Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:2:1

-tuz gero

Partizipioari -z atzizki instrumentala erantsi, eta ondoren gero postposizioa gehituz, -tuz gero markaren bidez, baldintzazko adiera duten perpausak osa daitezke:

  • Asko maitatuz gero, asko sufritzen da.
  • Gogor lan eginez gero, gehienean helburuak lortzen dira.
  • Hemen, berriz, inurria bezala goizetik gauera ari arren, doi-doian bizitzeko lain eginez gero, pozik. (Bost urtian, Altzaga, T.)

Denborazko eta baldintzazko balioa

Muskerraren bidea osatu dute Asteasun, Atxagaren "Obaba" ezagutzeko Gero postposizioa azaltzeak adierazten digu marka honek denborazkoekin ere lotura izan dezakeela. Izan ere, Iparraldean gehienetan denborazko balioa du (gehienean -tuz geroz formarekin); Hegoaldean XIX. mendean hasi ziren baldintzazko adierarekin erabiltzen, eta XX. mendean denborazko adiera baino ugariagoa da (gehienean ezkero formarekin).

Ikus adibide hauek guztiak:

  • -tuz gero denbora balioarekin:
    • Jerusalengo tenplua egitean, ta egiñez gero bere, bazebillan obraren eskea; ta bazan atearen aldean bere utxa bat, limosnea gordetako toki, zepo ta ontzi bat, an bakotxak borondatez gura ebana emoteko, orain bere gure elexetan oi dan legez. (Gueroco Güero, Añibarro)
    • Zenbat denbora elkar ikusi gabe! “Gorilaren koadernoa nire eskuetara etorriz gero ez bainintzaion zain egoten, Villa Lecuonako atean noiz deituko. (Soinujolearen semea, Atxaga)
  • -tuz gero baldintza balioarekin:
    • Bekhatu eginez gero, ezta bertze biderik, ezta bertze erremediorik. (Guero, "Axular")
    • Biga hori salduz gero, zertan gelditzen duk nire ukuilua? NARXIXO Herorrek gelditu behar huke ukuiluan bigaren ordez. (Tantarrantan, Altzaga, T.)
  • ezkero baldintza balioarekin:
  • ezkero denbora balioarekin:

Nolanahi ere, zenbait adibidetan denborazko adiera eta baldintzazkoa oso hurbil daude:

  • Gehiegi edanez gero, mozkortu egiten gara.

Adibide horretan uler daiteke gehiegi edan ondoren mozkortzen garela, edo gehiegi edaten badugu mozkortzen garela.

Izan ere, denborazkoek (Ezinean gertatzen naizenean, laguntza askatuko dizut) eta baldintzazkoek (Ezinean gertatuz gero (=gertatzen banaiz), laguntza eskatuko dizut) sarritan antzeko eginkizuna izaten dute perpaus nagusiari begira: biek ere mintzagai izateko joera dute, eta perpaus nagusia mintzagai horri buruzko iruzkina izan ohi da askotan.

Lehenak, denborazkoak, denbora-une bat edo seinalatuko luke, eta memento hori iristean laguntza eskatuko dela adierazten da; bigarrenean, baldintzazkoan, egoera batez ariko ginateke. Baina eguneroko solasean, ez da ezohikoa, bata zein bestea erabili, alde nabarmenik gabeko egoerak agertzea: eta orduan, denbora nahiz baldintza adieraz ditzakeen -tuz gero menderagailua erabili bada, adibide hori sailkatzeko unean zailtasunak izango ditugu:

  • Nahi al duzu badaezpada ni zurekin gelditzea? Ez; ezinean gertatuz gero, laguntza eskatuko dizut.

Adibide horretan bi irakurketak zilegi dira.

