Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:1:1:1:2

Aspektu burutua ez duten alegialdiko baldintza perpausak

Aspektu burutua ez duten alegialdiko baldintzazko perpausekin, euskalkien arabera, aukera bat baino gehiago ager daitezke:

  • 280 milioi hiztun dauzka arabierakadizkera trinkoa erabiltzea:
    • ederra balitz, bihar baletor, dirua banu, arabiera baneki
  • adizkera perifrastikoa erabiltzea:
    • aspektu markarekin:
      • burutugabea:
      • etortzen balitz, ekartzen balu…
      • gerokoa:
      • etorriko balitz, ekarriko balu…
    • aspektu markarik gabeko aditz laguntzailearekin:
      • etor baledi, ekar baleza

Beraz, lau aukera ditugu aspektu burutua ez duten baldintzazko perpausak eratzeko, batzuk besteak baino erabiliagoak, baina denak literatura tradizioan erro sakonak dituztenak eta euskalki batean edo bestean gaur egun oraino bizi direnak. Erabide horiek ez baitira orotan denak baiatuak, zaila da haien artean bereizkuntza argi zehatzik agerian ematea. Horretara saiatu dira zenbait gramatikalari, baina erabileretan beretan oso zaila da askotan euskalki edo tokian tokiko mintzamoldeen gainetikako banaketa garbirik finkatzea. Azaltzeko orduan irizpide formalei jarraikiko gatzaizkie hemen, erabilmoldeak bata bestearen ondotik aztertuz.

Alegialdiko adizkera trinkoak

NEGAR EGITEN DU. BADAKIAdizki trinkoak ere erabiltzen dira baldintza perpausetan, eta kasu horietan, noski, aspektuaren markarik ez da, aspektua aditz nagusian ezartzen baita, aditzoinaren gainean. Hona segidan adibide batzuk:

  • Negar egingo luke [nire amak baleki].
  • [Asti piska bat banu], pozik joango nintzateke.
  • [Diru gehiago baleuka], ez dakit zer egingo lukeen.

Baldintza perpauseko aditzean alegialdiko adizkera trinkoak (balego, baleki) ditugunean, bi eratako egoerak adierazten dira:

  • solas unean dagoeneko sortuak diren egoerak:
    • Guztiak zu bezain arduratsuak balira, gauzak hobeto joango lirateke.
    • Bada deungetzat ezpadaukazuez, zetarako ixilduten zare? Zetarako lotsatuten zare? Gauza ona balitz diñozuen ori, etzinatekeze ixilduko; ezpaleuke berba orreek gauza deungarik etzinatekeze lotsatuko, eta alan ezin sinistu lekikezue eztaukazuezala pekatutzat. (Sermoiak II, Zabala, J. M.)
  • edo hasiak nahiz hasi gabeak diren prozesuak:
    • Bihar amonari iloba bisitan balihoakio, poz ederra hartuko luke.
    • Iloba biar-etzietan Leaburura, an izateko, baletor, zu berealaxe leneratu, berealaxe sendatuko zinake. (Ardi galdua, Azkue, R. M.)

Baionako portua

Ondore perpauseko aditza ere alegialdian joan ohi da halakoetan, aldi komunztadurak hala eskatuta:

  • era trinkoan:
    • Lankide guztiak laguntzera baletozkio, ez legoke kexatzeko moduan.
    • Espainiaren kaltetan gure Napoleon zena bezenbat, xedez bederen, litaken bat balethor alemanen buruzagi, orduan litazke zinak eta minak; ederki merezituak. (Gontzetarik jalgiaraziak, Hiriart-Urruty, J.)
  • edo era perifrastikoan geroko aspektuarekin nahiz burutugabearekin:
    • Infernurik ez balitz, pozik egingo nuke bekatu hau.
    • Bere aldetik Alain Lamassoure deputatuak dio Baionako portua “port autonome” bezala ekartzen balu frantses gobernuak, Merkatal Ganbara litekeela kaia bazter guziaren jabe. ( Baiona, Herria)
  • nahiz aspektu markarik gabe:
    • Legeak dioena okerra balitz, kalte egin liteke legea betearaziz. (ekialdeko euskalkietan ahalezko modurik adierazi gabe, soilik alegialdia).

