Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:1:1

Baldintza perpausen nolakotasuna

Baldintza perpausen beste zenbait ezaugarri ikusiko ditugu segidan. Formari dagozkionak batzuk, osagaien ordenari buruzkoak beste batzuk eta funtzioari lotutakoak beste batzuk.

Baldintza perpausak, mintzagai

Baldintzazko perpausak gehienetan mintzagai gisa agertzen dira, askotan perpaus nagusiaren ezkerrean. Horregatik, hurrenkera normala horixe da: lehenbizi baldintza, gero ondorioa.:

  • Baimena ematen badiozu, Pello bihar joango da.

Eta hortik heldu zaie protasi deitura, ondore perpausaren aurretik agertzen ohi direlako. Ez da, halere, ezinbesteko kontua, eta honen eskuinean ere inolako arazorik gabe erabil daitezkebaina orduan ere MUSUA EMATEN BADIDAZU...baldintzak mintzagai izaten segitzen du:

  • Pello bihar joango da, baimena ematen badiozu.

Hala ere, ahozkoan intonazio modu berezia dagokio egitura horri.

Mintzagai izateko joera dutelarik, errazki erabil daitezke mintzagaien bereizkuntza bideratzen duten aditzekin:

  • Pello laguntzera joaten bazaizu, badakit lanak ondo egingo dituzuela.

Joseph Greenberg Adibide horretan badakit aditzaren ezkerraldean agertzen den baldintzazko perpausa perpaus osagarriari dagokio:

  • Pello laguntzera joaten bazaizu, lanak ondo eginen dituzu.

Aditz jokatugabea eta –tuz gero menderagailuarekin ere jokabide bera agertzen da:

  • Benetan saiatuz gero, badakit lortuko duzula.

Munduko hizkuntzetan ere ohiko jokabidea baldintzazko perpausa ondore perpausaren aurretik joatea da, eta Greenberg-en unibertsaletan jasota dago (14. unibertsala).

kakotxa In conditional statements, the conditional clause precedes the conclusion as the normal order in all languages. (“ Some universals of grammar with particular reference to the order of meaningful elements”, Universals of Language, Joseph H. Greenberg)kakotxa

Baldintzazko perpausaren eginkizuna suposizioak ematea da, testuingurua eskaintzea, mundu posibleak aurkeztea, horietatik abiatuta ondore perpausa interpretatu ahal izateko. Horretatik datorkio baldintzazko perpausari ohiko mintzagai izaera: aurretik ‘jakina edo emana’ den informazioa izango genuke, eta ondore perpausa baino lehen emango genuke. Askotan, aurreko berbaldia biltzeko, edo aukera posibleak eta ondorioak aztertzeko erabiltzen dira.

Baldintza perpausa ondore perpausaren ondoren

Baldintzazko perpausa ondore perpausaren ondoren datorrenean, ordea, gauzak gehienetan aldatu egiten dira, eta askotan perpaus nagusian adierazten dena zehazteko, murrizteko, mailakatzeko edo xehetasunak azaltzeko erabiltzen da.

  • murriztekoAbiadura dela eta, isun asko jartzen dituzte udaltzainek
    • Isun hau kenduko dizut, barkamena eskatzen badidazu.
    • Alkate izatea onartuko dut, soldata igotzen badidazue.
  • mailakatzeko edo xehetasunak azaltzeko
    • Gauetan buruko mina izaten dut, bereziki arratsaldean kafea hartzen badut.1

Bestelako adibideak ere badira:

  • Oporretan Italiara joango naiz, oporrik badut behintzat.

Horrelako adibideetan, ondore perpausean presuposizio bat dago (oporrak izango dituela), eta baldintzadun perpaus osoak hutsik egin ez dezan, badaezpada, esaleak baldintzazko perpausa ematen du presuposizioa okerra gertatuta ere. Eta oro har, adierazten dena gauzatzeko aukera gutxiko egoerak ditugunean errazago ematen dira baldintzazko perpausak ondore perpausaren atzetik:

  • Aurten oporrik gabe? Beno, joango gara, dirurik badut eta opor-egunak lortzen baditut.

Baldintza perpausa, galdegai

Nolanahi ere, euskaraz baldintzazko perpausak galdegai modura azaltzea ez dago guztiz debekatua. Ondoko bi adibide hauek ez dira berdinak:

  • Zuk esaten badidazu joango naiz, ez bestela.
  • Zuk esaten badidazu, joango naiz; bestela ez.

