Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:1:1:2:3

Adizkera trinkoa duten baldintza perpausak

Adizkera trinkoarekin ere eraman daitezke baldintza perpausak, orainaldian nahiz iraganaldian. Horiek aztertuko ditugu atal honetan:

Baldintza errealak
Orainaldia Iraganaldia
adizkera trinkoa (baldin) badabil, badakar (baldin) bazebilen, bazekarren

Irratira deitzen, erantzuna badaki etaHauek ere normalean baldintza erreal gisa interpretatzen dira, baina gertagarri ere izan daitezke, testuingurua nolakoa den. Adibidez:

  • Erantzuna baldin badakizu, dei ezazu irratira. (gertagarria)
  • Igandean baldin bazatoz, elkarrekin bazkalduko dugu. (gertagarria)
  • Erantzuna zein den ez badaki isilik gelditu ohi da. (erreala)

Dena dela, adizki perifrastikoak direnean, argiago ikusten da bi interpretazio hauen kontua.

Orainaldian

Orainaldiko adizkera trinkoa duten baldintzazko perpausak ((baldin) badator, (baldin) badakar) denboraren aldetik, solas uneari eta geroari dagozkion denborazko kokapenak adierazteko erabiltzen dira:

  • Proposamen honek hobekuntzarik ez badakar, ez dugu aintzat hartuko.
  • Peru badator, berak prestatuko du afaria.
  • Bai, eguraldi oberik ez badator ingurumai oitan artuak ez dauka eltzerik. (Iruñxeme, Labaien, A. M.)
  • Zakar egiten yatzuz barrijak edo ezezeunak diralako zuretzat; gugaz sarri ibilli bazabiltz, aldi asko igasi orduko guztiz erraz ta bigun eretxiko dozuz esaten naiz entzuten. (Bigarrengo abarrak, "Kirikiño").

Les proverbes basques recueillis par le Sr d'Oihenart Ekintza errepikatuak adierazteko ere erabiltzen dira:

  • Laguntzailea badatorkit, larunbatetan jaisten naiz herrira.
  • Ala ere, morroia badatorkit, larunbatetan jaixten naiz Zabaletara, nere emazte, seme, illoba ta bazterrak ikusiaz, barruko jantzi garbiak ipiñi ta tabakorri piskabat artzera; ta igandetan igotzen naiz berriz, Aranzazuko eleizan Meza entzun da gero. (Garoa, Aguirre, D.)

Edo denboraren aldetik generikoak direnak:

  • Proiekturik erakargarrienak izanda ere, dirurik ez badago, akabo asmo guztiak!

Ondore perpauseko aditzetan, aukera oso zabala da, eta ohikoena orainaldian azaltzea bada ere, iraganaldia ere ager daiteke, menturazko modua geroko aspektua erabiliz adierazi nahi denean:

  • Mikel gaur nirekin zinemara badator, ez zuen beste aukera handirik izango.

Bestalde, goiko adibideetan ikusi denez, baldintza perpausean adizkera trinkoa izan arren gerta liteke ondore perpauseko aditzak beste era bat izatea; aspektu burutugabea (jaisten naiz) edo geroko aspektua (eretxiko dozuz), esaterako. Aginteran ere ager daiteke ondore perpauseko aditza:

Iraganaldian

Iraganaldiko adizkera trinkoa ere ager daiteke baldintzazko perpausetan ((baldin) bazetorren, (baldin) bazekarren), eta denboraren aldetik, aspektu burutugabea dutenen egoera bertsua aurkituko dugu hemen ere. Batzuetan, zuzeneko solasean iraganean kokatuta gaudela, ondore perpausean era desberdinetako adizkerak aurkituko ditugu:

  • trinkoa:
    • Herrian ez bazeuden, nola zekiten hain ondo plazan gertatutakoa?
    • Hori behin iparrera iritsiz gero, zeren mendebala bera buxtita bazetorren, orduan doblekoa zekarkeen: Mendebala euritan, berrogei eta zortzi ordu bustitan. (Naturaren mintzoa, Zabala, P.)
  • aspektu burutugabea (Gertakari errepikatuak aipatzen direnean bereziki):
    • Etxera berandu bazetorren, gurasoek zigortu egiten zuten.
    • Eta halakoren batean anai Elias beraganantz baldin bazetorren, bere bidea utzi eta beste bide bat hartzen zuen, harekin topo ez egitearren. (Asisko Frantzizko, Asisko Klara, Askoren artean)
    • Polizia bazetorren, haurrak alfonbretan bildu eta ezkutatu egiten zituzten. (India harrigarria, Garate, G.)
  • aspektu burutua:
    • Dirua gainean bazeneraman, gauzarik arriskutsuena egin zenuen herrialde hartan.
    • Bada yuramentu au egin zeuntzanean, bazeunkan gogo edo intenziñoa guzurra esateko, pekatu beniala bakarrik egin zenduan; baia ezpazeunkan guzurra esateko usterik, pekatu mortala egin zenduan. (Sermoiak II, Zabala, J. M.)
  • geroko aspektua:
    • Geltokian ordurako ez banengoen, ez nuen oporretara joaterik izango.
    • Herodesi bereala itzegin zioten, esanaz txit konbeni zitzaiola kristau guziak galdutzea; bada, lanbide onekin juduen gogoak beretuko zituela, eta erromarren aldetik esturasunik iñoiz bazetorkion, berak lagunduko ziotela. (Testamentu Zarreco eta Berrico condaira, Lardizabal)
  • aldi komunztadura hautsirik ere ager daiteke, ondore perpauseko aditza orainaldian emanda:
    • Iritzia aldatzeko asmorik ez bazenuen, zer egin duzu berriro bilera deituta?
    • Banekien, larritasunezko lurreratze batean, arriskua izaten dela hegazkina jo-eta-txikitu edota sutan kiskaltzekoa… harritu ere bai ni neukan lasaitasunaz. (Homo Faber, Max Frisch / Arrieta, J. A.)
  • Beste batzuetan, baldintzadun perpausa perpaus osagarria denean, eta aditz gobernatzailea iraganaldia, zehar-solaseko aldi komunztadura aurkitzen da, ondore perpauseko aditzak geroko aspektua hartu ohi duela:
    • Banekien, inor galdezka bazetorren, egia esan beharko niola.
    • Banekien nik osaba ez zela igande hartan mezarat joanen[…] (Lur bat haratago, Irigoien, J. M.)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Adizkera trinkoa duten baldintza perpausak", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3