Egia da, halere, batzuetan ondore perpausean aldi komunztadura hausten duten adibideak badirela:

  • Norbait nire bila balebil, hemen aurkituko nau, ez naiz ezkutatuko.
  • Zerbitzuaren aldaketa ekarriko ez lukeen ezusteko edo ustekabeko gertaera bat ematen bada eta honek ekartzen balu kudeaketaren desoreka ekonomikoa, esleipendunak prezioa berrikusteko eskubidea edukiko du. ( Abaltzisketako herri noble eta leiala)
  • Hil hobi huntan noizbait norbait balabila,
    zure izaitearen herrestoen bila,
    lurpetik entzunen du deiadar bipila:
    Hemen dago ama bat bere haurrek hila! (Odolaren mintzoa, Xalbador)

Horrelakoetan ondore perpausean esaten denari indarra eman nahi zaio, eta enfasia emateko erabiltzen da orainaldiko aditza, alegialdia erabiltzean ondore perpauseko baieztapena urrun geldi bailiteke, indarra galduz. Ondore perpausean orainaldiko aditza erabiliz, esaleak adierazi nahi du, baldintzazko perpausean aipatzen dena betetzen bada, bere ustez ondore perpausekoa betetzeko aukera handia edo osoa dagoela.

Bestalde, mendebaldeko eta bereziki erdialdeko euskalki batzuetan, baldintzazko perpauseko aditzean -ke morfema erabili izan da, adizkera ahalezkoa izan gabe:

kakotxa
kakotxa
Nere betiko pensamentua, nere konsolagarria.
Zu gabetanik ezin bizi naiz, esaten dizut egia.
Zu baziñake arbola, eta ni banintzake txoria,
Zu ziñaden arbola artantxen egingo nuke kabia. Loriak udan intza bezala, "Bilintx"
  • ni banintzake sendo eta aberats, guztiak niri begira izango nituzke.
  • Kulpa gabea erakutsiko banintzake, berak adiraziko du gaiztoa naizala. (Biblia II, Uriarte)
  • Ainbesterañoko konfiantza daukat nik, nere aita txit maitia, zure oraziuetan eze, Jaungoikuak agertu dizun bezela kondenatuko banintzake ere, uste det, inpernuan egonik, zure oraziuak arinduko lituzkiala nere oñaziak.

Bide hori ez da berria, eta mintzamolde batzuetan aski zabaldua da. Halere, hobe da euskara batuan ez erabiltzea.

"beharko banu" edo "behar banu"?

Londres Erresuma Batuko eta Ingalaterrako hiriburua da Baleki, banu, baleuka adizki trinkoak ditugu. Sail berean sartzen dira, halaber, nahi izan, behar izan, bizi izan, ageri izan moduko aditzak ere, aspektu puntukaria duten formetan:

  • [Londresen bizi banintz], egunero agurtuko nuke Ingalaterrako erregina.
  • Lan ona izango luke [nahi balu].

Adizki horiek direla eta, ohar bat egin behar da. Izan ere, berez, aski da nahi banu, behar balitz, ageri balira, bizi bazina moduko adizkiak erabiltzea. Hala ere, adizki perifrastikoen eraginez edo, geroaldiko –KO atzizkia erabiltzeko joera ere bada:

  • [Londresen biziko banintz], Inglaterrako erregina agurtuko nuke egunero.
  • [Nahiko balu] lan on bat izango luke.

Edo, horien pare-parekoak diren:

  • [Londresen bizi banintz], Inglaterrako erregina agurtuko nuke egunero.
  • [Nahi balu] lan on bat izango luke.

