk zuzendaritzaren alde hitz egingo du’, edo, ‘Nire datuak zehatzak badira, aurtengoan gaindituko dugu krisia’ eta antzekoak. ‘Ondorengo baieztapena egia da’ iradokitzen dute horiek, edo elkarrizketetan gure baieztapenak goxatzeko erabili ohi dira, kortesia modura.1

Demagun beste adibide hau:

  • Hain ziur bazaude, zertarako egin duzu? / jarraitu aurrera zure asmoarekin / joan zaitezke

Batzuetan ondore perpausean galderak, aginduak edo (+ahal) adizkia daramaten adibideak izaten dira: Hain ziur bazaude, zertarako egin duzu? / jarraitu aurrera zure asmoarekin / joan zaitezke. Horrelakoetan ere ez dago kausa-ondorio lotura logikorik, edo benetako hipotesirik. Elkartzen diren bi perpausen artean askatasun handiagoa dago (tenpus komunztadura ere askeagoa da), eta sarritan aholkuak, baimenak, aginduak edo gaitzespenak emateko erabiltzen dira. Nolabait esateko, baldintzazko perpausak ondore perpausa enuntziatzeko justifikazioa ematen du.

Honelakoak sarri-sarri erabiltzen ditugu ahozkoan batez ere:

  • Euskara hizkuntza erromanikoa bada, ingelesa bantu hizkuntza da.

Esan gabe doa euskara hizkuntza erromanikoa izatea ezin izan daitekeela ingelesa bantu hizkuntza izatearen kausa. Berez, proposizio batak ez du bestearekin zerikusirik. Halere, solasaldi batean, lokarri analogiko bat izan daiteke bi proposizioen artean, hiztunak solaskideari hau esango balio bezala: biok badakigu ondorio perpausean esana kirtenkeria dela, bada, jakin ezazu baldintzazko perpausean esandakoa ere kirtenkeria galanta dela. Mota honetako adibideetan, ondore perpausa nabarmenki okerra delarik, baldintzadun perpaus osoa enuntziatzeari ‘zentzua’ emateko bidea, baldintzazko perpausa ere nabarmen okerra izatea da. Horregatik, zenbait testuinguru argumentatibotan egoki erabilia gerta daiteke aipatu perpausa. Ordenari dagokionez, baldintzazko perpausa ondore perpausaren aurretik joan ohi da.

Ondoko adibidea ezberdina da:

  • Lehen beti elkarrekin ibiltzen baziren, orain haserre daudela dirudi.

Protasian adierazitakoa egiatzat ematen da, baina aurkaritza adierazi nahian erabiltzen dira horrelakoak, elementuren baten kontrastea izaten da (lehen/orain), eta kontzesiozko interpretazioa gailentzen da (nahiz eta lehen beti elkarrekin ibiltzen ziren). Nolanahi ere, honelako egiturak ez ditu euskarak berezkoak, eta halakoen ordez, kontrastea edo aurkaritza adierazteko, egokiago da aldiz, ordea, ostea, berriz… eta antzeko lokailuak erabiltzea.2

  • Lehen beti elkarrekin ibiltzen ziren; orain, berriz, haserre daudela dirudi.

Ikus azken adibide hau:

  • Euskal Herria ederra bada, munduan txoko polit harrigarri ugari aurkituko ditugu.

Kasu honetan ere kontzesiozko interpretazioa ematen zaio adibideari. Hiztunak ondore perpausean dioena kontrajartzen zaio inferentziaz baldintzazko perpausean esanetik atera daitekeen ondorioari. Alegia, baldintzazko perpausean esandakoak pentsaraz dezake ‘Euskal Herria toki ederra dela, eta munduko toki ederren artean leku nabarmen bat merezi duela’; baina perpaus nagusiak argitzen du ‘munduan toki polit berezi asko direla’, eta beraz, Euskal Herria ez dela hainbeste nabarmentzen.

Laburbilduz

Beraz, aurreko adibide hauekin guztiekin garbi ikusten den bezala, hizkuntza errealean solaskideen arteko inferentzia jokoetan oinarritutako erabilerak mota askotakoak eta guztiz ugariak dira, eta baldintzazko perpausen berri izateko ezinbestekoa da horrelakoak kontuan izatea. Batzuetan ohiko kausa-ondorio erlazioari jarraituko zaizkie, baina beste batzuk enuntziatzearen baldintza izango dira, era oso desberdineko erlazioekin. Esan daiteke hiztunak baldintzadun egiturak erabiltzen dituenean, baldintzazko perpausaren eta ondore perpausaren artean ‘inplikazio pragmatiko’ bat badagoela adierazi nahi duela, eta protasian esaten denak bide ematen duela apodosia adierazteko; nolabait esateko, ‘pentsa ezazu p protasia, q apodosia enuntziatzeak zentzua izan dezan’.

1 Era honetako baldintzazkoek, neurri batean, perpaus nagusi osoa modalizatzen dute, eta egitura sintaktikoan toki desberdina dutela proposatzeko datuak badira. Adibidez, ‘Oker ez banago, eguraldi ona egiten badu, hondartzara joango gara’ bezalako adibide batean, lehenengo baldintzazko perpausa (oker ez banago), jarraian datorren baldintzadun perpaus osoari dagokio. Alegia, baldintzazko bi perpausek (oker ez banago / eguraldi ona egiten badu) izaera desberdina erakutsiko lukete. Era honetako baldintzazkoak askotan kortesiazko helburuarekin erabiltzen dira, ondorengo baieztapena goxatzeko (Niri iritzia eman behar badut…; Egia esatea nahi baduzu…)
2 Ikus honi buruz zalantzen txokoan jasotako argibideak

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Solas jokoak eta inferentzia bidezko erabilerak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3