Nolanahi ere, esan dugu tradizioan gehienetan denborazko adierarekin erabili izan dela. Denborazkoa izaten da, bereziki, perpaus nagusiak bururaturiko gertakari bat adierazten duenean, mendeko perpauseko aditzaz denbora-une bat seinalatzen duenean, edo behin eta antzeko adberbioak mendeko perpausean azaltzen direnean. Denborazko perpausen atalean (Ondokotasuna azpiatalean) ematen dugu horren berri. Baldintzazko adiera gailenduko da, ordea, egoera hauetan:

  • denbora-unea seinalatu beharrean une zehatzik gabeko egoera adierazten duenean:
    • Ahal izanez gero, nahi izanez gero, behar izanez gero
  • edo balio generikoa duenean:
    • Bizipoza galduz gero, aberastasunak soberan izaten dira.
  • Baita baldintza-ondorio komunztadura nagusitzen denean ere:
    • Ahaleginduz gero, lortuko duzu matematika gainditzea.

Eta denborazko adierarekin gertatzen zen bezala, -tuz gero daramaten perpausek baldintzazko balioa dutenean ere, baiezko perpausetan azaldu ohi dira nagusiki, euskalki eta garai guztietan; euskarak beste molde batzuk ditu aditz jokatugabearekin ezezko perpausetan baldintza adierazteko: -tu ezik, -tu ezean:

  • Asko irakurri ezik, ez duzu adierazpena hobetuko.
  • Ingeles gehiago ikasi ezean, ez dut lanik lortuko enpresa honetan.

Beste balio batzuk

-tuz gero eta bere aldaerek baldintza eta denbora adierazten dute batez ere, esan dugu hori. Inoiz kausa ere bai. Eta balio horiez gain, -tuz gero menderagailua daraman perpausak ere lokailua hartzen badu, kontzesio adiera izaten du:

  • Lasai, zuri ahaztuz gero ere, gogoratuko naiz ni.
  • Ez erortzeko, eta eroriz gero ere, iaikitzeko, erremedio handia da gogoa, borondatearen deliberamendua: hain handia, non bertze guztiak alfer baitira, deliberamendu hura gabe. (Guero, "Axular")

Beste aldaera batzuk

Gero aditzondoari atzizkiak erantsiz, beste aldaera batzuk sortzen dira: -tuz geroz, -tuz geroztik… Bestetik, ezkero aditzondoarekin ere sortzen dira halakoak: ezkeroz, ezkeroztik, ezketino, ezkeroan, ezkerok

Instrumentaleko atzizkiaren aurretik artikulua jarriz ere sortzen dira aldaerak, baina bide hori ez da horren erabilia: -tuaz gero forma duten adibideek denbora adiera dute eta azkero erabiliz baldintzazko adibide bakan batzuk baino ez daude.

  • Bada - esan eben arzai batak - orrela dan azkero, goazen guztiok batera, eze guek al daigun lagundasunik onaena egingo deusugu. (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • Bada, oneinbat gatx ire kausaz etorri dan azkero, zegaiti ezton lotsarik berba oriek esaten gure aurrean? (Eskuizkribua, Lazarraga)
  • Doktrinea iakin askero esan dana legez. («Textos vascos antiguos. Un catecismo vizcaíno del siglo XVII», Mitxelena, K.)

Ordena

Ordenari dagokionez, -tuz gero duten perpausak ondore perpausaren aurretik nahiz atzetik joan daitezke. Mintzagai izateko joera dutela, maiztasunaren aldetik aurretik sarriago izaten dira:

  • Aukera izanez gero, Patagoniara joango nintzateke.
  • Aukera izanez gero, zerritegitik kanpora egingo dute kaka. (Zakurra, zeure laguna, Garate, G.)

Baina ondoren joateko ere ez dute arazorik:

  • Patagoniara joango nintzateke, aukera izanez gero.
  • Bere izter eta ipurtaldeari begira ordutan egongo litzateke edozein gizon, aukera izanez gero. (Soinujolearen semea, Atxaga)

Zenbaitetan, mintzagai modura ez, baizik eta galdegai modura ere azal daitezke, adibidez, ondoren bakarrik aditzondoa daramatenean:

  • Akordioa sinatuz gero bakarrik jasoko dute bi aldeek diru hori.

Horrelakoetan, baldintza askikoa eta ezinbestekoa izango genuke: ez da esaten soilik akordioa sinatzea nahikoa dela bi aldeek dirua jasotzeko; esaten da, baita ere, akordioa sinatzea dela aukera bakarra horretarako.