Baina honen beharrik ez da. Horrelako perpausak “irrealak” direla esan ohi dugu, kontrafaktualak ere deitzen zaie, gertatuen kontrako alegiazko zerbait jasotzen baita baldintzan 1. Horregatixe, holako perpausek jarraipena izan dezakete, ezezka emanak oraingoan:

  • Nire amak baleki, negar egingo luke, (baina ez daki eta ez du egingo).
  • Pozik joango nintzateke asti piska bat banu, (baina astirik ez dut eta ez naiz joango).

Adizki trinkoen erabilera galduz doa baldintzazkoetan

Adizki trinkoen erabilera euskaldunon ahotan galtzen ari den neurrian, baldintzazkoetan ere galduz doa eta horren ordez, forma perifrastikoak agertuko zaizkigu. Esan nahi baita, etorriko balitz eta baletor, berez, desberdinak dira, baina gaur, euskaldun askorentzat lehenbiziko forma da erabilgarri den bakarra. Horrela, gaurko hiztun askok honako hauek ematen dituzte, desberdintasun guztiak urratuz:

kakotxa
kakotxa
He oído decir que en algún pueblo, cuando los contrayentes de una boda eran pobres, la gente decía que aquel día se habían casado “Hartuko luke” con “Baleuka” (“Recibiría” con “Si tuviera”) (Sintaxis de la oracion compuesta, Villasante)
  • Negar egingo luke [nire amak jakingo balu].
  • [Asti piska bat izango banu], pozik joango nintzateke.
  • [Diru gehiago edukiko balu], ez dakit zer egingo lukeen.

Villasantek Mitxelenaren ohar hau jasotzen du:

  • “En el uso de aquí (Mendebaldeko euskaraz ari da), la diferencia es clara en verbos fuertes de valor estativo: nire amak baleki me resulta claramente irreal de presente. Mi madre no llora, pero estaría llorando, si supiera lo que no sabe. El potencial sería jakingo balu (=jakin baleza), “si llegara a enterarse”. (Villasante 1976: 181, 1. oharra)

Alegialdiko adizkera perifrastikoak

Baldintza perpausaren aditzean (+burutua) aspektu ezaugarria ez duten alegialdiko aditzak ditugunean, mendebaldeko euskalkietan geroko aspektua erabiltzen da, eta aspektu burutugabea ekialdeko euskalkietan:

  • Aurrean ikusiko ez bazintut, zaila litzaidake sinestea!
  • Aurrean ikusten ez bazintut, zaila litzaidake sinestea!

Baina edukiari dagokionez ez dago hor desberdintasunik, euskalki kontua bakarrik baita. Gauza bera gertatzen da geroan gertatuko den gertakaria adierazten dugunean ere: mendebaldean geroko aspektua erabiltzen da eta ekialdeko euskalkietan aspektu burutugabea:

  • Datorren urtean ezkonduko bazina, zer harridura!
  • Datorren urtean ezkontzen bazina, zer harridura!

EginGO balu, eroriKO balitz, alde batetik, eta egiTEN balu, erorTZEN balitz bezalakoak, bestetik, formaz, desberdinak dira. Bistan da. Hortaz, teorian, bereizi beharko lirateke, etortzen da / etorriko da bereizten diren bezala, baina ez da horrelakorik gertatzen baldintzazko perapusetan. Balio bereko dira. Bereizketa euskalkien araberakoa da: Mendebaldean ←TUKO> forma da ohikoa, TXAKURRA MAKILAKADA HARTU ONDOREN[+gertakizun] tasuna duena alegia:

  • [Txakurra aterako balitzait], makilakada emango nioke.

Ekialdean, berriz, ←T(Z)EN> forma hautatzen dute:

  • [Txakurra ateratzen balitzait], makilakada ederra emanen nioke.

