Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2

Baldintza perpaus jokatuak eta jokatugabeak

HAUETAKO BATI GARAIKURRA EMANGO DIOTEBaldintza perpausak jokatuak nahiz jokatugabeak izan daitezke:

  • Txapelketa irabazten baduzu, garaikur bat emango dizute.
  • Txapelketa irabaziz gero, garaikur bat emango dizute.

Lehenbizikoa jokatua da, eta jokatugabea bigarrena. 1

Menderagailuak perpaus jokatuetan

Adizki jokatua duten perpausekin ari garenean, ba- aditz aurrizkia da erabiliena baldintzazko perpausak osatzeko2:

  • liburu hori irakurtzen baduzu, ez zara damutuko.
  • garaiz oheratzen bazina, hobeto jaikiko zinateke.
  • garbi esan bazenit, egingo nuen…

Menderagailuaren indargarri modura, batzuetan baldin lokailua3 azaltzen da:

  • Liburu hori irakurtzen baldin baduzu, ez zara damutuko.
  • Baldin garaiz oheratuko bazina, hobeto jaikiko zinateke…

ba- menderagailua hainbat egituratan

Euskaraz askotan menderagailu bakoitza ez da zehazki perpaus mota jakin bakar baterako erabiltzen. Horixe gertatzen da nagusiki baldintzazkoetan erabiltzen den ba- menderagailuarekin ere. Adibidez, ba- daramaten baldintzazko perpausak aurki ditzakegu bezala, baino eta bezain konparazio hitzen osagarri modura, alegialdiko forman:

  • Haur txikia balitz bezala mintzatu zitzaizkion, eta horrek haserrea eragin zion
  • Harrera hotza egin dit, ezagutuko ez banindu baino hotzagoa.
  • Egurrezko txirrindu hura altzairuzkoa balitz bezain gogorra zen.

Bestalde, EGLUn ( V eta VI) ikusten da horrelako konparazio perpausetan agertu izan direla bailitzan, bailuen eta antzeko esapideak ere, eta esapide horiek aski berriak direla, eta ez baitezpada bultzatzekoak.

  • Egia da balitz bezala eta bailitzan baliokidetzat hartu dituztela idazleek, baina bailitzan gisakoak ez dira arkaikoak, aski berriak baizik, eta, gainera, itxura guztien arabera, gramatika legeen kontra eratuak. Horrenbestez, bazter utzi beharrekoak ez badira, bultzatzekoak ere ez dira. ( EGLU-V, 370. or.)
  • BA- perpausak baino, bezain eta bezala konparagailuen osagarri moduan ere agertzen zaizkigu maiz, alegialdiko forman[…] EGLU Vean (370. or.) ikusi genuen horrelako konparazio perpausetan agertzen direla bailitzan edo bailuen bezalako esapideak ere, aski berriak direnak eta ez baitezpada bultzatzekoak. (EGLU VI, 13. or.)

Beste batzuetan, perpaus osagarri modura ere azaltzen dira ba-perpausak. Horrela gertatzen da zenbait euskalkitan, bizkaieraz oroz gainetik, Ez dakit joango banaiz eta antzeko adibideetan, zehar-galderak ba-perpausen bidez moldatzen direnean ( EGLU V , 101. or.)

  • Begira emen aragizko bekaturik egin badozu. (Escu-liburua, Añibarro)
  • Eztakit ama, ezkonduko banaz-be; apalkeri gogorra izan da niretzat Eladiren ezetza. (Josetxo, Etxeita, J. M.)
  • Urte bik iges eben egur me-garra lez ta osabea ezekien bizi bazan edo ez; onek ezeukalako munduan aiderik ezpada burdinazko kutxea gorderik. (Parnasorako bidea, Azcue, E.)

Edo erabilera hedatuagoan, norbere balorazioa, iritzia edo erreakzio emotiboa adierazten duten predikatuekin ere (hobe izan, nahi izan, nahiago izan, etab.) aurkitzen ditugu (subjuntiboko perpaus baten ordez):

  • Hobe zenuke garbiago jango bazenu.
  • Nahiago nuen egia jakin izan ez banu.
  • Ederra litzateke datorren asteko partida irabaziko bagenu.

Horiek guztiak aditz izena duten egiturez ordezka daitezke:

  • Hobe zenuke garbiago jatea.
  • Nahiago nuen egia ez jakitea.
  • Ederra litzateke datorren asteko partida irabaztea.

Bestalde, horien oso hurbileko adibide batzuk ere aurki daitezke, ezezko perpausetan bereziki:

  • Ez da harritzeko/miresteko guztiek bizkar eman badiote.