Lehenbizikoan galdegaia da baldintzazko perpausa, eta noiz edo zer egoeratan, zer baldintzatan edo holako galderaren erantzuna da. Galdera zuzenaren erantzuna. Beraz, galdegaia. Bigarrenean, ordea, ez da hori gertatzen, hor mintzagaia baita, eta galdegaia, ostera, perpausaren baiezkotasuna: “bai joango naiz”.

Hala ere, gehienetan mintzagai izan ohi dira baldintzazkoak. Baldintza ‘erreal’ deitzen direnetakoa bada, hots, goiko adibideetakoa bezalakoa, errazago da galdegai gunean ezartzea. Baina alegiazko baldintzetan aukera hori oso murriztua gelditzen dela dirudi. Horrela, aurrekoen parean honako hau bitxi samarra gertatzen da:

  • ?Zuk esango bazenit joango nintzateke, ez bestela.

Ohart gaitezen hor galdegai gisa erabili nahi dugula, eta horregatik dela bitxia. Aldiz, mintzagai gisan jarriz gero, ez dago inolako arazorik.

  • Zuk esango bazenit, joango nintzateke; bestela ez.

Galdegaiak bideratzen dituzten bakarrik eta antzeko aditzondoak hartuta, eta kontraste nabarmena bideratuta, honelako adibideak lor daitezke:

  • Alabaren borreroa hilda ikusten bazuen bakarrik lor zezakeen atsedena, ez bestela.

Hori gertatzen denean, baldintza askikoa eta ezinbestekoa izaten da.

Baldintza perpausaren barneko hitz hurrenkera

Gure herrian eraiki duten enpresa Baldintza perpausaren barneko osagaiek aski ordena askea dute. Aditza perpausaren aurrean, erdian edo bukaeran joan daiteke:

  • Gertatzen bazaizkio ustekabeko batzuk, urduritu egiten da.
  • Ustekabeko batzuk gertatzen bazaizkio egunaren bukaeran, loa galtzen du.
  • Ustekabeko batzuk etortzen bazaizkio, urduritu egiten da.

Joera nagusia, hala ere, aditza azkenean ematea da:

  • Enpresa horrek lantegia gure herrian eraikiko balu, dena pikutara joango litzateke.

Esaldi hori aski arrunta da. Ordena aldatuz, ikus dezagun ondoko hau:

  • Enpresa horrek gure herrian eraikiko balu lantegia, dena pikutara joango litzateke.

Aise normalagoa da lehenbiziko adibidea, nahiz eta bigarren hori ere zilegi den, batez ere ahozko hizkeran.

Esan dezagun, azkenik, baldintza perpausaren barnean ere galdegai/mintzagai jokoa gertatzen da, eta ezin dira nolanahi eraiki perpausak, esanahia ere alda daitekeelako:

  • Enpresa horrek lantegia gure herrian eraikiko balu
  • Gure herrian lantegia enpresa horrek eraikiko balu

Bi esaldi horiek ez dira berdinak, ikusten denez, nola ez diren berdinak beste bi hauek: enpresa horrek lantegia gure herrian eraiki du eta Gure herrian lantegia enpresa horrek eraiki du.

Baldintza ezezka emana denean, ohikoena laguntzailea ez mugitzea da, alegia, adizki nagusiaren eskuinean uztea. Hots, etorri ez balitz modukoak ohikoagoak dira ez balitz etorri modukoak baino. Honetan, hortaz, beste zenbait perpaus mendekoren jokabide bera du baldintzak, erlatiboena bereziki, nahiz eta erlatiboentzat arau hori nahitaezkoa den eta nekez hausten den, inoiz hausten bada:

  • [Hamar aldiz esan ez banion], ez nion behin ere esan.
  • [Hamar aldiz ez banion esan], ez nion behin ere esan.

Badirudi, euskalkien arteko gorabeherak baldin badira ere, lehenbizikoa ohikoagoa dela bigarrena baino.