Bi formek, burutu ez den alegiazko baldintza bati erreferentzia egiteko balio dute. Berdin da orainaldia izan edo geroaldia: -T(Z)EN/-TUKO bereizketa neutralizatua agertzen zaigu eta biek aspektu burutugabea adierazten digute. Batak nahiz besteak solasa gertatzen den uneari nahiz gerokoari erreferentzia egiteko balio dute. Beti ere, indarrean dagoen balioa [-burutua] da, eta, adizkiaren forma gorabehera, gauza bera esateko erabiltzen dira, euskalki batzuetan bat, besteetan bestea.

Geroko aspektuarekin

Baldintzazko perpausean alegialdiko aditza geroko aspektuarekin (etorriko balitz, ekarriko balu) erabiltzen denean, gehienean ondore perpauseko aditzak ere geroko marka izaten du:

  • Etorriko balitz, mesede ederra egingo liguke.
  • Ekarriko balu, bila joan beharrik ez nuke izango.
  • Herrian dagoen osalaria zahartu da, eta lan gutxi egiten du; eta gure semea orain etorriko balitz, arrunt eramango luke dena. (Maitasunak, Barriola)
  • Eranzun zion besteak: egingo bazenu zuk, nik egiten dedana, biziko ziñake ni bezala. (Kristau Erakasle Euskalduna, Moguel, J. A.)

Esan beharra dago, baita ere, euskalki batzuetan alegialdiko era trinkoen erabilera ahuldu egin dela, eta orduan, geroko aspektua duten alegialdiko aditzak erabiltzen dituztela trinkoen ordez, egoera-aditzekin kontrafaktualak adieraziz:

  • Ingelesa jakingo banu, errazkiago bilatuko nuke lanbide berria.

Beste zenbait euskalkik ingelesa baneki erabiliko lukete, eta esan gabe doa, adizkera trinkoek alegialdia bizirik atxikia duten neurrian, haien erabilera guztiz egokia dela.

  • Itsaso erdian banengo eta igerian ez baneki, pentsatuko nuke: (Baina bihotzak dio, Montoia, X.)
  • Nola lortu baneki, ez nintzateke orain zurekin ariko, eta are gutiago auzo kaskar honetan biziko. (Rock'n'roll, Epaltza A.)

Bestalde, geroko aspektua duten hauen artean ere, adizki trinkoekin aipatu ditugun bi egoera azaltzen zaizkigu. Batetik, euskalki batzuetan –ke morfema erabiltzen dute baldintzazko perpauseko adizkeran:

Baina, lehen esan bezala, joera hori ez da gomendatzekoa euskara batuan.

Bestetik, aldi komunztadura hausteko aukera bada hemen ere, eta zenbaitetan, ohiko bideak baztertuz, idazleek ondore perpausean orainaldia erabil dezakete:

  • Zerbait gertatuko balitzaizu, hemen izango gaituzu gu laguntzeko.Marques de Sade
  • Zenbait krimen egiteko fantasia piztuko balitzaizu, Eugeni jakizu lasai asko buru ditzakezula, zure lagunarekin eta nirekin batera. (Filosofia apaingelan, Marques de Sade / Elexpuru, J. M. / Bego Montorio)
  • Zerbait gertatuko balitzaizu, zoaz Egiptora, eta eramaiozu orri hau zure osabari. (Mila eta gau bat gehiago, Anonimoa / Zabaleta, P.)

Aurreko kasuan bezala, ondore perpausean esaten denari indarra emateko erabiltzen da komunztadura haustura hori.

Aspektu burutugabearekin

Ekialdeko euskalkietan, ordea, baldintzazko perpausetan alegialdiko aditza aspektu burutugabearekin (etortzen balitz, ikusten balu) erabili ohi da burutuak edo hasi gabeak ez diren prozesuak edo egoerak deskribatzeko (honi buruz informazio gehiago, EGLU-VI liburukiaren 43. orrialdean).

Ondore perpausean adizkera trinkoa edo aspektu markarik gabeko adizkera perifrastikoa sarri azaltzen dira:

Ondore perpausean geroko aspektua duten aditz perifrastikoak ere azaltzen dira, bereziki goi nafarreraz:

  • Erortzen balitz negar egingo luke.
  • Oparia ekartzen balu, guztiok poztuko ginateke.

