Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:1:7

Baldintza adizkiei buruzko zenbait ohar

Baldintzazko perpausak osatzerakoan sortzen diren zenbait zalantza eta nahasteri buruz beste bizpahiru ohar egitea komeni da:

  • ‘izango da’ modukoen anbiguotasuna.
  • adizki alegiazkoen eta ez-alegiazkoen arteko diferentzia nabarmen batez.
  • -(te)ke atzizkiaren erabileraz sor daitezkeen arazoez pare bat ohar.

egingo zuen

Aitonaren andregai berri gazteaMendebaldean geroaldia bi eratara uler daiteke:

  • Erosi al du, azkenean, etxea?
  • – EROSIKO ZUEN.
  • Gaztea al da aitonaren andregai berria?
  • – Bera baino gazteagoa IZANGO DA, seguru asko.

Erosiko zuen, izango da, geroaldiko adizkiak dira. Hemen, hala ere, gerokotik gutxi dute, ustea adierazten dute eta ‘erosi bide du’, ‘erosi du, antza’ modukoez ordezka daitezke. Klasikoen erabileran ‘erosi duke’, ‘gazteagoa dateke’ eta holakoak ikusiko ditugu.

  • Hau irakurtu duenak bere beithan egin duke ja, horrela marketsa zenaz geroztik xakur hura, sortzez edo bertzela, nekez zitakela loth ardier; ez dela beraz batere balditzekorik aitak hainbertze maite balin bazuen. (Buruchkak, Etchepare, J.)
  • Hartarik batere errebelatzen bazare, orobat mement beretik eta sekulakotz zureak egin duke. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
  • Bainan hori iguzkia atheratuz geroztik egin badu, gizon hiltzeketa bat egin duke, eta hila izanen da bera. (Biblia Saindua I, Duvoisin)
  • Zeren orduan bere berri hartan aphur bat hotztua dateke, ematua dateke. (Guero, "Axular")
  • Haurra bethi dantzaerazi dena nekez jarririk dago, gizon datekenean bethi txostakerietan izan denaz nekezago dateke egitekoer enjogi. (Filosofo huscaldunaren ekheia, Eguiateguy, J.)
  • Egia dateke Goidelak ez direla izan Sartalderat etorri ziren lehen Indoeuroparrak, eta beste populu bat familia hortakoa zenik aitzinean joan zarela; (Artikuluak, Mirande)

Forma hauek baldintzaren ondorioetan ere ager daitezke, ordea, eta, gainera, baldintza alegiazkoa denean nahiz alegiazkoa ez denean:

  • Belauniko eskatu balio, lortuko zuen baimena, (baina ez dio eskatu eta ez du lortu).
  • Belauniko eskatu badio, lortuko zuen baimena, (espero izatekoa denez).

Lehenbiziko adibidean lortuko zuen (= lortuko zukeen) alegiazkotzat interpretatzen da. Egitateen kontrako baldintza eta ondorio baten aurrean gaude: ez dio belauniko eskatu eta ez du baimena lortu. Bestela, lortuko zuen: baldintza bete ez denez, baimenik gabe gelditu da. Belauniko ari da eskatzen Bigarrenean, aldiz, ontzat eman daiteke belauniko eskatu diola. Horrela kontatu diote, nonbait, hiztunari. Hori egia dela onartuz, ustezko baieztapen bat egiten du, baldintzaren ondorio logiko gisa. Alegia, hiztunak gauzak modu batean gertatu direla onartu ondoren, bigarren partea ere (baimena lortzea, alegia) gertatzea daitekeena dela pentsatu du eta hala adierazi. Holakoetan, zerbait gertatutzat edo egiatzat eman ondoren, hiztunak egiten duen inferentzia bat daukagu 1, baina kasu honetan dedukzio hori ustezko zerbait bezala aurkezten du, ez nahitaez egiazko den zerbait bezala. Ikus horretarako bi perpaus hauen arteko aldea:

  • Euskalduna euskaraz dakiena bada, gu euskaldunak gara.
  • Euskalduna euskaraz dakiena bada, gu euskaldunak izango gara.