Baldintzazko perpausen barnean mendeko beste perpaus batzuk ere ager daitezke, eta orduan ere ordenak askea izaten segitzen du, baina mendeko perpaus hauek luzeak direnean, maizenik ba- menderagailua dakarren aditz gobernatzailearen eskuin aldean izaten dira:

  • Norbaitek esan baligu krisialdiak hainbeste iraungo zuela eta hain ondorio larriak izango zituela, ez genuen sinetsiko.

Ezezkako baldintza perpausak

Pirinioak izugarri ederrak dira Bestalde, mendeko perpaus askotan bezalaxe, ezezkako baldintzazko perpausetan ere aise azaltzen da aditz jokatua bukaeran, aditz nagusiaren eskuinaldean:

  • Bihar Pirinioetan euririk egingo ez balu, mendira aterako ginateke.

Perpaus menderatugabeetan guztiz markatua den ordena erabiltzen da horrela; nolanahi ere, kokaleku hori ez da nahitaezkoa:

  • Bihar Pirinioetan ez balu euririk egingo, mendira aterako ginateke.

Baldintza perpausak, mendeko perpaus

Lehen ere esan dugu baldintzadun perpausak mendeko perpausak ere izan daitezkeela. Ikusi dugu perpaus osagarri izan daitezkeela:

  • Esan didate, berandu joanez gero ez dugula tokirik izango.
  • Amore ematen ez badugu zer gertatuko zaigun galdetu digute.

Baina beste perpaus mota batzuetarako aukera ere badago, adibidez, perpaus erlatiboa izateko:

  • Zurekin lan egingo banu irabaziko nukeen diruaz Australiarako bidaia egingo nuke.

Kausazko perpausa osatzeko:

  • Liburua ez dizut emanen zeren lagunek jakiten balute gaizki hartuko bailukete.

Edo helburuzko perpausa izateko:

  • Liburu hau eskainiko dizut, irakurtzeko astia baduzu zerbait ikas dezazun.

Baina baldintzadun perpausek ez dezakete edozein mendeko perpaus osatu: denborazko perpausak, bereziki, ezin izan daitezke baldintzadun perpausak:

  • *Zure nagusia ikusten dudanean salatzen zaitudanean dolutuko zaizu.

Baldintza perpausak, adierazpen perpaus

Tabernan sartu dira hauek Baldintzazko perpausak normalean adierazpen perpausak izan ohi dira, eta ezin izan daitezke galde perpaus, ezta aginduzko perpaus ere. Eta horren ondorioz, ote edo al galderetako partikula ezin erabil daitezke haietan; ezta zeharkako solasa adierazten duen omen partikula ere:

  • *Laguna bihar etortzen omen bazaizu, hari konta zure arrangura.

Halere, haien barneko osagai baten gainean galdera egin daiteke, eta orduan baldintzadun perpaus osoa galderazkoa izan daiteke:

  • Nor etortzen balitz poztuko zinateke?

Perpaus hori bitxi samarra da, baina zilegi dela dirudi. Izan ere, baldintza perpausaren ohiko lekua mintzagai gunea bada, eta adibide horren pareko baldintza perpausetan galde hitz bat badugu, perpaus horrek, baldintzazkoa izan arren, galdegai izan behar du. Honako honetan ere beste horrenbeste gertatzen da:

  • Nor etortzen bada esan duzu ez zarela tabernan sartuko?

Oraingoan ere baldintza perpausa oso-osorik jarri behar izan dugu perpaus nagusiaren galdegai gunean. Dena dela, gogoan izan hemen baldintza erreala dugula.

Harridurazko perpausak, ordea, molda daitezke baldintzazkoen bidez, askotan egiantza moduan emanak:

  • Gezur hori egia balitz!
  • Oi, egun eder hori berrituko balitz!(Odolaren mintzoa, Xalbador)
  • Zer nahi zela, jakinen zuen nola erantzun hori gertatuko balitz! (Miranderen idazlan hautatuak, Mirande)

Adizkera alokutiborik ez

Gainerako mendeko perpausekin gertatzen den eran, euskalki gehienetako literatura tradizioan adizkera alokutiboa ez da agertzen baldintzazko perpausetan:

  • Hire anaia etortzen bada/*baduk, gozoa jarriko duk!

Hain zuzen ere, haietako adizkerak menderagailua dakarrelako. Joera nagusia hori bada ere, batzuetan, mendebaldeko zenbait erabileratan, aurkitzen dira adizkera alokutiboen adibideak baldintzazko perpausetan.