Eta baldintzazko perpausean, -ke morfema daraman adibiderik ere aurki daiteke inoiz:

  • Gogoan artuko dut eta gaztigatuko ere bertze erlojeruei beren eskuetan erortzen balitzake, parte eman zezaten polizietara. (Dirua galgarri, Izeta)

Baina berriro ere, euskara baturako ez dugu molde hori gomendatzen.

Aspektu markarik gabeko alegialdiko adizkera perifrastikoa

Alegiazko baldintza aditzera emateko beste modu bat *edin eta *ezan laguntzaileez baliatzea da. Aurreko bi ataletan aipatu ditugun alegiazko baldintzen guztiz parekoak dira, nahiz eta askoz gutxiago erabiltzen diren. Beraz, hauek guztiak parekoak dira:

  • Txakurra aterako balitzait, makilakada ederra emango nioke.
  • Txakurra atera balekit, makilakada eman niezaioke.

Baldintzazko perpausean aspektu markarik gabeko alegialdiko adizkera perifrastikoa (etor baledi, ikus baleza) dugunean, ondore perpauseko aditza perifrastikoa denean, ekialdeko euskalkietan aspektu markarik gabeko forman joaten da:

  • Lehendakaria mintza baledi, guztiok harri gintezke.
  • Grazia bethi berehala emaiten baliz, eta noiz nahi hel baledi, nekez hura iasan lezake gizonaren flakotasunak. (Iesusen Imitacionea, Pouvreau, S.)

Mendebaldeko euskalkietan, ordea, idazleek geroko aspektua erabili dute ondore perpausean:

  • Lehendakaria mintza baledi, guztiok harrituko ginateke.
  • Nik, aldiz, esan zuen Kelementik, erregerik nitaz maitemindu baledi, batez ere gazte txairoa balitz, eta bere menpeko guziek baño lerdenagoa, oinbeste txorakeri bage etsiko niken aren yauregira bidean. (Mireio, "Orixe")
  • Eta gertha baledi ere munduan zenbait presuna hain saindurik, iusturik, fama handitakorik, edo dohatsurik, non ezledin nehor ausart haren baithan mihirik ibentzera, eta ez haren ohorearen ukitzera, egia izanen da orduan ere, Iondone Paulok dioena, tentatuak, eta persegituak izanen direla iustuak. (Guero, "Axular")
  • Gaiztakeriren bat, krimen aundiren bat egin baneza, Guardia Zibillek kartzelan sartuko nindukete. (Villasante, Villasante)
  • Farre egingo luke lasai jendeak horrelakorik ikus baleza. (Idazlan hautatuak, Mitxelena, K.)

Era honetako adibideetan, baldintza perpauseko aditza egoera aditza denean, ezin da kontrafaktualik moldatu:

  • *Pobreek dirua izan balezate
  • Pobreek dirua (izango) balute

Modu berean, tradizio nagusiaren arabera behintzat, adizkera horiek ez dira aditz trinko gisa erabili ahalko testuinguru horietan:

  • *Pobreek dirua balezate

Hala ere, *edun aditza duten lokuzio zenbaitetan erabili izan dute zenbait idazlek baldintza modu hori. Beren euskalkian erabide hau berezkoa ez zuten zenbait autorek baliatu izan dute bide hau (nahi izan lokuzioarekin bereziki), seguruenaz ere *ezan laguntzailea *edun aditzaren ordezkotzat harturik:

  • Zure emazteak nahi baleza, nik amore emango nuke.

