Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:1:1:1:1

Aspektu burutua duten alegialdiko baldintza perpausak

Garaiz oheratu banintz, goizean ez nuen buruko minik edukiko. Aspektu burutua duten alegialdiko baldintzazko perpaus arruntak euskalki guztietan erabiltzen dira, eta denetan dute balio kontrafaktuala: hiztunak egia ez den (edo egiatzat ez daukan) hipotesi bat egiten du baldintzazko perpausean. Ondore perpauseko aditz nagusiak geroko aspektua izaten du, eta aditz laguntzailearen aldia iraganaldikoa izaten da (gehienetan modu markarik gabe):

  • Bart garaiz oheratu banintz, goizean ez nintzen hamarrak arte ohean geratuko.
  • Gaztetan gehiago ikasi bazenu, lan erosoagoa izango zenuen.
  • Lonjinosek au ziyon:
    «Ez juan billa;
    frantzesa baldin bada
    ito dedilla!».
    Antoniok jun ta eldu,
    etzuen nai iñor galdu,
    jendiak gaizki esango zun
    atera ez balu. (Bertsoak, “Xenpelar”)

Nolanahi ere, hizkeratik hizkerara aldaerak badira.

Aldaerak, euskalkiz euskalki

Aldaera gehienak ondore perpauseko aditzei dagozkie. Eredurik hedatuena aurreko hori bada ere, beste aukera bat da ondore perpausetan aditz laguntzaileak ke modu morfema hartzea. Aditz laguntzailearen aldia iraganaldikoa izan ohi da, aurreko adibideetan bezala, eta aditz nagusiaren aspektua gerokoa:

  • Liztor batek heldu balizu, ohartuko zinatekeen.

Edo ekialdeko euskalkietan, aditz nagusiaren aspektua burutua izan liteke:

  • Laguntzera etorri balitz, biziki eskertu niokeen.

Ildo honetan, gogoratu Euskaltzaindiaren 42. araua, Lehenago etorriko zen; Lehenago asmatuko zuen. Arau horretan adierazten den bezala, Euskaltzaindiak -ke morfemarekin geroko aspektua duten formak onartu ditu euskara baturako, baina aspektu burutua dutenak ez dira euskara baturako onartutako arauetan sartzen.

  • Gehiago entrenatu (izan) balitz, lasterketa irabaziko zuen.
  • Gehiago entrenatu (izan) balitz, lasterketa irabaziko zukeen.
  • *Gehiago entrenatu (izan) balitz, lasterketa irabazi zukeen.

Bigarren aukera edo moldea, berriz, ondore perpausetan iraganaldiko ahalezko adizkera eramatea da, ke- morfemarekin:

  • Indiarrek sor zezaketen gaurko fisika, bide horretatik abiatu izan balira.

"izan" indargarria

Baldintzazko perpausari dagokionez, berriz, batzuetan, burututasuna indartzeko, izan partizipio burutua agertu ohi da:

  • Ikusi izan banindu, agurtuko ninduen.
  • A! nire ama zanai kaso egin izan banio ez nuke orain nire burua ain errukarri ikusiko. (Iparragirre, Labaien, A. M.)
  • Joan, joan, bethi joan, eta kapitainak egiten zuen bere buruarekin: “Jakin izan banu, ez nian axeri tzar hau nerekin hola hartuko, ezen, bethi ixil ixila zagok!”. (Ixtorio-mixterio, Barbier)

Halakoetan ez dago ezberdintasunik esanahiaren edo gramatikaltasunaren aldetik. Bestalde, erdialdeko euskalkietan, bereziki, alegialdiko aldiaren ordez, iraganaldikoa erabili da batzuetan aspektu burutua duten baldintzazko perpausetan:

  • Orrenbeste arrautza
    jan izan banuan
    oraindik geiago' re
    korrituko nuan. (Txirritaren bertsoak I, Txirrita)
  • Badakizu ori zer dan… gaztien gauzak… chorakeriyak… bañan nik gogor artu ditut… an biali det neska izebaren echera… ta mutilla esagutu izan banuben arrunt juango zan emendik. (Meza berriya, Barriola)
  • Bada, txikitandik ikasi izan banuben mantal urratuak arabatzen, edo beste etxerako bear diran gauz asko egiten, gaur beste gisatan arkituko nitzan. (Neska jakinzaleai iru bakarizketa, Uranga, J. I.)