  • Zerbait onik egin ba'dezakegu emen bizi gaitunan artean, alkarri barkatzea dun ezpairik gabe. (Joanak joan, Etxaide, J.)

Elipsiak

Baldintzadun perpausetan elipsiak ere ager daitezke, mendeko beste zenbait perpaus-motarekin gertatzen den bezala. Alde batetik, baldintzadun perpausak juntaturik edo testuan elkarren oso jarraian badoaz, eta egitura paraleloa badute, bigarrenean isilean geratzen diren elementuak lehenengotik berreskuratzen ditugu:

  • Elurra egiten badu, eskiatzera joango gara; ez badu, museo berria ikusiko dugu.

Aukera hau bereziki baldintza errealekin azaltzen zaigu, eta hauen artean ere, balio generikoa dutenekin zailtasunak izaten dira (aditz jokatugabeekin ere elipsiak nekezago gertatzen dira).

Beste alde batetik, batzuetan ondore perpausean gerta daitezke elipsiak, esanahia baldintzazko perpausetik hartzen duelako:

  • Zu ados bazaude, ni ere bai.
  • Zu ez bazoaz, ni ere ez.

Baina berriro ere paralelismo oso estua behar du, eta bereziki baiezkotasunaren edo ezezkotasunaren inguruan eratzen dira. Hortik irtendakoan, polaritatea aldatzen edo perpausen artean kontraste nabarmena egiten saiatuta ere, aurkaritzako edo kontzesiozko irakurketara bideratzen da:

  • Zu ados bazaude, ni ez.
  • Emazteari Chopin gustatzen bazaio, niri Mozart.2

Baldintzarik edo ondorerik gabeko perpausak

Baldintza perpausetan bi atal izaten direla esan dugu: baldintza eta ondorioa. Dena den, zenbaitetan gerta liteke bi atal horietako bat ezkutuan ematea. Hain zuzen ere halako baldintza perpausak aztertuko dira hemen: baldintzarik gabeko alegiazko perpaus lokabeak, batetik, eta ondoriorik gabeko baldintza perpausak bestetik.

Baldintzarik gabeko alegiazko perpaus lokabeak

Baldintza egitura bi atalez osatua egoten dela eman dugu orain arte. Bi atalen arteko lotura oso estua den arren, maiz bi ataletako bat bakarrik ematen dugu agerian. Adibidez, oso ohikoa da baldintzaren ondokoa, apodosia, perpaus lokabe gisa erabiltzea inolako baldintzarik ezarri gabe erakutsian:

  • Pozik esango nioke zerbait lotsagabe horri.
  • Nik neuk, zalantzarik gabe onartuko nuke lanpostu hori.

POZIK ESANGO ZENIOKE ZERBAIT LOTSAGABE HORRI?Hemen alegiazko zerbait ari gara adierazten. Hiztunak iradokitzen du, eta solaskideak ere hala onartzen, badela balizko gertaera bat. Gertaera hori baldintza baten mende egon daiteke eta horrela, hiztunak, inork ezer galdetu gabe ere, eman ditzake perpaus horren zertzeladak. Adibidez, esan dezake azken adibideetako adierazpenak zer baldintza duen:

  • Pozik esango nioke zerbait lotsagabe horri, [kalean aurkituko banu].
  • [Eskainiko balidate], zalantza handirik gabe onartuko nuke lanpostu hori.

Hiztunak erabakitzen du baldintza aditzera eman ala ez. Adibidez:

  • Egingo al zenidake mesedetxo bat?

Horrelako perpausak solas guneari eta, batez ere, hiztunak solas giro jakin batean adierazpenari eman nahi dion balio berezia emateko erabiltzen ditugu. Kortesiazko edo jendetasunezko adierazpenak, aginduak, galderak eta abar osatzeko aproposak ditugu, adibidez. Goiko azken horren parean, baditugu bestelako ordainak, dudarik gabe askoz zuzenekoagoak, baina baita, batzuetan behintzat, pixka bat zakartxeagoak ere:

  • Egin iezadazu mesedetxo bat.
  • Egingo didazu mesedetxo bat?