Erabide berri hori, oso zabaldua ez dena, hobe litzateke euskara batuan ez enplegatzea, eta horrelakoetan *edun zuzenean jokatzea: balu. Doi bat desberdina da ahal-ekin, gutxitan bada ere, *ezan aditzaz egiten den erabilpena, baldintzazko perpausean aipaturiko ahalmena ondore perpausean zehaztua dela:

  • Ahal baneza pozik ordainduko nizuke.
  • Baina bizitzen jarraituz lan onuragarria egin ahal baneza, ez nuke jakingo zer hautatu. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean)
  • Argiak musika jo ahal baleza, saxo altuaren soinua aterako luke, eta oboearen eztia. (Urregilearen orduak, Aristi, P.)
  • Al baneza erregalatuko nizuke pozik. (Oroitzak, Iraola, B.)

Alegialdiko ahalezko adizkerak

Baldintzazko perpausetan alegialdiko ahalezko adizkerak ere erabil daitezke: ikus balezake, ikus ahal baleza, ikusten ahal balu, ikusi ahal izango balu… Ahalezko adizkeren ezaugarrietako bat –ke morfema eramatea da, eta horrelako adibide batzuk agertzen dira tradizioan:

  • Jainkoa egiazki maita balezake, gainerakoak axolarik ez. (Meditacioneac gei premiatsuenen gainean, Duhalde)
  • Agur-ba zuri, agur Tolosa, lantegi eder joriya, urritxo bañan gogoz dagizut nere agur-abestiya; mingañak esan al balezake biotzak dion guziya ez litzake ain txepetx izango olerki onen txoriya. (Txindor, Arrese, E.)
  • Kendu al badizaioke gizon sendo bati arrapatu duena? Edo berriz artu balezake, gizon errutsu batek atxitu duena? (Biblia II, Uriarte)

Protasian azaltzen den -ke morfemak ahalezko modua azaltzen du hemen (daiteke, dezake), eta ez da oro har, ondore perpausean azaldu ohi den -ke morfema (litzateke, luke). Baina erabilerarik zabalduenekoak eta erro zaharrenak dituenak oin-aditzaren eta aditz laguntzailearen artean ahal daramatenak dira. Aurkituko ditugu ahal *edin eta *ezan laguntzaileekin daramatenak:

  • hori egin ahal bazeneza, herriaren gogoan zinateke betiko.
  • Bertze nekhe, gaitz, desohore eta lazeriez, nola khexa naiteke? Labe gorritu batean erretzera kondenatua banintz, eta penitentzia gogor batez eros ahal baneza nere librantza, gogotik loth nindaite penitentzia hari, fagore handi bati bezala begira niozoke. (Liburu ederra, Duvoisin)
  • Begira ahal baneza leialki, ez nintazke hain errexki asaldatu behar. (Jesu-Kristoren imitazionea, Leon, L.)

Askotan desiramenduzko perpausetan:

  • Zugatik zerbait egin ahal baneza!
  • Nire bizia zurearen orde eman ahal baneza!
  • Atzaparrekin urratu ahal baneza! (Barrenen arra, Soroa, M)

Baita ahal *edun eta izan laguntzaileekin dutenak ere:

  • Hori ona litzateke, egiten ahal balitz / egin izango ahal balitz.
  • Ahal balitz, guztien adostasuna lortu beharko genuke.
  • Hori ona laiteke, egiten ahal balitz. (Laborantzako liburua, Duvoisin)
  • Nahi zintuzket hobeki ezagutu, eta hortakotz, nahi nuke, ahal balitz, zurekin buruz buru ibili. (Lana eri, Larzabal, P.)

Irrealtasuna, continuum

Aspektu burutua ez duten alegialdiko aditzak dituzten baldintzazko perpausei dagokienez, adibideei begiratuz ohartuko gara guztien gertakortasun maila ez dela berdina: irrealtasuna continuum modura irudikatu behar dugu. Horretan eragina duen faktoreetako bat baldintzazkoetan adierazten denaren edukia izan daiteke;

