Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:1:1:2:1

Aspektu burutua duten baldintza perpausak

Aspektu burutua duten baldintza perpausak ikusiko ditugu atal honetan, orainaldikoak zein iraganaldikoak:

Baldintza errealak
Orainaldia Iraganaldia
(+burutua) ibili bada, ekarri badu ibili bazen, ekarri bazuen

Baldintza honi ‘erreala’ ere deitzen zaio, ondorio baten baldintza gisa egiatan gertatu ahal izan den zerbait ezartzen baita:

  • Etorri bada, abisatuko digute.
  • Egin badu, aitor dezala.

Iraganean ere zabalik dugu bidea:

  • Etorri bazen, zergatik ez zigun abisatu?
  • Egin bazuen, aitortzea zeukan.

Alegia, egia bada norbait etorri dela, orduan abisatuko digute, eta egia bada egin zuela, orduan aitor dezala. Eta iraganean ere gauza bera: egia bada etorri zela, zergatik ez zigun abisatu? Edo egia bada egin zuela aitortu egin behar zuen.

Orainaldian

Aspektu burutua duten orainaldiko baldintzazko perpausetan (ibili bada, ekarri badu) gertakari edo egoera bururatuak aipatzen dira:

  • Gau honetan elurra egin badu edo euria izan bada, kasu bideari!
  • Alfer ibili bazara, hurrengo egunetan lan gehiago izango duzu.

Ondore perpausari dagokionez, hango gertakaria nola ikusia den, aspektuaren aldetik aukera oso zabala izan daiteke:

  • Ulises osorik irakurri baduzu, lanik zailena egin duzu. (burutua)
  • Ulises osorik irakurri baduzu, ez duzu erraz etsitzen. (burutugabea)
  • Ulises osorik irakurri baduzu, beste edozer erraz irakurriko duzu. (gerokoa)
  • Ulises osorik irakurri baduzu, edozer irakur dezakezu. (ahalezko adizkera)

Horietan guztietan ondore perpuseko aditza orainaldian azaltzen da, aldi komunztadura errespetaturik, eta hala gertatzen da modu horretako perpausetan. Hala ere, zenbait hizkeratan aldi komunztadura hori hautsi daiteke, iragan hurbileko menturako moduak geroko aspektua eta iraganaldia eska baitezake gertakari gertatuak aipatzeko:

  • Jonek Indiako kaleko haurrak ikusi baditu, pentsatuko zuen horretarako ez dagoela eskubiderik.

Beste zenbait euskalkitan -ke morfemaz baliatzen da modu hori adierazteko, aspektu burutua eta orainaldia erabiliz:

  • Jonek Indiako kaleko haurrak ikusi baditu, pentsatu duke horretarako ez dagoela eskubiderik.
  • Hemen bekaizki jostatzen baldin bagara, gureak eta asto beltzarenak egina duke. (Zeruetako erresuma, Borda, I.)
  • Bainan hori iguzkia atheratuz geroztik egin badu, gizon hiltzeketa bat egin duke, eta hila izanen da bera. (Biblia Saindua I, Duvoisin)

Iraganaldian

Aspektu burutua duten iraganaldiko baldintza perpausak (ibili bazen, ekarri bazuen) erabiliz, askotan inferentziak tarteko dituzten adibideak osatzen dira:

  • Atzo Maddalen etorri bazen, zerbait ekarri bide zuen.

Adibide horretan, hiztunak berak ez daki segurki ea bezperan Maddalen etorri zen, baina norbaitek hala esan dio, eta ez zaio ezinezkoa iruditzen; ondore perpausean, baldintzari dagokion dedukzio bat adierazten du. Horrela, askotan baldintzazko perpausean egiten den baieztapena aurretik jakintzat-edo ematen da, eta ez dute egiazko hipotesirik adierazten, eta inferentziazko erabilerak bideratzen dira. Antzeko zerbait gertatzen da beste honetan ere:

  • Laguntza eskatu badigu, beste aukerarik ez zuelako izan da.
  • Zer edo zertara etorri bazen, bere baitan biltzera izan zen, indarrak biltzera. (Lotsaizunak, J. M. Coetzee / Oskar Arana)

Ondore perpausean baldintzazkoaren gaineko argibideak edo arrazoiak eman dira, eta izan aditza eta kausazko perpaus bat eramaten dituzte barnean.

Donostiarrak oso Realzaleak dira Inferentziazko erabileren barnean, beste batzuetan, ondore perpausean esandakoa protasiari kontrajartzen zaio, aurkaritza eginez, kontzesiozko balioa lortuz (hemen ere protasian esandakoa ez da egiazki hipotesi gisa aurkezten):

  • Errealaren ezezkoarekin semea izugarri atsekabetu bazen, gurasoek lasaitu ederra hartu zuten.

Hala ere, horrelako egiturak nahiko berriak dira eta horien ordez egokiago da euskarak berezko dituen moldeetara jotzea, esaterako, aurkaritza lokailuak erabiltzea (berriz, aldiz, ostera…):

  • Errealaren ezezkoarekin semea izugarri atsekabetu zen, gurasoek, aldiz, lasaitu ederra hartu zuten.

Honi lotuta, gogoratu, honelakoetarako “bitartean” aditzondoa erabiltzea ere ez dela egokia1:

  • *Errealaren ezezkoarekin semea izugarri atsekabetu zen bitartean, gaurasoek lasaitu ederra hartu zuten.

Eta inferentziazko erabilerekin aurrera jarraituz, beste batzuetan protasian esandakoa hala ez dela azpimarratzeko baliatzen dira mota horretako perpausak:

  • Ostegunean nirekin mintzatzen saiatu bazen, ez dago bere deirik ez etxeko telefonoan ez eskukoan, eta posta elektronikoan ere ez dago ezer.

Hor adierazten dena da baldintzazko perpausean esaten dena (ostegunean nirekin hitz egiten saiatu zela) ez dela zuzena inondik ere.

Edo zeharkakoagoa den loturarekin ere ematen dira:

  • Emaitza onak agindu bazituen, ez salmentak ez irabaziak ez dira iazkoak baino hobeak izan.

Guztietan ere, benetako hipotesirik egiten ez denez, aspektu burutua duten lehenaldiko perpausak solaseko jokoen eremu zabalerako erabiltzen dira.

Gaian sakonduz

bitartean aditzondoa denborazkoa da, hala jasotzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak, eta adiera horrekin erabiltzen da gehienetan. Azken aldian, ordea, kontrakotasuna, aurkaritza adierazteko ere erabiltzen da. Euskarak, ordea, ez du berezko molde hori, hala azaldu dute hainbat estilo liburu eta gramatikak. Ikus hauek, besteak beste:

1 Ikus honi buruzko informazio gehiago gaian sakonduz atalean.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aspektu burutua duten baldintza perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3