Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:1

ba- aurrizkia duten baldintzazko perpausak

Baldintzazko perpausen artean, ba- aurrizkia menderagailu gisa baliatzen dutenak hartu ohi dira perpaus-mota osoaren eredu modura. Eta horiek aztertuko ditugu lehenengo.

  • Ikusten banau, ezkutatzen saiatuko naiz.
  • Deituko balit, barkatuko nioke.

Erabil daitezkeen aditzei dagokionez, aukera handia dago, bai baldintzazko perpauserako, bai ondore perpauserako.

Bestalde, ba- menderagailua, nahi izanez gero, baldin lokailuaren bidez ere indar daiteke:

  • Baldin Pello Bilbon ikusten baduzu, esaiozu ikusi nahi nukeela.

Andima Ibiñagabeitia

Baldin lokailuaren tokia baldintzazko perpausaren barnean aski libre da: baldintzazko perpausaren hastapenean (aurreko adibidean bezala) edo aditz jokatuaren ezkerrean, BA- aurrizkiaren ondo-ondoan, izan daiteke; adibidez, goiko adibidea honela esan daiteke:

  • Pello Bilbon ikusten baldin baduzu, esaiozu ikusi nahi nukeela.

Literatura klasikoan, bietako moldeak aurkituko ditugu:

+/-alegialdia

Baldintzazko perpausen sailkapena haietan agertzen den adizkien arabera egin ohi da, +/-alegialdia ezaugarritik abiatuta.

[+alegiazkoa] [-alegiazkoa]
Soldata hobea BANU, Batzuek, gehiegizko soldata EMATEN BAZAIE,
Harley Davidson bat erosiko nuke ez dute jakiten diruarekin zer egin

Ezaugarri horrek lotura estua du esaleak hipotesiari aitortzen dion gertakotasun mailarekin eta horren arabera, bi baldintza mota bereizten dira:

  • baldintza irrealak
  • baldintza errealak

Baldintza irrealetan alegialdiko adizkerak erabiltzen dira. Haietan gertatugabe edo gertagaiztzat jotzen diren gertakariak edo egoerak jazo balira edo jazoko balira bezala aipatzen dira. Baldintza errealetan, berriz, iraganaldiko edo orainaldiko adizkerak erabiltzen dira, eta gertakari gertatuak edo gertakorrak adierazten dira.

baldintza irrealak → gertatu ez diren gertaerak, gertagaitzak (+alegialdia)
baldintza errealak → gertatu diren gertaerak, gertakorrak (-alegialdia)

Aditzaren forma

Izenak adierazten duen bezala, alegiazko baldintzetan, ustezko, alegiazko zerbaitez ari gara, ametsetan bezala, ez egiazki gertatu edo gertatuko den zerbaitez. Zehatzago esateko: iraganeko kontu batez ari baldin bagara badakigu hura ez zela hala gertatu. Eta etorkizuneko zerbaitez ari bagara, badakigu baldintza hori betetzen ez dela, edo ez dugu inolako segurtasunik beteko den edo ez. Baldintza mota honetan, oro har, alegiazko adizkiak erabiltzen ditugu, bai baldintzan bertan, bai ondorioan:

Franco

  • [Merkeagoa BALITZ], oraintxe bertan erosiko NUKE. (badakigu ez dela merkeago izango)
  • [Harri handi bat botako BAGENU], zer gertatuko LITZATEKE? (ez dakigu zer gertatuko den, baina oraingoz ez dugu inolako harririk bota)

Bi perpaus horietan ametsezko mundu batean bezala ari gara, egiazki gertatu ez den zerbaitez hipotesiak egiten.

Aldiz, benetan egia den edo egiazki gertatu den zerbaitez ari bagara ezin da alegiazko aditz formarik eraiki, solas koherente batean behintzat:

  • Francok gerra piztu balu, bazterrak suntsituko zituen.
  • Francok gerra piztu ez balu, orain beste egoera batean egongo ginateke.

Gramatikaltasuna eta egokitasuna

Gramatikaren ikuspegitik, bi perpaus horiek zuzenak badira ere, egokitasunari dagokionez desberdinak gertatzen dira: Francok gerra piztu zuela dakienak ezin du lehenengo adibide hori esan, adarra jotzeko asmotan ez bada behintzat, bai baitaki FRANTZIAKO PRESIDENTEAzinez Francok gerra piztu zuela. Horrenbestez, gertatutakoaren jakinaren gainean gaudenez gero, ezin dugu hori hipotesi bihurtu, bai baitakigu hipotesi hori ezin dela bete. Esaldi hori benetan Francok gerrarik piztu ez zuela uste duen batek bakarrik esan dezake. Gertatu ez dena edo oraindik gertatu ez dena bihur daiteke hipotesi, ez, gertatu dena. Bigarren esaldia, aldiz, onargarria da, gertatu ez zenaz egiten baita hipotesia. Horregatik bereizi behar dira beti bi kontzeptu: gauza bat da perpaus baten gramatikaltasuna (gramatikala da gramatikaren arauak ongi betetzen dituelako eta bestea egokitasuna:

  • Frantziako presidenteak 50 urte ditu
  • Frantziako presidenteak bi hilabete ditu

Bi perpaus horiek gramatikalak dira. Besterik da egokiak diren edo ez. Egokitasunak errealitatearekin du zerikusia. Badirudi, bestelako informaziorik ez badugu, lehenbiziko perpausa egokia izan daitekeela. Baina ez bigarrena. Nahiz biak gramatikalak izan. Gerta daiteke, gainera, lehenbizikoa ere ez izatea egokia, Frantziako presidenteak 60 urte baditu. Kasu horretan, biak gramatikalak izanik, ez bata ez bestea ez lirateke egokiak izango.

