Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:1:1:1

Baldintza irrealak

Euskaraz baldintza irrealak aldiaren marken bidez adierazten direnez gero, aldi markadurari dagokio alegialdia. Ondorioz, haietan (+oraina) vs (+iragana) oposiziorik ez izanik, aspektu marken bidez seinalatzen dira alegialdiko baldintzetan ager daitezkeen denbora oposizioak.

Baldintza irrealetan, bereizkuntza nagusia (+/-burutua) aspektu ezaugarriak markatzen du. Horrela bitan sailkatzen dira baldintza irrealak:

Aspektu burutua dutenak ez bezala, aspektu burutugabea dutenak forma askotarikoak izan daitezke:

  • (+burutua) direnak: etorri balitz
  • (+burutua) ez direnak: baletor, etor baledi, etortzen/etorriko balitz

Aspektu oposizioak baldintza irrealetan

(+burutua) ezaugarria duten baldintzek solas unean bururatuak diren egoerak eta gertakariak, edo gertakari segidak, aipatzen dituzte, eta haietako aditzek aspektu burutua izan behar dute nahitaez. Berdin du noiz kokatzen den denboran bururapen hori, solas unetik hurbil-hurbil (Duela segundo bat aitzinera agertu balitzait…), edo, alderantziz, denboran oso urruti (Duela berrogei urte sortegunean agertu balitzait…), adizkera bera erabil daiteke.

(+burutua) ezaugarria ez duten alegialdiko baldintzak, berriz, era desberdinetakoak izan daitezke:

  • aspektu markarik gabekoak (era trinkoan jokatuak edo aspektu markarik eskatzen ez duen aditz laguntzailea izanik)
  • aspektu burutugabea edo gerokoa dutenak. Solas unean hastekoak diren egoerak eta gertakariak adieraz daitezke haien bidez (Bihar edo etzi hango jende xehea jazarriko/jazartzen balitz edo jazar baledi), edo hasiak izanik burutuak ez direnak (Diru gehiago (izango) banu), edo gertakari segidak ere bai (Igandeetan ere lan egingo/egiten banu).

Horiek horrela, ekarri aditza hartuta, ondoko lau adizkera hauek elkarren parekoak edo izan daitezke erabileran:

  • Biharko egunak berri hobeak ekarriko balitu / ekartzen balitu / ekar balitza / balekartza.

Ikus hemen zenbait adibide:

  • Beroan bero, Ipar-Euskal-Herria zertan den funtsez azterturik, ekartzen balitu zonbait lantegi eta bizitegi askoren arrazoinki eraikitzeko moldea, gure gazteak hemen berean aisexago kokatzeko gisan! (Bideko ixtripu gutiago, Herria)
  • Eta Zazpiak Baten ingurua amaitzeko gutun berean: “Berorren maiestateak ekar balitza mila eta bostehun gizon Araba herritik, eta jende batzuk Gipuzkoatik, hiri honek atxiki liezaioke enbatari, Gaztelako sokorria jin artean.” ( Zerratze urrina Enpresarentzat, Ipar Euskal Herriko Hitza)
  • Doktorea, hogeita hamabost bat urteko emakume diskretua, bikotearen erreakzioei errespetuzko asti pixka bat eman ondoren, diagnostikoa zehazten hasi da, esan beharrekoak nola esan ondo ikasita balekartza bezala. ( Zu, Karkara)

Eta euskalkietan agertzen diren mugak bazterrean uzten badira (argi da, adibidez, euskalki batzuetan ekarri aditzaren jokabide trinkoa ez dela erabiltzen, alegialdian bereziki, edo, beste euskalki batzuetan, *ezan laguntzailea ezin joka daitekeela baldintzazko perpausetan), ez dirudi lau aukera horietako bihi batez aurreko adibidean gaizki erabilia dela esan daitekeenik.

Horrenbestez, alegialdiko baldintza burutuen ezaugarria modu bakarrean ematen bada, hau da, (+burutua) direla esanez; bestelako baldintzen aniztasuna kontuan hartu behar dugu:

  • baletor (-perifrastikoa)
  • etor baledi (+perifrastikoa, -aspektua)
  • etorriko balitz (+perifrastikoa, +aspektua, +gerokoa)
  • etortzen balitz (+perifrastikoa, +aspektua, -gerokoa)

Xehekiago ikusiko ditugu horiek guztiak ondorengo ataletan.