Itxura batean, subjektuaren lekua betetzen duten perpaus osagarriak izango genituzke; baina egitura horiek sakonago aztertuz ohar gaitezke segur aski ageri ez den izen sintagma bat dela subjektua perpaus horietan, eta, beraz, azalean baizik ez direla perpaus osagarriak. Era honetako ba-perpausak ez ditugu atal honetan aztertuko.

ba-dun perpausen beste balio batzuk

Ba- duten perpausek beste balio batzuk ere har ditzakete4. Adibidez, beste menderagailu batzuekin gertatzen den eran, ere lokailua eranstean kontzesiozko adiera hartzen dute: Saiatu bazara ere, ez duzu lortu. Helburuzko balioa izaten dute baldintzazko perpausean aditzaren aspektua -ko denean, eta ondore perpausean beharra edo ezina adierazten duen predikatua agertzen denean: Garaiz jaikiko bagara, garaiz oheratu beharko dugu; Lantegia aurrera aterako badugu, ezingo gara beti liskarretan ibili; balio horretan, baldintzadun perpausetako kausalitate-erlazioa nolabait aldatuta ageri da, eta ondore perpauseko ekintza edo gertakaria lehenago dator baldintzazko perpausekoa baino. Horrelakoak kontzesiozkoen eta helburuzkoen ataletan aztertuko dira.

non (eta) ez...-n

Aditz jokatuarekin baldintzazko perpausak eratzeko bide nagusia ba- aditz-aurrizkia da, baina ezezko perpausetan, non (eta) ez…-n erako egiturek ere baldintza adierazten dute5, salbuespen zentzu oso zorrotzarekin: Kanpoan afalduko dugu, non azken unean lanetik deitzen ez didaten; Ez da adiskidetuko, non eta zuzenean barkamena eskatzen ez dioten…

  • Ez eta merezi luketenei ere, non ez den holako zerbeit etsenplu izigarri, ingurune guzian orok dakitena, eta etsenplutzat oroitzeko dena. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • Zure ordreari gerla eginen dioten guziak hilen dire goizik, edo heriotze gaixtoa eginen dute; non-eta ez duten, urrikitan sarthu-eta, egiten beren egin-ahala, beren gaizkien xuxentzeko. (San Benoaten bizitzea, Joannateguy)

Menderagailuak perpaus jokatugabeetan

Adizki jokatugabeekin ere eratzen dira baldintzazko perpausak. Baina ezin da esan zehazki baldintzazkoak bakarrik eratzeko menderagailurik dagoenik: hemen aipatuko ditugun guztiek lotura zuzena dute denborazkoekin, moduzkoekin edo helburuzkoekin. Batzuetan partizipioa hartzen da oinarri modura, eta beste batzuetan aditz izena. Partizipioa oinarritzat hartuz, -tuz gero, -tu ezik eta –tu ezean dira baldintza balioan gehien erabili izan diren menderagailuak:

  • Benetan ahaleginduz gero, emaitza onak lortuko dituzu.
  • Ondo ikasi ezik, ez duzu etsamina gaindituko.
  • Garaiz joan ezean, ez dugu partidarako sarrerarik lortuko.
  • Ez duzu jakingo saiatu ezean, esan nuen, eta han joan zen, bihotz-monitoretik askatuz eta zain barneko hodiaren euskarri gurpilduna korridorean zehar eramanez. (Brooklyngo erokeriak, Paul Auster / Oskar Arana)
  • Lelengo pekatu bidean edo okasiñoren baten sarturik dagoanak esan bear deutso zelan dagoan, eta ori egin ezik, eztau gauza dan konfesiñorik egingo. (Sermoiak II, Zabala, J. M.)
  • Berriro eskua hartzen ahaleginduz gero, agian utzi egingo ziola pentsatu zuen. (Mirarien kalezuloa, Nagib Mahfuz / Zubizarreta, P.)

Aditz izenarekin, berriz, -tzekotan/-tzeko(t)z eta -tzera(t) dira baldintzazko balioarekin sarrien azaldu izan direnak:

  • Araudia aldatzekotan/aldatzekotz, guztion adostasuna behar da.
  • Hori guztia jakitera, bileran isilik geratuko nintzen.

Eta badira, bestalde, nagusiki beste balio bat duten menderagailuak, baina inoiz balditzazkoen adieran azal daitezkeenak ere. Adibidez, -tuta, -turik, -tuz, -tutakoan menderagailuak baldintzazko adierarekin ere erabil daitezke:

  • Orain arte bezala jarraituta, garaipena hurbil izango duzu.
  • Hainbeste janez, laster gizenduko zara.
  • Gogo onez hasitakoan, erraz egiten da lana.

Menderagailu horiek ez dute hainbeste zehazten mendeko perpausak nagusiarekin izango duen lotura semantikoa, eta tarteka baldintza (Orain arte bezala jarraitzen baduzu…; Hainbeste jaten baduzu…; Gogo onez hasten bada…) edo beste balio batzuk har ditzakete; zirkunstantzia bat adierazten dute, eta zirkunstantzia hori baldintzazko modura ere interpreta daiteke. Baina menderagailu hauen azterketa beste atal batzuetan egingo da.

1 Ondoko artikuluetan baldintza jokatuak aztertuko dira lehenik, eta gero jokatugabeak. Hemen datozen ohar gehienak baldintza jokatuei dagozkie, erraz ikusten den gisan.
2 Ikus hemen ba- aurrizkia duten baldintzazko perpausei buruzko informazio gehiago.
3 Lokailu hori tradizioan hainbat formatan azaldu izan da, eta hainbat kokaleku izan ditzake.
4 Egitura hauei buruzko informazio gehiago eskuratzeko, ikus atal hau.
5 Egitura honi buruzko azalpen zabala hemen aurki zenezake.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baldintza perpaus jokatuak eta jokatugabeak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3