Ikus ditzagun bi adibideok:

  • Udal-zinegotzi guztien onirizpena lortuz gero bakarrik aterako dira aurrera bi mozioak.
  • *Udal-zinegotzi guztien onirizpena lortuz gero bakarrik, bi mozioak aurrera aterako dira.

Lehenengo adibidean, bakarrik aditzondoaren aurretik doan baldintza perpausa galdegaia da. Horregatik, bigarren adibidean beste osagai bat jarri dugunean galdegai gisa, adibidea ez da zuzena. Adierari dagokionez, baldintzadun perpausen p → q eskema hartzen badugu erreferentziatzat, horrelakoetan ez dugu esan nahi soilik p betetzea (onirizpena lortzea) nahikoa dela q gauzatzeko (bi mozioak aurrera ateratzea); esaten da p betetzea dela aukera bakarra q lortzeko: baldintza askikoa eta ezinbestekoa.

Barneko ordena

Bestalde, baldintzazko perpausaren beraren barneko ordenari dagokionez, [aditza+-tuz gero] multzoa gehienetan mendeko perpausaren amaieran agertu ohi da:

  • Etxerako barazkiak merkatuan erosiz gero, baserritarrei laguntza ematen zaie.

Baina atzetik beste elementu batzuk dituela agertzeko ere ez dago eragozpenik:

  • Merkatuan erosiz gero etxerako barazkiak…, baserritarrei laguntza ematen zaie.

Hipotesiaren gertakortasuna

Perpaus hauetan adierazten den hipotesiaren gertakortasuna edo balioa ere kontuan izateko puntua da. Aipatu dugu dagoeneko aditz jokatua duten baldintzazko perpausetan bi sail nagusi bereizten direla, aditz laguntzailearen aldetik:

Bereizketa formal horrek lotura zuzena du baldintzazko perpausak adierazten duen hipotesiaren gertakortasunarekin; eta horrez gain, aditz nagusiak hartzen duen aspektu-markaren arabera ere aldeak badira baldintzazkoen adieran, hizkera batetik besterako desberdintasunekin.

Aditz jokatugabea duten baldintzazko perpausetan, ordea, informazio morfologiko hori ez zaigu agertzen, ez baita aditz laguntzailerik. Hala ere, ondore perpauseko aditz laguntzaileei begiratuz, ohartzen gara -tuz gero perpausen bidez baldintza erreala nahiz irreala adieraz daitezkeela:

  • Liburua irakurriz gero, zure iritzia aldatuko duzu.
  • Liburua irakurriz gero, zure iritzia aldatuko zenuke/zure iritzia aldatuko zenuen.

Errefuxiatuek denon laguntza behar dute Baina kontuan izan behar dugu, baita ere, baldintza/ondore komunztadura ez dela beti hertsiki jarraitzen. Orduan, testuingurura jo beharko dugu; eta zenbaitetan bi eratara uler daitezkeen perpausen aurrean egongo gara. Adibidez:

  • Mirenek pozik lagunduko zion Josuri, honek eskatuz gero.

Perpaus horretan uler daiteke, lagunduko ziola honek eskatu izan balio (baldintza irreala) edo honek eskatuko balio (baldintza erreala).

Baldintza errealaren balioa

Baldintza errealaren balioa duenean, adiera hau dute baldintza perpausek:

  • oraindik hasi gabe dauden egoerak, gertakariak edo gertakari-segidak aipatu nahi dira:
    • Iaz adina saiatuz gero, aurten ere lortuko duzu helburua.
  • ekintza errepikatuak:
    • Egunero otoitz eginez gero, arimako bakea lortzen da.
  • balio generikoa edo gnomikoa izanik denbora kokapen zehatzik ez dutenak:
    • Euria eginez gero, kaleak busti egiten dira.

Era horretan, geroari buruzko baldintzak adierazten dira, edo balio generikoa dute eta ez dute denbora zehatzik adierazten, edo aldiberekotasun errepikatua dute.