+/-perifrastikoa
-perifrastikoa +perifrastikoa
baldin baletor -aspektua +aspektua
etor baledi -burutua +burutua
+gerokoa -gerokoa etorri balitz
etorriko balitz etortzen balitz

Baldintza perpauseko adizki motak

Horrenbestez, alegiazko baldintza perpausa, protasia, berez, lau motatakoa izan daiteke, adizkiari dagokionez:

  • Partizipio [-burutua] dutenak (…-tuko/…-t(z)en)
    • Jakingo balu / etorriko balitz…
    • Jakiten balu / etortzen balitz…
  • Adizki trinkoa dutenak:
    • Baleki / baletor
  • *edin / *ezan laguntzailedunak:
    • jaiki baledi / esan baleza
  • Partizipio [+burutua] dutenak (-TU):
    • ikasI balu; etorrI balitz; konponDU balu…

OHETIK JAIKI BALEDI... (BAINA EZ DU JAIKITZEKO ITXURARIK)

Esan dezagun etorriko balitz eta etortzen balitz parekoak direla biak, eta desberdintasuna euskalki kontua dela. Hedatuena etorriko balitz da, geroaren markarekin, eta etortzen balitz bezalakoak maizago ageri dira Ekialdeko euskalkietan (gauza bera gertatzen da *ezan, *edin aditz laguntzaleekin ere: ekarriko balu da hedatuena, eta ekar baleza bezalako formak maizago Ipar-ekialdean). Dena den, bistan da ikusten balu eta ikusiko balu parekoak direla esanahiari dagokionez.

Aditzak partizipioa hartzen duenean (etorri balitz) beti iraganari behatzen diogu, eta izan aditzaren partizipioa ere hartzen ahal du egitura horrek batzuetan: etorri izan balitz. Kasu honetan ere aurrekoetan gertatzen zaigunaren pareko zerbait pasatzen zaigu: etorri balitz eta etorri izan balitz parekoak dira.

Beraz, laburturik:

Alegiazko baldintza
[-burutua] [+burutua]
…-t(z)enN/…-tukoAdizki trinkoa*edin/*ezan laguntzailedunak …-tu (izan)
{jakiten/jakingo} balu… {etortzen/etorriko} balitz…baletor, baleki…jaiki baledi, esan baleza..Jakin (izan) balu… Etorri (izan) balitz…

Baldintzaren ondorioko adizkia

Baldintzaren ondorioko adizkia orainaldian, geroaldian edo iraganaldian eman daiteke.

Oraina eta geroa

Baldintza-egituretan lotura estua gertatzen da perpaus nagusiko adizkiaren eta baldintza perpausekoaren artean. Oro har, baldintza alegiazkoari, alegiazko ondorioa dagokio, eta, alderantziz, baldintza ez-alegiazkoari, ondorio ez-alegiazkoa. Ikus ditzagun astiroago alegiazko baldintzaren ondorioetan agertzen diren adizkiei.

HARRI HORI ERORTZEN BALITZ...Baldintzako adizkia (-tuko) [+gerokoa] nahiz (-t(z)en) [-burutua], nahiz trinkoa, nahiz *edin/*ezan sailekoa bada, ondorioa [+gerokoa] izan ohi da, arruntean:

  • Ongi ezagutuko ez banu, isilduko nintzateke.
  • Gezurra esango balizu, zer egingo zenioke?
  • Nire amak baleki, negar egingo luke.
  • Harri hori erortzen balitz, etxe guztia eroriko litzateke.
  • Krimen handiren bat egin baneza, kartzelan sartuko nindukete.

Adibide horietan adizkiak alegiazkoak dira. Eta horietatik zenbait 'irrealak' direla ere esan daiteke, edo agian hobeki 'kontrafktualak' (batzuk bederen), egitateen kontrakoak alegia: ongi ezagutuko ez banu, isilduko nintzateke, adibidez, holakoa da. Hori dioenak iradokitzen du ongi ezagutzen duela eta ez dela isilduko. Nire amak baleki, negar egingo luke) ere kontrafaktuala da: nire amak egiazki ez daki adierazi nahi du.