Bigarren adibideko perpaus nagusian ageri den aditza, formaz geroaldikoa da (izango gara), baina kasu honetan ez gara etorkizuneko ezertaz ari, ustezko zerbaitez baizik. Holako inferentziak gerta daitezke orainaldian (izango gara) baina baita lehenaldian ere (izango ginen). Eta, gainera, holakoen aurretik maiz ezartzen dugun baldintza ere eman daiteke orainaldiko nahiz lehenaldiko adizki batez, trinko nahiz perifrastiko:

  • Mikel aberatsa bada, haren seme-alabak ere hala izango dira.
  • Etxea saldu badute, ez dute diru premiarik izango, noski.
  • Etxe guztiak saldu bazituzten, pozik egongo ziren/dira.

Kontua da geroaldiko adizkiak usteak adierazteko ere baliatzen ahal direla.

ibiliko bazen / ibiliko balitz

Aberatsen ezkontza, ez dakigu pobre hil den Ibiliko bazen eta ibiliko balitz bi adizki erabat desberdinak dira. Bata erreala da, bestea alegiazkoa. Hori argiro erakusten du laguntzaile desberdinak: bazen/balitz. Eta alegiazkoaren ordez ezin erabil daiteke forma erreala. Horrenbestez, honelako esaldietatik ihes egin behar da:

  • *[Jakin banuen] esango nizun. → Jakin (izan) banu, esango nizun.
  • *Aberats batekin ezkondu bazen, zoriontsuago izango zen. → Aberats batekin ezkondu (izan) balitz, zoriontsuago izango zen.
  • *Hegoak ebaki banizkion, nerea izango zen. → Hegoak ebaki banizkio, nerea izango zen.

Forma errealak oso testuinguru jakinetan erabiltzen ditugu:

  • [Berri hori jakin banuen] jakin nuen. Hobe nuen bilerara joan ez banintz.
  • [Aberats batekin ezkondu bazen], nolatan hil zen hain pobre?
  • [Hegoak ebaki banizkion] hanka sartze handi bat egin nuen, dudarik gabe.

Baldintza mota honetan solaskideek nolabait gauzak gertatutzat ematen dituzte. Jakin balu, ezkondu balitz, ebaki banizkio perpausetan, aldiz, balizko gertakari bat jasotzen da.

*balitzate, *banuke

Esan dugu baldintzaren marka (baldin) ba- aurrizkia dela. Esan dugu, halaber, baldintzak egitura bikoitza osatzen duela ondorioarekin, eta bi adizkien artean lotura estu samarra dagoela, ezin dela nolanahiko adizkia erabili. Baldintzaren marka ba- da, ondorioan, berriz, sarritan, -(te)ke-dun adizkiak agertuko zaizkigu, gure eskemetan [+AHALA] ezaugarria dutenak. Hori goiko adibideetan ongi asko ikusten da.

Zenbait euskaldunen ahotan, ordea, baldintza perpauseko adizkian ba- eta (te)ke, biak gertatzen dira:

  • Bihotz baten lekuan mila *banituzke, zuretzako, maitea, izango lirateke.
  • Zintzoagoa *balitzake, jendea pozago ibiliko litzateke.

Horiek zuzenago egongo lirateke honela:

  • Bihotz baten lekuan mila banitu, zuretzat izango lirateke.
  • Zintzoagoa balitz, jendea pozago ibiliko litzateke.

Baina elkarketa hau, gorago aipatu dugun bezala, ez da beti okerra. Adibidez, gorago esan dugu ahalerazko adizkiak ager daitezkeela baldintza perpausetan. Baldintza ez-alegiazkoa denean, arazo handirik ez da:

  • Hori da nik zuri egiten dizudan galdera, egin baldin badezaket. (Idazlan hautatuak, Artikuluak eta beste, Koldo Mitxelena)
  • Zuk ezin egin badezakezu, (…) nik eginaraziko dut zuretzat. (Bi saindu hescualdunen bizia, Laphitz)
  • Baldin etsaitu gabe, (…) ezin aparta bazaitezke, hauts ezazu, etsai zaitezi. (Guero, Axular)

Australiara joaten bazara, mendi hau ikusiko duzuGorago esan bezala, arazotsuago gertatzen dira hauek alegiazko adizkiekin.

  • Australiara pozik joango nintzatekeen arren, ez dut aski diru.
  • ?Australiara pozik joango banintzateke, zergatik ez didate behar dudan dirua ematen?

Gramatikaren ikuspegitik behintzat ez da erraz ikusten zergatik bi horien artean bat zilegi den, eta bestea, aldiz, ez.

1 ik. EGLU-VI, 18-21

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baldintza adizkiei buruzko zenbait ohar", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3