Ondore perpausa

Tradizioan adibide asko daude, eta ondore perpauseko aditza ere era askotakoa izan daiteke. Orainaldiko adierarekin -ten eta -go aspektu-markak ageri dira ondore perpausean; baita -tu ohi ere. Beste batzuetan aditzaren forma trinkoa hartzen dute edo (+ahal) ezaugarria:

  • Zuri berdin izango zaizu jatetxe hartan jan edo hemen jan, sabela ondo betez gero. (-go)
  • Mendian, inor gose edo egarri bada, edukiz gero, beti ematen diogu jana edo edaria. (-ten)
  • Maite duzun norbaiti min eginez gero, haserretu egin ohi da. (-tu ohi)
  • Elurte txarrenak uzta hondatzen badu ere, landatutakoaren arrastorik gelditzen bada, berriz ere uzta dator. (trinkoa)
  • Gaixotasuna garaiz antzemanez gero, berehala senda lezake sendagileak gaixoa. (+ahal)

Lehenaldiko adierarekin ere berdin:

  • Maddik esan zidan, nik baino azkarrago amaituz gero, lagunduko zidala idazlana amaitzen. (-go)
  • Ane kezkatuta zegoen, piper egin eta irakasleak eskolan ikusiz gero, ikasgaia gaindituko ez zuen uste osoan. (-go)
  • Realak gol bat sartuz gero, Anoetan poz oihuak besterik ez ziren entzuten. (-ten)
  • Ur nahasietan murgilduz gero, piragua irauli egiten zela esan zien begiraleak ikasleei. (-ten)
  • Garai batean, neskak mutil bati dantzarako ezetz esanez gero, beste mutil batengana zegoela uste zen. (trinkoa)
  • Guk uste genuen edateari utziz gero, sendatuta geundela. (trinkoa)
  • Amona beldurrez zihoan oinez, euria ari zuen eta lurrera eroriz gero min har zezakeen. (+ahal)

Debekatutako aspektu-balioak

Aipatu behar da, badirela -tuz gero erabiltzen denean debekaturik ditugun aspektu-balioak ere. -tuz gero perpausek ezin dute ekintza/egoera buruturik adierazi, eta ezta unean bertan jazotzen ari denik ere. Demagun perpaus hau:

  • Euria eginez gero, ez gara Ibañetatik joango. (#Euria egin badu…)
  • Zu garaiz etorriz gero, kafea hartzera joango gara. (#Zu garaiz etorri bazara…)

Euria Perpaus horietan ezin da ulertu aspektu burutua, hau da, ‘euria egin badu, zu garaiz etorri bazara’. -tuz gero duten baldintza-perpausekin ezin dugu ekintza buruturik adierazi. Bi baldintza-perpaus horiek modu jokatuan emateko, aspektu-marka burutugabea erabili beharko genuke eta etorkizuneko adiera izango lukete.

  • Euria eginez gero, ez gara Ibañetatik joango. (=Euria egiten badu…)
  • Zu garaiz etorriz gero, kafea hartzera joango gara. (=Zu garaiz etortzen bazara…)

Eta irakurketa burutua lortu nahian bart aditzondoa eransten saiatzen garenean, perpaus okerrak sortzen dira:

  • *Bart euria eginez gero, ez gara Ibañetatik joango.

Dena den, aditz jokatuarekin ere bidera daiteke adiera burutua:

  • Bart euria egin badu, ez gara Ibañetatik joango.

Era berean, solasa gauzatzen den unean hasita dauden egoera eta gertakariak ere ezin dira –tuz gero perpausen bidez adierazi:

  • Egun gure kaleetan etorkin asko ikusten baditugu, gerora ez ditugu gutxiago izango. (#etorkin asko ikusiz gero…)
  • Une honetan amaitu baduzu azterketa, burua bero-bero izango duzu. (#Une honetan amaituz gero azterketa…)
  • Egun lo asko egiten badu, gerora ez du gutxiago egingo. (#…eginez gero…)
  • Oraintxe menditik bueltan bazatoz, ederki nekatuta etorriko zara. (#…etorriz gero…)

Perpaus horien ordezko jokatugabeak, ezin ditugu honela eraiki:

  • ?Egun gure kaleetan etorkin asko ikusiz gero, gerora ez ditugu gutxiago izango.
  • ?Une honetan amaituz gero azterketa, burua bero-bero izango duzu.
  • ?Egun lo asko eginez gero, gerora ez du gutxiago egingo.
  • ?Oraintxe menditik bueltan etorriz gero, ederki nekatuta etorriko zara.