  • batzuetan berez ezinezkoak direnak adierazten dira:
    • Gizonezkoak emakumezko balira, zenbait gaitan sentikorrago izango lirateke.
    • Euskal Herriko adineko guztiak gazte balira… ‘Gizonezko/emakumezko’ edo ‘adineko/gazte’ bikoteak erabiliz, berez ezinezkoak diren baldintzazko perpausak ari gara egiten.
  • Beste batzuetan, egungo munduko errealitatetik oso urrun daudenak eman ditzakegu (nahiz eta, etorkizunean agian gauzatzeko modukoak izan daitezkeen):
    • Autoek kutsatuko ez balute, gure hiriak garbiago izango genituzke.
  • Eta beste muturrean, egia bihurtzea erraz gerta daitekeen ekintza edo egoeraren baten baitan dauden baldintzazko perpausak:
    • Gehixeago saiatuko banintz, emaitza hobeak izango nituzke.
    • Mirenek deituko balit, antzerkira joango nintzateke.
    • ‘Gehixeago saiatzea’ edo ‘Mirenek deitzea’ irreal modura aurkezten dira, alegialdiko aditzarekin, baina aurretik esan direnak baino errazago dira gauzatzen.

Irrealtasunean eragina du, baita ere, ekintza denboran non kokatzen den. Orainetik gertuen dauden gertakariak adierazten direnean, gertakortasuna txikiagoa edo ezinezkoa izaten da:

  • Jon etxean balego, ez nintzateke larrituko.

Eta etorkizunera begira daudenetan errazagoa da gauzatzea:

  • Jon etzi etxera etorriko balitz, ez nintzateke larrituko.

Aditzaren izaera semantikoak ere badu zerikusia: egoerak adierazten dituzten aditzekin (balitz, balego…) errazagoa da gertatuko ez den protasi baten aurrean gaudela interpretatzea; aditzak prozesuak adierazten baditu, berriz, errazagoa da geroan nolabaiteko gertakortasuna izan lezakeela ulertzea.

Azken batean, aditz bat (+/- alegialdikoa) izatea, edo aspektu marka jakin bat edo beste izatea, formari dagokion irizpidea da, eta gertagarritasun maila, berriz esanahiari dagokion irizpidea da. Izaera desberdineko bi irizpiderekin ari garelarik, errazago ulertzen da (+alegialdia) formako aditza daramaten baldintzazko perpausek irrealtasun maila desberdinak adieraztea.

Protasirik gabeko perpausak

Alegialdiko aditzekin protasirik gabeko perpausak ere aurki daitezke:

  • Gogotik zerbait edan nezake.
  • Jakin nahi nuke zer ordu den.

Baldintzazko perpausik gabe, esan ote daiteke baldintzadun perpausak direla? Gisa batez, bai, zeren pentsa baitezakegu perpaus hori isildua dela eta inplizituki hor dela:

  • (aukera izanez gero), gogotik zerbait edan nezake.
  • (nik ez dut erlojurik baina norbaitek balu), jakin nahi nuke zer ordu den.

Beste batzuetan, jendetasunari dagozkion ohiko jokabideen arabera, kontsideratzen dugu nork gure nahiak eta eskaerak solaskideei agertzerakoan zeharkako moduak egokiago edo direla, eta protasirik agerian eman gabe, ondore perpausei dagozkien alegialdiko adizkerak erabiliz, nolabait sortzen dugu zeharkakotasun edo jendetasunezko urruntasun hori.

  • Nondik zatozen jakin nahi nuke.
  • Gatza emango zenidake?

Aditz modalekin (behar izan, nahi izan) bereziki nabarmentzen dira joko horiek, maiz solaskideen nahiak, esperantzak, kontseiluak, eta abar adierazteko baliatzen baitira, edo baita gaitzespenak egiteko ere:

  • Gurekin bazkaltzera etorri behar zenuke!
  • Kontu horiek jakin behar zenituzke!
  • Liburu bat idatzi behar zenuke! (Skyroom, Etxeberri, R.)
  • -Jakina pasatuko zaiola, horixe behar genuke! (Azkenaz beste, Lertxundi, A.)
1 Mitxelenaren ohar luzea interesgarria da Villasante 1976: 176-177

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aspektu burutua ez duten alegialdiko baldintza perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3