Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:1:1:2

Baldintza errealak

(-alegialdia) motako aditza duten baldintzazko perpausei 'baldintza erreal' esan izan zaie, eta gertakari edo egoera gertatuak edo gertakorrak aipatzen dituzten proposizioetan oinarritzen dira. Azterketa egiteko, nagusiki aspektuaren arabera bideratuko dugu gure aurkezpena, baina aldia ere kontuan edukita.

Baldintza errealen sailkapena honela egin daiteke:

Baldintza errealak
Orainaldia Iraganaldia
(+burutua) ibili bada, ekarri badu ibili bazen, ekarri bazuen
(-burutua) ibiltzen bada, ekartzen badu ibiltzen bazen, ekartzen bazuen
adizkera trinkoa (baldin) badabil, badakar (baldin) bazebilen, bazekarren
aspektu markarik gabe (+ke) ibil badaiteke, ekar badezake ibil bazitekeen, ekar bazezakeen
aspektu markarik gabe (-ke) ibil badadi, ekar badeza ibil bazedin, ekar bazezan

Holako basoetara joateak gustuak ematen duHorrenbestez, Alegiazko baldintza-egiturez gain, badira alegiazko ez diren baldintzak.

  • [Etorri bada], abisatuko digute.
  • [Galtza merke batzuk ikusten badituzu], erosi mesedez.
  • [Berak erabaki bazuen], errua berea da.
  • [A esaten banuen], batzuk haserretzen ziren. [B esaten banuen], beste batzuk.
  • Basora jo bear du gizonak [txabola, sua ta etxe-tresnak egingo baditu] (Munita, Gure mendi ta oianak, 135)
  • Besoetan hartu behar izan nuen, [isilduko bazen].

Sei adibide horiek erakusten duten bezala, hiru partizipioak (-tzen, -tu eta -tuko) iraganeko eta orainaldiko laguntzailearekin batera ager daitezke, inolako arazorik gabe: etorri bada, ikusten badituzu, erabaki bazuen, esaten banuen, egingo baditu, hartu behar izan nuen…

Honako hauek ere zilegi dira:

  • [Nirekin bazatoz], opari bat egingo dizut.
  • [Buruko minez bazebilen], zertarako deitu zenion?
  • [Egin badezakezu], egizu.

Forma trinkoak eta ahalezkoak ere erabiltzen dira, horrenbestez.

Baldintza ez-alegiazko perpausetako adizkia

Aspektu marka duten formekin nahiz adizki trinkoekin ere berdin-berdin osa litezke holako egiturak:Ezkontzara joateko asmoa dute

  • [Zerbait baldin badaki], esango digu.
  • [Zerbait jakin badu], esango digu.
  • [Ezer ez bazekarren], zergatik esan digu gezurra?
  • [Ezer ez bazuen ekarri], zergatik esan digu gezurra?
  • [Mikelekin baldin bazabiltza], asko ikasiko duzu.
  • [Mikelekin ibili baldin bazara], asko ikasi duzu.
  • [Presaka bazetorren], berehala igartzen zitzaion.
  • [Presaka etorri bazen], ongi nekatuko zen.

*Edin / *ezan laguntzailedunak ere aurki daitezke ez-alegiazko baldintzetan:

  • Bekhatuaren usantzak gaitzten du berthutearen bidea: ordea [baldin usantza hura itzul badadi bertze aldera] […] edirenen da berthutearen bide hura bera, errex, atsegin, eta plazent[…] (Guero, Axular)
  • [Norbaitek zerbait esan badeza Giza-Semearen aurka], barkatuko zaio[…] (Yesu Kristo gure Yaunaren bizia, Polikarpo, I.)

Itzul badadi eta esan badeza adizkiak ez dira alegiazko. Alegiazkoak, itzul baledi eta esan baleza gisakoak izango lirateke. Adibide horietan perpaus nagusiko adizkiari erreparatzea aski dugu ez-alegiazkoez ari garela konturatzeko: edirenen da eta barkatuko zaio ez dira alegiazkoak.1

Hortaz, adizkien eskema orokorra gogoratuz, honako forma hauek hartuko ditu baldintza ez-alegiazkoak:

Baldintza perpauseko adizkia
[- ahal] [+ahal]
[+burutua] < -TU>
[-burutua] < -T(Z)EN>
[+gerokoa] < -TUKO>
[+oraina] Bada/badu
[+iragana] Bazen/bazuen
trinkoa [+oraina] Badator/badaki
[+iragana] Bazetorren/bazekien
Ø (aditz oina) [+oraina] Badadi/badeza
[+iragana]

Taulari erreparatuz gero, berehala datorkigu galdera hau burura: zer gertatzen da [+ahal] balioa duten adizkiekin, hots, -(te)ke formakoekin? Taula horretan hutsik utzi ditugu gelaxkak.

Gramatiketan maiz aipatzen da ba- menderagailua eta -(te)ke formako adizkiak bateratzeko debekua. Debeku hori, hala ere, ez da erabatekoa. Lehenbizi, esan dezagun adizkiak benetan ‘ahalezko’ edo potentzialtzat hartzen direnak badira (daiteke/zitekeen, dezake/zezakeen… saileko laguntzailez osatzen direnak), orduan ez dagoela inongo arazorik baldintza gisa emateko:

  • [Daukazun diruarekin molda bazaitezke], ez eskatu inori.
  • Zuzentasunak ekar badiezaioke atsekaberik zuzenari, zuzentasuna bera eroriko litzateke oinazepean. ( Mistika liburuak, Johannes Eckhart- Johannes Tauler / J. M. Lekuona)
  • [Norbait engaina bazezaketen], ez zuten zalantzarik izaten.
  • [Ezkontzara etor bazitekeen], etorriko zela esan zigun.