Nolanahi ere, badirudi debekatutako bi interpretazio hauekin (egoera/gertakari burutuak eta solas unean hasiak), baldintzazko jokatuek ere ez dutela benetako hipotesirik agertzen: edo aurretik proposizio horien egiazkotasuna ezaguna dugu, eta horregatik, sarritan inferentzia modukoak adierazteko erabiltzen dira; edo baldintza ez da protasiak adierazten duena bera, baizik eta protasiak dioena egia izatea, eta egia bada, adierazi nahi da orduan ondore perpausa badagokiola protasi horri. Nolabait esateko ‘bart elurra egin duela egia gertatzen bada…’, edo ‘menditik zatozela egia gertatzen bada…’; era horretan, mendeko proposizioak dioena burutua edo dagoeneko hasia izan arren, hipotesia bera geroan kokatzen dugu aditz jokatuekin ere.

Bestalde, horrelako interpretazioek eragiten duten inferentzia moduko erabilera dela eta, -tuz gero markaren bidez ezin dira eman zenbait erabilera 1:

  • Zu bertsolaria bazara, ni futbolari. (#Zu bertsolaria izanez gero, ni futbolari)

Inferentzia horiek baieztapenak adierazten dituzte baina -tuz gero formaren bidez balio hipotetikoagoa ematen denez, ez da adiera berbera azaltzen.

Azkenik, geroaldiko baldintza-perpausetan, aditz jokatuekin ba- aditz-aurrizkia izan arren, geroaldiko aspektu-marka dutenak ez ditugu baldintzazkoen artean aztertu, helburuzkoen artean baizik, balio horretatik gertuago daudelako. -tuz gero formarekin, ordea, ezin da halakorik adierazi:

  • Gaindituko badugu, gogor ikasi behar. (#Gaindituz gero, gogor ikasi behar)

Horrelakoak era jokatugabean emateko, aditz-izena oinarri hartzen duten marketara jo behar da: jatekotan, jatekotz, jatez gero…

Balio irreala

Tradizioko adibiderik gehienetan –tuz gero marka baldintza erreala adierazteko erabili bada ere, ez dira gutxi baldintza irrealeko irakurketa eskatzen duten adibideak. Horrelakoetan ondore perpauseko aditzak alegialdiko ba- perpausetako aukera berak azaltzen ditu. Baldintza irrealaren esparruan, -tuz gero dutenak erabil daitezke baldintzazko perpausean esaten denak gertatzeko aukera handirik ez duela adierazteko:

  • Bihar berandu iritsiz gero, ez lidakete sartzen utziko.

Edo, iraganeko baldintzaren balioarekin, baldintza hori ez dela gauzatu aditzera emateko ( kontrafaktuala):

  • Joan den astean, berandu iritsiz gero, ez zidaten sartzen utziko.

Aspektu balioei dagokionez, gehienetan solas unean hastekoak diren egoerak edo gertakariak adierazten dira:

  • Nire etxera etorriz gero, elkarrekin afaldu ahal izango genuke.

Baina hasiak izanik burutuak ez diren egoerak ere azaltzen dira:

  • Nire banketxeko kontuan diru gehiago izanez gero, oraintxe emango nizuke apur bat.

Baita gertakari-segidak ere:

  • Igandeetan lan eginez gero, ez zenuke diru arazorik izango.

Geroari begira, gertagarritasun gutxiko hipotesia adierazten dute adibideok:

  • Asmatzen hasiz gero, nik ere asmatuko nituzke ipuin batzuk.
  • Gustuko jantzia izanez gero, ez nioke prezioari begiratu ere egingo.

Eta baldintza errealetan ez bezala, ez dago aspektu-balio burutua adierazteko eragozpenik:

  • Gazterik hasiz gero, nik ere ikasiko nuen lanbide.

Hori esatean, aspektu burutuko adiera ematen zaio.

1 Erabilera desegoki honen inguruko informazio gehiago EHULKUn daukazu

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tuz gero", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3