Hala ere, hori ez da inolaz eredu nagusia, eta ez dugu bide hori gomendatuko euskara baturako.

Aldi komunztadura

James Matthew Barrie Nabarmentzekoa da, baita ere, baldintza eta ondore perpausen arteko aspektu edota aldi komunztadurari dagokion gaia. Aspektu burutua erabiliz, alegialdiko baldintza iraganean kokaturik, ondore perpausean aipatzen den gertakaria edo egoera orainean edo geroan gertatzen bada, hainbat aukera daude aspektu edota aldi komunztadurari dagokionez:

  • protasiarekiko komunztadura errespetatuz, iraganean gertatu izan balitz bezala joka daiteke ondore perpauseko aditza (iraganaldia eta geroko aspektua baliatuz)
  • edo, alegialdian eman daiteke, baina bukatu gabeko egoera edo hasi gabeko prozesu gisa aurkeztuz.

Adibidez, eman dezagun hiztun adineko batek gaztaroan kokatzen duela protasian aipatzen duen gertakaria (gaztetan ingelesa ikasi), eta solasaren mementoan oraindik dirauen egoera gisa aurkezten duela ondore perpausean aipatzen duena (jakintsuago izan). Bi modu erabil ditzake apodosian:

  • batean iraganaldia baliatuz:
    • Gaztea nintzenean ingelesa ikasi izan banu, askoz jakintsuago izango nintzen orain.
  • bestean alegialdia:
    • Gaztea nintzenean ingelesa ikasi izan banu, askoz jakintsuago izango nintzateke orain.

Nolanahi ere, ondore perpausean iraganeko aditza erabiliz (jakintsuago izango nintzen), badirudi ‘ingelesa ikastearen jarraipen bezala, jakintsuago izango nintzen orain’ iradokitzen dela, jarraipeneko egoera bezala, orainetik lehenera begira ari bagina bezala; eta ondore perpausean alegialdiko aditza erabiliz, esalea une honetan kokatzen dela, ‘…jakintsuago izango nintzateke orain, eta horretaz konturatzen naiz orain’, esan nahiko balu bezala.

Bi moldeetako adibideak aurki daitezke tradizioan, eta egoera askotan ez da alde handirik bien artean.

  • Berorri ama izan balitz, ni alaba izango nintzen. (Lore Bat Loitan, Antonio Amundarain)
  • Niregatik izan balitz, sexton geldituko zinen beste urtebete! Filosofia suspendituko nizun. (Soinujolearen semea, Atxaga)

Eman dezagun beste adibide bat:

  • Euskal Herrian gelditu izan banintz, zoritxarrekoago izango nintzen orain. → ‘hango ingurunea eta baldintzak txarrak nituen, eta iraganetik datorrenaren ondorio, aurreikustekoa edo espero izateko zerbait da atzerriko egoera baino kaxkarragoa’;
  • Euskal Herrian gelditu izan banintz, zoritxarrekoago izango nintzateke orain. → ‘izan ere, bizitza nola joan den ikusita, une honetako ikuspegiak ematen digun aukerarekin, ohartzen gara, Euskal Herriko egoera okertu delako edo atzerrian zortea izan dudalako, nire egoera okerragoa izango litzatekeela’.

Azken aukera hori bereziki egoera-aditzekin gertatzen da.

Geroan kokatzen diren gertakariak apodosian adierazteko ere hautu bera du hiztunak:

  • Ondore perpausean lehenaldiko aditza ager daiteke:
    • Gaztetan grekoa ikasi izan banu, datorren udan zurekin joango nintzen oporretara. → ‘hori zen aurreikusten nuena, pentsatuta nuena, zegokiona…’
  • edo alegialdiko aditza:
    • Gaztetan grekoa ikasi izan banu, datorren udan zurekin joango nintzateke oporretara. → ‘egoera ikusirik, orain egingo nukeena edo aurrera begira hartuko nukeen erabakia’

Lehen aukeran, ‘hori zen aurreikusten nuena, pentsatuta nuena, zegokiona…’, iradokitzen da; eta bigarrenean, ‘egoera ikusirik, orain egingo nukeena edo aurrera begira hartuko nukeen erabakia’ da atzean dagoena. (Ezberdintasun honetaz gehiago, EGLU-VI 37. orrialdean)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aspektu burutua duten alegialdiko baldintza perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3