Adibideak emateko, has gaitezen hiztunek aurretik modu seguruan ezagunak dituzten kontuekin:

  • Francoren armadak Espainiako gerla zibila galdu balu/*bazuen…

Baldintzazko perpaus horretan, aditzaren aldetik, (+alegialdia) bakarrik da onargarria (balu), menpeko perpaus horretan esandakoa kontrafaktuala denez, iraganeko aditza (bazuen) ez delako egokia gertatu ez zen zerbait adierazteko, inferentziazko erabileraren batean ez bada behintzat.

Aldiz, demagun molde hau:

  • Francoren armadak Espainiako gerla zibila irabazi *balu/bazuen…

Adibide horretan alderantzizko egoera aurkitzen dugu. Aditzak (+alegialdia) ezaugarria duenean (balu), baldintza irreala izango genuke, eta (-alegialdia) ezaugarriarekin (bazuen), baldintza erreala.

Hiztunentzat hain argiak ez diren kontuak darabiltzagunean ere, aditza (+/-alegialdia) motakoa izateak badu garrantzia. Ondorengo bi perpausak zuzenak dira, baina biak ez dira sinonimoak:

  • Bihar euria egiten badu / Bihar euria egingo balu

Aditza (-alegialdia) motakoa denean (badu), hiztunak adieraztera ematen du haren ustez biharamunean euria egitea gerta daitekeen gauza dela, hots, gauza segurua izan gabe ere, guztiz gertakor iruditzen zaiola; baldintza errealen barnean sartuko genuke. Alderantziz, (+alegialdia) daraman adibidean (balu), gertatze hori hipotetikoagotzat jotzen du; baldintza irrealen sailean kokatuko genuke.

Baldintzazko perpausak eta egiatasuna

Baldintza ez-alegiazkoetan, aldiz, beste jarrera bat erakusten du hiztunak, zerbait egiazki gertatu dela ematen baita ontzat, edo zerbait gertatu ez arren, norbaitek, egiaren kontra bada ere, egin dezakeen adierazpen bat hartzen da baldintzatzat. Esaterako, batek esan dezake –egiaren kontra, bistan da- Francok ez zuela gerra hasi. Edo onar dezake hori eztabaida batean, abiapuntu gisan, bere argudiobidea beste modu batera antolatzeko. Kasu horretan, adibidez, erabat koherente gertatuko litzateke honako erantzun hau:

  • Francok gerra piztu ez bazuen, ez zuen inork piztu.

‘Egia bada’ eta ‘egia balitz’-en arteko aldea daukagu hemen. Hau iraganari edo orainari buruz ari garenean, garbi ikusten da: ‘lotsa piska bat balu’ dioenak suposatzen du ez duela lotsarik. Baina ‘lotsa piska bat badu’ dioenak, aldiz, onartzen du, beharbada, lotsa baduela, aurrekoan ez bezala.

Ondoko lerroetan aztertuko ditugu kontu hauek. Lehenbizi, alegiazko adizkia dutenei erreparatuko diegu. Ondoren, gainerako adizkiak dituztenei.

ba-dun baldintza perpausen sailkapen nagusia

Horrenbestez, alegialdia dakarten perpausei baldintza irreal esango diegu; alegialdiko aditzik gabe, iraganaldia edo orainaldia dakartenei, berriz, baldintza erreal. Sail nagusi bakoitzaren barnean ere hainbat aukera izan ditzakegu. Hauxe da baldintzazko perpausen sailkapen nagusia:

Baldintza irrealak (+alegialdia)
etorri / etortzen / etorriko balitz
etor baledi
(baldin) baletor
Baldintza errealak (-alegialdia)
orainaldia
etorri / etortzen bada
(baldin) badator
iraganaldia
etorri / etortzen bazen
(baldin) bazetorren

ba-dun perpausen beste balio batzuk

Baldintza [+gerokoa, -alegiazkoa] ezaugarria duten adizkiak ikusiko ditugu hemen: etorriko bada, egingo badute moldekoak.

Baldintza errealetan, honelakoek ere badute tokia: Musika jarri diote, lo egiteko

  • Milako bat eman behar izan nion, [bakean utziko bagintuen].
  • [Isilduko bada], nola edo hala engainatu beharko duzu.
  • Musika jarri behar izaten zioten [lasaituko bazen].

Baldintza perpausa geroaldikoa da adibide hauetan, baina, baldintza baino areago xedea edo helburua adierazten du. Hain zuzen, [… -tzeko] perpaus batez edo subjuntibo bidez erraz ordezka daitezke perpausok:

  • Milako bat eman behar izan nion, [bakean uzteko].
  • Nola edo hala engainatu beharko duzu, [isil dadin].
  • Musika jarri behar izaten zioten [lasaitzeko].

Hortaz, formaz baldintza-perpaus ditugu baina esanahiz, helburuzko edo dira. Horrelakoetan, gainera, perpaus nagusiak halako obligazio zentzu berezia izan ohi du.1

Beste batzuetan, ordea, baldintza balio garbia izan dezakete:

  • Lanik izango ez badut, alferrik deitu didazu. (cf. Egia bada ez dudala lanik izango, alferrik deitu didazu)

Kontzesio perpausetan ere adizkiak berezko duen balioa gordetzen du:

  • Lan handirik izango ez badut ere, kontratatu egin naute. (cf. Lan handirik egin ez dudan arren, kontratatu egin naute.)
1 Honela dio Mitxelenak: “Egingo badu tiene, me parece, un matiz de obligación (“si lo ha de hacer”), y se emplea típicamente con behar en la apódosis: irabaziko badu, lanean hasi beharko du. (Villasante 1976: 181, 1. oharra)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "ba- aurrizkia duten baldintzazko perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3