Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:1:1:2:4

Ahalezko adizkera baldintza perpausetan

Ahalezko adizkera ere ager daiteke baldintzazko perpausetan, bai orainaldian (etor badaiteke, ekar badezake), bai lehenaldian (etor bazitekeen, ekar bazezakeen).

Baldintza errealak
Orainaldia Iraganaldia
aspektu markarik gabe (+ke) ibil badaiteke, ekar badezake ibil bazitekeen, ekar bazezakeen

Halako moldeak Iparraldeko testuetan aurkituko ditugu batez ere.

Baldintzazko perpausean orainaldiko ahalezko adizkera ageri denean, ohikoena ondore perpausekoa ere orainaldikoa izatea da (aspektuaren aldetik aukera zabala izaten da):

  • Zuk ez duzu hobenik, nik ez badezaket lorik egin.
  • Baldin ez badezaket ez hura ediren, eta ez banaite nere herrirat itzul, ez gathibutasunari ihes egin, ezin jasanen dudan bizi hau idek derautazu. (Telemake, Duvoisin)
  • Eta sartu orduko, duela hemezortzi edo hogoi urtheko orhoitzapen bat jauzten zait berehala sudurrerat, holakorik erran badezaket: etxe-barne hartako usain onaren orhoitzapena, orduan. (Beribilez, Etchepare, J.)

Berdin, baldintzazko perpausean iraganaldiko ahalezko adizkera ageri denean, ondore perpausekoa ere hala izan ohi da gehienetan:

  • Nahi nuena egin ez banezakeen, gaztetan zeharo haserretzen nintzen.
  • Mirenekin ezkon ez bazitekeen, herritik alde egingo zuen Jonek.
  • Uste zuen ezik eskura ahal bazezakeen gizon hura, bidegabe handia ekharriren ziotela Juduei. (Biblia Saindua II, Duvoisin)
  • Ezerk biribildu bazezakeen Gryffindorrekoen garaipena, huraxe zen. (Harry Potter eta Azkabango presoa, Naguib Mahfuz / Zubizarreta, P.)
  • Iges egin al banezaken, ni nerau joango nintzan gaztigatzera. (Lapurren menpean, Polikarpo, I.)

Baina zenbaitetan, apodosian adierazitakoa orainari badagokio, ondore perpauseko aditza orainaldian ager daiteke:

  • Lehen egin ahal bazenezakeen, orain ere egin ahal izango duzu.

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "Ahalezko adizkera baldintza perpausetan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3