Alegiazko adizki batez eta galdera batez baliatuz erreguak egin daitezke, agindu zuzen gisa emanda baino modu leunagoan, dudarik gabe;

  • Itxiko zenuke leiho hori, mesedez? (cf. Itxi ezazu leiho hori, mesedez)

Eskari ‘leun’ hauetan, beharbada, isilpeko baldintzaren bat uler daiteke. Batzuetan behintzat bai. Esaterako, azkeneko perpausak holako zerbait izan dezake:

  • (Apal-apal) eskatuko banizu, itxiko zenuke leiho hori?

Ondore gabeko baldintza perpausak

Badira, azkenik, ondore gabe uzten diren baldintzadun perpausak ere:

  • Zu ados bazaude…

Baina horrelakoetan esanahia ez da aurreko berbalditik eskuratzen, une bakoitzeko testuinguruak iradokitzen du. ‘Zu ados bazaude…’ baldintzazko perpausaren ondore izan daitezke ‘ni ere bai’, ‘horrela izango da’, edo ‘kontu hori aurrera aterako da’.

Beste batzuetan, egindako esaerak izaten dira ondorerik gabe uzten diren baldintzazkoak, askotan alegialdiko aditzekin:

  • Bazeneki…
  • Zure adina izango banu…

Heiagorak edo esklamazioak egiterakoan maiz erabiltzen dira holakoak:

  • -Ai, bazeneki! (Hautsi da katea, Martinez de Lezea, T. / Elena Touyarou-Phagaburu)
  • Ihes egin ahal izango banu! (Anne Franken egunkaria, Anne Frank / Josu Zabaleta)

Jakina, baldintza perpausa mendeko perpausa bada eta nagusirik ageri ez bada, nolabait isilarazia edo izan dela pentsa liteke, zehazki zein datekeen asmatzea batzuetan erraza ez bada ere.

  • “Ai, ergelagoa banintz!” zioen inozo hark.
  • Nik dakidana jakingo bazenu…

Dena dela, adibide horiek intonazio desberdina dutela ematen du: lehenengoan intonazioa beheranzkoa dela dirudi, perpausa hortxe amaituko balitz bezala. Bigarrenak, berriz, eten puntuak bagenitu bezalako intonazioa izan dezake. Hori izan liteke perpausa osatu gabe, etenda, utzi dugulako seinale. Dena dela, hor perpaus bat zintzilik utzi dugulako susmoa argi gelditzen da eta holakoei buruz solaskideak beti du aukera zehaztasunak eskatzeko. Esaldi horien aurrean, adibidez, beti dago aukera, solaskideak honen antzeko galdera bat egiteko:

  • Ergelagoa bazina, zer?
  • Zuk dakizuna jakingo banu, zer?

Mehatxua, kezka edo desioa adierazteko ere erabiltzen ditugu horrelakoak:

  • Bazkarian zintzo portatzen ez bazara… → mehatxua
  • Hainbeste kutsatzen jarraitzen badugu… → kezka
  • Gehixeago zaintzen hasiko bazina… → desioa

Ezberdinak dira eta juntagailuarekin hasitako galderak:

  • ‘Eta oker bageunde?’

Horrelakoak agian egia izan daitekeen aukera edo egoera posible bat hizpidera ekartzeko erabiltzen dira; baina proposamenak egiteko ere erabil daitezke:

  • Eta Uztaritzeko kobazuloetara joango bagina?
  • Eta Sena ertzera, Pont Neuf-era egunsentia ikustera joango bagina? (Neguko zirkua, Cano, H.)
  • -Eta hemendik joango bagina? - galdetu zuen bi nesketako batek, beldurtuta. (Bederatzietatik bederatzietara, Leo Perutz / Anton Garikano)
  • Eta Errusiara joango bagina zer, Luisa? (Riomundo, Maia, J.)
1 Horrelako adibideetan, ondore perpausa bideratu zezaketen baldintza posible guztien artetik bat hautatzen da, eta maila gorenean jartzen da. ‘Gauetan buruko mina izatea’ eragiten duten egoera edo baldintza ugari izan zitezkeen, baina horien artetik bat hautatzen du, eta besteen gainetik jarri, enfasia emanez. ‘Mailakatze baldintzazkoak’ ere deitu izan zaie.
2 Lehen ere aipatu dugu aurkaritza adierazteko, euskarak hauek baino berezkoago dituela beste egitura batzuk. Ikus honi buruz zalantzen txokoan jasotako argibideak

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baldintza perpausen nolakotasuna", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3