Baina ahalezkoen artean alegiazko formak ere baditugu (liteke, lezake tankerakoak, alegia). Zer gertatzen da orduan? Holakoak, adibidez, arruntak gerta litezke harridura edo heiagora perpausetan, edo, areago, kontzesiboetan:

  • O mement baten epearentzat Jainko banindaike izan. (Odolaren mintzoa, Xalbador)
  • Auto hori eros banezake ere, ez dut erosiko, beste berri bat atera arte itxarongo dut.

Azkeneko adibidea ez da egiazki baldintza alegiazkoa. Hori iradokitzen digu adizki nagusiak: ez dut erosiko dio, ez, ez nuke erosiko. Aurrekoa ere taxu berekoa dela esango genuke, perpaus nagusia ageri ez bada ere.

Litzateke eta luke saileko laguntzaileekin ere kontu bera dugula dirudi. Perpaus kontzesiboetan pozik joango nintzatekeen arren esateko oztoporik ez dagoen bezala, joango banintzateke ere esateko debekurik ez genuke behar. Horietatik, hala ere, ihes egiten dugu, beharbada benetako alegiazko baldintzekin lehian ez sartzearren.

Azkenik, dateke, zatekeen, datorke, dakike eta antzeko -(te)ke-dun formak ere ez ditugu ikusiko ba- menderagailuaren inguruan. Bestela ere, egia esan, gutxi erabiltzen dira.

Beraz, goiko taula honela osatu behar dugu orain.

Baldintza perpauseko adizkia
[- ahal] [+ahal]
[+burutua] < -TU>
[-burutua] < -T(Z)EN>
[+gerokoa] < -TUKO>
[+oraina] Bada/badu —-
[+iragana] Bazen/bazuen —-
trinkoa [+oraina] Badator/badaki —-
[+iragana] Bazetorren/bazekien —-
Ø (aditz oina) [+oraina] Badadi/badeza Badaiteke/badezake
[+iragana] —- Bazitekeen/bazezakeen
[+alegiazkoa] Baledi/baleza ??

Adizkien arteko desberdintasunaz gainera, era honetako perpausek zenbait ñabardura eskaintzen dute, ez bakarrik maiztasunari dagokionez, batzuk beste batzuk baino erabiliagoak baitira, baita adierari dagokionez ere. Bi adiera berezi behintzat badira kontuan hartzekoak:

  • batetik, [+gerokoa] gisa markatu ditugunak: jasoko badu, etorriko bada… modukoak
  • eta bestetik, ‘gertagarri’ deituko ditugunak

Perpaus nagusiko adizkia

Alegiazko ez diren baldintza perpausetan ere ondorioaren eta baldintzaren artean erlazio estua dago eta hori adizkietan ere islatzen da. Debeku nagusia alegiazko baldintzetan gertatzen denaren justu kontrakoa da: bi perpausetako adizkiek ez-alegiazko izan behar dute, oro har. Hortik aparte, askatasun handia dugu batean aditzaldi bat emateko eta bestean beste bat, beti ere ez-alegiazko badira.

  • Ikusi baldin bazenuen, zergatik ez zenuen agurtu. (*zergatik ez zenukeen agurtuko)
  • Etorri bada agurtuko dugu. (*agurtuko genuke)

ERRETIROA HARTU DUTENormalean, bi perpausak, baldintza eta ondorioa, [-alegiazko] izan ohi dira, baina zenbaitetan, baldintza ‘erreal’ hauen ondoren ematen dugun perpauseko adizkia [+alegiazko] izan daiteke:

  • Erretiroa hartzeko aukera badu, pozik egon behar luke.
  • Kargua onartu baduzu, erantzukizunak ere onartu behar zenituzke.

Perpaus hauek erabat zuzenak dira. Baina errepara diezaiegun beste hauei:

  • Erretiroa hartzeko aukera badu, pozik {*egongo litzateke / egon daiteke}.
  • Kargua onartu baduzu, erantzukizunak ere {*onartuko zenituzke / onar ditzakezu}.

Perpaus horiek begien aurrean ditugula, pentsa liteke, perpaus nagusian ageri diren adizkiak, alegiazko itxura izan arren, ez direla alegiazko baldintza egituretan ikusten ditugun bezalakoak. Baldintza ez-alegiazkoetan behar aditz modala agertzeak edo ahalera erabiltzeak zilegi egiten du, nonbait, alegiazko adizkia agertzea. Arazo bat, nolanahi ere, baldintza egitura hauetan gertatzen diren lotura logikoen, aspektu eta denbora balioen, modalizazioen eta solaskideen jarrera desberdinen sare korapilotsu horren adierazgarri.

1 Bide batez, ohar gaitezen, ‘gertagarritzat’ hartzen ditugun hauek baldintzazkoetan ez ezik, erlatiboetan ere suertatzen direla. Adibide honetan, bi perpaus motak elkarren ondoan ditugu, baina bata badeza modura emana, bestea, aldiz, modu arruntean: zerbait esaten duenari (ez, zerbait esan dezanari, esan zezakeen bezala).

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Baldintza errealak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3