Esango balizu, erortzen balitz edo egin baneza bezalakoetan geroaz ari gara, hori, gertatzekotan ere, gero gertatuko da. Aldiz,ezagutuko ez banu edo amak baleki bezalakoetan, orainaz. Aditz motek markatzen dute hori. Nolanahi ere, denetan alegiazko zerbait adierazten da. Eta alegiazkotasun hori baldintza perpausean eta perpaus nagusian, bietan gertatzen da.

Formari dagokionez, berriz, aditz partizipioa etorkizunekoa da (eginGO, isilDUKO, erorIKO…) eta adizki laguntzailea alegiazkoa (nintzateke, zenioke, litzateke…). Hau da Mendebaldeko euskalkietako usadioa.

Iparraldean, aldiz, egingo luke modukoen ordez, ahalezko formak erabiltzen dira:

  • Ongi ezagutzen ez banu, isil ninteke. (= ongi ezagutuko ez banu, isilduko nintzateke)
  • Baldin bere baitan ausnar egiten balute, egiaz ezagut lezakete irrigarri eta laidagarri direla. (Escuararen hatsapenac, Etcheberri (Sarakoa)) (=hausnar egingo balute, egiaz ezagutuko lukete irrigarri eta laidagarri direla.)

Isil ninteke/alai litezke-ren saileko adizkiak [+alegiazko, +ahal] direla esan ohi dugu. Beraz, hauek guztiak pareko formak ditugu esanahiaren aldetik.

  • Norbaiten beharra banu, telefonoa {erabiliko nuke/erabil nezake}.

Testuinguru honetan, [+ahal] markako adizkiak direla esaten badugu ere, egin lezake modukoek ez dute hemen ahalera-baliorik, ez dira benetan ‘potentzialak’ baldintzaren ondorio soilak baizik, egingo luke-ren pareko1.

Adizki trinko alegiazkoak ere erabil daitezke, hauek gaur egun jardun arruntean behintzat oso ohikoak ez badira ere:

  • Konprenitzen ez balu, baneukake arrazoi bat haserretzeko.
  • Bere urrats eta balentriez liburu bat sekulan egiten balu, euskaldunek zer irakurgeia luketen. (Azkaine gure sorterria, Zerbitzari)
  • Zeru lurrek balakite nor dudan bihotzean, ikara bat balukete neri so egitean. (Biziaren olerkia, "Iratzeder")

Adizki trinkodun ondorio hauek, nolanahi ere, geroaz baino areago orainaz mintzatzeko balio dutela dirudi.

Labur esanda, euskalki batzuetan egingo luke modukoak erabiltzen diren bezala, besteetan, balio berberarekin, egin lezake moduko formak erabiliko dituzte, edo lekike moduko adizki trinkoak. Hortaz, ohikoa da baldintza egituraren bi ataletan alegiazko formak izatea:

BALDINTZA PERPAUSA PERPAUS NAGUSIA (ondorioa)
(protasia) (apodosia)
• [-burutua, ±gerokoa, +alegiazkoa] • [-burutua, +gerokoa, +alegiazkoa]
Joango banintz… • [aditz oina, +(TE)KE, +alegiazkoa]
Erosiko banu… • [trinkoa, +alegiazkoa]
Joaten banintz……harrapatuko nuke /…harrapa nezake
Erosten banu……esango nizuke /…erran niezazuke
• [trinkoa, +alegiazkoa]…poztuko nintzateke /…poztu ninteke
Zerbait gehiago baneki……banekike
Hori egia balitz……baneukake
Dirurik ez balu……kartzelan sartuko nindukete / …sar nintzakete
Autoa behar balu…
• [*EDIN/*EZAN +alegiazkoa]
Krimen handiren bat egin baneza

Iragana

ELKARREKIN DOAZBaldintzak aspektu [+burutua] erakusten duenean (etorri balitz, jakin (izan) banu…) iraganean kokatzen gara, eta ondorioa ere iraganean joan ohi da gehienetan:

  • Lehenago etorri (izan) bazina, elkarrekin joango ginen.
  • Jakin (izan) banu, etxean geldituko ginen.
  • Nik esandakoa egin bazenu, orain bi izango zenituen.

