Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:1:2

non (eta) ez...-en

Perpaus jokatuekin, baldintzazko perpausak osatzeko beste bidea non (eta) ez…-en egitura da:

  • Bihar horretaz mintzatuko dira, non ez diegun holako gairik aipatzea debekatzen.

Iparraldeko euskalkietan erabiltzen da bereziki baldintza mota hau. Beti ezezko perpausak izaten dira, eta non lokailua hasieran daukala, -eN izaten du menderagailua. Mendebaldeko euskalkietan eta ager daiteke non lokailuaren ondotik:

  • Ibaiak bere bidetik irtengo dira, non eta ez duen atertzen laster.
  • Non eta sokaz lotzen ez nauten, ni hemendik irtengo naiz.

Bestalde, nabarmendu behar da, azken adibidean aditz laguntzailea eta ezezkotasuna ez direla perpausaren hastapenean, non lokailuaren ondoko lehen posizioan. Erabide hori ere zilegi da, nahiz pixka bat markatua den Iparraldeko euskalkien erabilera nagusiaren eretzean.

Ikus adibide batzuk hemen:

  • Horrek erran nahi baitu, komentuetako bizia Jesus Jaunaren nahitik dela, eta komentura dohanak Jesus Jaunari atsegin egiten diola; non-eta ez luken munduan egoteko, burasoen sokhorritzea gatik. (San Benoaten bizitzea, Joannateguy)
  • Ez duzu inolako harreman zuzenik izango nirekin, non eta ez den guztiz beharrezko arrazoi sozialengatik. (XX. mendearen argi-itzalak, Salaburu, P.)
  • Ingeniariak ezin du lorpen hori berdindu, non eta ez dituen erabiltzen zero absolututik hurbileko tenperaturan funtzionatzen duten material supereroale berriak. (Giza gorputza lanean, John Lenihan / Irene Aldasoro)
  • Protestantek berek ere ez dute beldurrik lehen hirur eta lau mendetako; bainan geroztik ere ez diteke bertzela, non ez den erakusten Elizaren izatea ganbiatu dela edo Ebandelioa ukitu. (Eskaraz egia, Hiribarren, J.M.)
  • Nehork ez dezake sustenga gauza hori serioski, non ez den arras mentsa, edo non ez duen izpiritua osoki makhurra, osoki gaixtoa. (Frantziako hirur errepubliken ixtorioa laburzki, Elizanburu, M.)
  • Guri tokiaren egitera joan bada Jesus zerurat, gure arartekoa balinbada, orhoit gaitezen ere, ez garela harekin altxatuak izanen, non ez garen lehenik harekin aphaltzen, non ez dugun harekin sofritzen: (Credo edo Sinhesten dut esplikatua, Lapeire)

Salbuespen zentzua

non (eta) ez…-en moldea erabiliz osatutako adibideetan, baldintzazko perpausak salbuespen zentzua dauka, ondore perpausari begira. Izan ere, ondore perpauseko baieztapena urra dezakeen salbuespen bakar gisa agertzen da baldintzan adierazitakoa. Horrelako baldintza ba- aurrizkia erabiliz adierazteko, behintzat edo salbu gainera daiteke:

  • Bihar horretaz mintzatuko dira, holako gairik aipatzea debekatzen ez badiezu behintzat.
  • Bihar horretaz mintzatuko dira, salbu holako gairik aipatzea debekatzen badiezu.

Baldintzazko perpausa ezezkoan utzi da lehen kasuan, baina ez bigarrengoan.

Ordena

Ordenari dagokionez, egitura honetan protasia apodosiaren atzean jartzen da gehienetan:

  • Negu hartan ez zuten goserik pasako, non azken unean uzta bat-batean ez zitzaien galtzen.

Hala ere, ez dira falta alderantzizko segida dutenak ere:

  • Non ez duzun arerioa osoki garaitua ikusten, ez zaitezela pausa.

Eta lehenengo adibidean ikusten da, bestalde, baldintzazko perpauseko aditza iraganaldian ere izan daitekeela.

Ikus hemen adibide gehiago:

  • Hartarat geroz, herrian sortzen diren haurrak batea detzazke, bai eta hilak ehortz apez bakar batek, non ez den eri. (Zezenak errepublikan, Hiriart-Urruty, J.)
  • Maita zatzik hire azpikoak, lausengua higuint, eta jakin zak ez haizela handi izanen, non ez haizen begiratua eta bihozdun izaiten hire lehien bentzutzeko. (Telemake, Duvoisin)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "non (eta) ez...-en", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3