Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:1:1:2:2

Aspektu burutugabea duten baldintza perpausak

Aspektu burutua duten baldintza perpausak ikusi ostean, aspektu burutugabea dutenak ikusiko ditugu orain, orainaldikoak zein iraganaldikoak.

Baldintza errealak
Orainaldia Iraganaldia
(-burutua) ibiltzen bada, ekartzen badu ibiltzen bazen, ekartzen bazuen

ABISATZEN ARI DA, EZ DELA ETORRIKOHau ere baldintza erreala da, berez:

  • Berandu etortzen bada, abisatu egiten du.
  • Berandu etortzen bazen, abisatu egiten zigun.

Egiatzat har daitekeen zerbait (norbait berandu etortzen da) hartzen da premisatzat eta hemendik ondorioztatzen da perpaus nagusian baieztatzen dena: orduan, abisatu egiten du.

Esan dugu, berez baldintza erreala dela, baina baldintza gertagarri gisa ere interpretatzen da testuinguru jakin batzuetan. Errepara diezaiogun honako perpaus pare honi:

  • [Huts egiten badut], ingurukoek laguntzen didate. (erreala)
  • [Huts egiten badut], lagun iezadazue. (gertagarria)

Azkeneko baldintza perpausak tankera berekoak ditugu itxuraz, baina kasu batean eta bestean modu desberdinean interpretatzen ditugu: lehenbizikoan egiazki gertatzen den zerbaitez ari gara: huts egiten dut noizbait, eta beti ditut inguruan laguntzeko prest direnak. Bigarrenean, aldiz, gertatu ez, baizik gerta daitekeen zerbaitez ari gara. Horregatik, baldintzok ‘potentzialak’ direla ere esaten da. Guk baldintza gertagarriak direla esango dugu (ik. Villasante 1976: 176, 1. oharra; Goenaga 1988). Interpretazio bat ala bestea egin behar dugun, perpaus nagusiko adizkiak esaten digu: adizki hori geroaldikoa bada, edo agintera, modu batera interpretatuko dugu, gertagarri gisa. Beste adizki bat bada, beste modu batera, erreal gisa:

Hauek badute, geroxeago ikusiko dugun bezala, beste ordain bat euskaraz, *edin eta *ezan-en gainean eraikia, zaharkitutzat jotzen bada ere. Iraganeko formek ere balio gertagarri hau izan dezakete, perpaus osoa beste aditz baten osagarri denean, adibidez:

  • Huts egiten banuen, ingurukoek lagunduko zidatela esan zidaten.

Orainaldian

Aspektu burutugabea duten orainaldiko baldintzazko perpausek (ibiltzen bada, ekartzen badu), denboraren aldetik, solas uneari eta geroari dagozkion denborazko kokapenak adieraz ditzakete. Solas unean bururatuak izan gabe hasiak diren egoerak, gertakariak edo gertakari segidak aipa daitezke haietan:

  • Zuk hortxe ikusten baduzu, hor dago noski.
  • Euskal Herriko hirien historia idazten ari bazara, ez ahaztu jatorri askotako jendea biltzen zela haietara.

Edo oraino hasi gabeko gertaerak:

  • Zure esanetara makurtzen banaiz, herritarrek ez didate barkatuko.
  • Inoiz hemendik alde egiten badut, Joaquini eskatuko diot liburu hauek denbora baterako uzteko mesedea. (Mutuaren hitzak, Etxeberria, H.)
  • Aragi lotsagabe gaiztoa, zure gutizira jartzen banaiz, sekula guzietako su eta garretan kiskaltzen egongo zera! (Maietzeko illa , Arrue, G.)

Bai eta, balio generikoa edo gnomikoa izanik denborazko kokapen zehatzik ez dutenak ere:

Horietan guztietan, hipotesia solas unean edo geroan jartzean, ez da guztiz ziurra hipotesi hori gauzatuko denik; baina (+alegialdia) motako aditzak erabilita baino gertakortasun handiagoa aitortzen zaie. Eta ildo horretan, nabarmenki gertagaitza den zerbait aipatzean (Axular zaharra kalean ikustea), egokia izan daiteke (+alegialdia) motako aditza erabiltzea:

  • Bihar Axular zaharra kalean ikusiko bazenu, zer esango zenioke?

Baina desegokia izango litzateke aspektu burutugabea duen orainaldiko aditza erabiltzea:

  • Bihar Axular zaharra kalean ikusten baduzu, zer esango diozu?

(+ alegialdia) erabiliz, hiztunak aditzera ematen du solaskideak nekez ikusiko duela ondoko egunean Axular kalean, baina bigarrenean, protasian egiten duen hipotesia gertakortzat jotzen du hiztunak, eta bitxia da aspaldi hil den norbaitekin kalean buruz buru egitea.

Iraganaldian

Aspektu burutugabea duten iraganaldiko baldintzazko perpausetan (ibiltzen bazen, ekartzen bazuen), iraganean kokatuta gaudela, gertakari errepikatuak adieraz daitezke:

  • Berandu oheratzen bazen, gau osoan urduri egoten zen.

Baita iraganean hasi gabeak edo geroaldikoak diren gertakariak ere:

  • Medikuari deitzen bazion, ama haserretuko zitzaion.

Azken horien harian, ez dira gutxi zehar-solasean azaltzen diren adibideak, askotan iraganaldiko aditzen osagarri modura, denbora komunztaduragatik.:

  • Bazekien berandu iristen bazen lagunak haserretuko zitzaizkiola.
  • ltsasoan heldu zelarik bazuen itsas-ohoineri eskapatzeko botu bat egina: egun batez nunbeit elizadi bat egiten bazuen, Ama Birjinaren gerizan ezarriko zuela. (Banhar deitu salbaiak, Zerbitzari)

Zeharkako diskurtsotik kanpo ere ager daitezke aspektu burutugabea duten iraganaldiko baldintza perpausak. Iraganean gertatu diren gertakari errepikatuak adierazteko, esaterako:

  • Ez zuen joko, ez, edo-ta, sekula egiten bazuen, haren negar gazien eztitasuna dastatzeagatik izanen zen bakarrik[…] (Haur besoetakoa, Mirande)

Aspektu burutua duten baldintza perpausak bezala, aspektu burutugabea daukaten baldintzak ere erabil daitezke kontrakotasuna azaltzeko, kontzesio balioa emateko.

  • Alde batetik bekhatu anhitz egiten bazuen, bertzetik probeak faboratzen zituen. (Guero, "Axular")

Hala ere, aspektu burutua aztertu dugunean aipatu dugun eran, euskarak berezkoago ditu baldintzarik gabeko moldeak aurkaritza adierazteko. Goiko adibide hori honela emango genuke:

  • Alde batetik bekatu anitz egiten zituen, bestetik, pobreak faboratzen zituen.
1 Berez, ‘indikatibokotzat’ hartzen diren adizki hauek beste perpaus mendeko batzuetan ere ‘gertagarri’ gisa interpretatzen ditugu: (i) Lagunak ikusten ditudanean, poztu egiten naiz. (ii) Lagunak ikusten ditudanean, poztu egingo naiz. Gaztelania bezalako hizkuntza batean, (i)en parekoa indikatiboan emango da, baina (ii) subjuntibo bidez ematen dugu. Kontua da (ii) hau ere, nolabait, gertagarri dela.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Aspektu burutugabea duten baldintza perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3