Joango ginen, geldituko nintzen, izango zenituen adizkiak iraganekoak ditugu. Adibide horietan iraganaz ari gara, iraganean gertatu ez den zerbaitez.

Perpaus nagusiko laguntzailea, -(te)ke formakoa ere izan daiteke, beti ere iraganean:2

Hona hemen beste adibide batzuk ere:

  • Lehenago etorri (izan) bazina, elkarrekin joango ginatekeen (= joango ginen)
  • Jakin (izan) banu, etxean geldituko nintzatekeen (= geldituko nintzen)
  • Irakatsi (izan) baliote, orain guk bezala jakingo zukeen (= jakingo zuen)

Nolanahi ere, iraganaldiko formen ordez alegiazko soilak ere erabil daitezke zenbaitetan, solasaldia gertatzen den unean perpaus nagusiko ekintza edo gertaera artean [-burutu] gisa aurkezten badugu.

  • Aita Jainkoak egin banindu zeruetako giltzari/azken orduan jakingo nuke atea nori ireki.

EGLU-VI-k (36-37 orr.) holako adibide urri batzuk eskaintzen ditu:

Nolanahi ere, joera nagusia, holakoetan, iraganaldiaz baliatzea da.

Hortaz, iraganari buruzko baldintza egituron taxua argi dago:

BALDINTZA PERPAUSA (protasia) PERPAUS NAGUSIA (apodosia)
[[-TU (IZAN)]A Nag] BA- [+alegiazkoa]A Lag] [[-TUKO]A Nag + [+iragana]A Lag]
Etorri (izan) bazina……poztuko {zen/zatekeen}
Jakin (izan) bagenu……ez {genion/geniokeen} esango

Alegiazko baldintza, perpaus osagarri (baldintzazkoak eta konparatiboak)

Alegiazko baldintza zenbait aditz/adjektibo konparatiborekin batera ager daiteke. Berez, konparatibo hauen osagarri izango litzateke baldintzazko perpausa, baina baldintzazko egitura gordetzen du eta bere bi atalak nabarmen erakusten ditu. Esapide honek, hala ere, ez du emankortasun handirik: nahiago izan, hobe izan eta, behar bada, beste bakarren bat izango lirateke holakoak onartzen dituztenak. 3

Bi perpausetako aditza alegiazkoa izan ohi da:

  • Nahiago nuke euri pixka bat egingo balu. (cf. *nahiago dut euri piska bat egingo balu)
  • Hobe luke dituen zorrak ordaintzen hasiko balitz. (cf. *hobe du dituen zorrak ordaintzen hasiko balitz)
  • Niregan sinesten duten txiki hauetakoren bat galbidean jartzen duenak, hobe luke errotarri bat lepotik erantsi eta itsas hondora amilduko balute. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)

Konparatiboaren ordez, forma arrunta bagenu, berriz, osagarriak ohiko forma izango luke:

  • Nahi {dut/nuke} euri pixka bat {egitea / egin dezan}
  • Ona {da/litzateke} zorrak ordaintzen {hastea / has dadin}

Hortaz, baldintzazko egitura dugu, konparatiboarekin konbinatua, baina itzuli hori perpaus osagarri arruntaren bidez ere eman daiteke nahi izan, on izan bezalako predikatuekin.

1 Egia esan, bada hemen terminologia arazo bat. Izan ere, egingo luke/egin lezake moduko adizkiei zenbait euskal hizkuntzalarik ‘potentzial’ deitzen die cf. Mitxelena, Omaetxebarria…
2 Ekialdeko euskalkietan, [-tuko…-en]-en ordez, [-tu … -keen] ere erabiltzen dute, alegia geroaldiaren ordez aspektu burutuko formak baliatzen dituzte: Etxearen erakuslea eskuaraz mintzatu izan balitzaiku eskualduner, (…) orhoitzapen hobea baizik ez ginuken beiratu. (Beribilez, Etchepare, J.
3 Nolanahi ere, konparatiboekin erraz sortzen dira holakoak:
  • Politago egongo zinateke isilik bazeunde.
Ez dirudi alde handirik dagoenik perpaus honen eta nahiago nuke modukoen artean:
  • Nahiago nuke isilik bazeunde.
Hortaz, denak alegiazko baldintza arruntzat hartzeko ere ez genuke arazorik izan behar.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baldintza irrealak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3