Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:2:2

-tu ezik

Partizipioari ezik erantsita, ezezko mendeko perpausak osatzen dira mendebaldeko hizkeretan, eta gehienetan baldintza balioa izaten dute:

Armintza, Lemoiz

  • Atariko probetan saiatu ezik, ez dugu gaindituko azken azterketa.
  • Haserraldietan hitzak ondo neurtu ezik, nahigabe ere min eman daiteke.
  • Eguraldia hobetu ezik, ezingo gara hondartzara joan.
  • Horrela egin ezik, ez dugu lortuko aurrera ateratzea.
  • Hurrengo egunetan eguraldia hobetu ezik, turistak haserre ibiliko dira.

Adibide horiek honela emango genituzke aditz jokatua erabiliz: saiatzen ez bagara, neurtzen ez baditugu, hobetzen ez bada, egiten ez badugu…

Adiera

Adierari dagokionez, -tu ezik duten perpausetan baldintza erreala, irreala eta salbuespena adieraz litezke:

  • Zigortu ezik, ikasleek ez dute zuzen jokatzen ikasiko. → erreala, zigortzen ez badira
  • Bertso-saioa irabazi ezik, oso zail izango genuke finalera pasatzea. → irreala, irabaziko ez bagenu
  • Egunero joaten naiz lanera, larunbatetan izan ezik. → salbuespena, larunbatetan ez beste egun guztietan

Ikus adibide gehiago:

  • Yesusek esan zion: “Ezaupideak (gauza arrigarriak) eta mirariak ikusi ezik, eztuzue siñesten”. (Yesu Kristo gure Yaunaren bizia, Polikarpo, I.)
  • Bekian Josetxok, aittak abesti ori abesau ezkero, zigorra biak; bata abes-egitten da bestea negarrez; baña geztokeri andiren bat egiñ ezik, aittak ezeban iñoiz joten. (Josetxo, Etxeita, J. M.)
  • Txapela urdiña, amilla urdiñak, praka urdiña, pipetako keia urdiña, euritrakoak urdiñak, dana da emen urdiña, alkondara, abarka edo abarketak izan ezik. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Jendetzar madarikatu horrek, laga ber-bertan karroza horretan gogoz kontra daramazkizuen printzesa goreneko horiek; hala egin ezik, para zaitezte bizia ber-bertan ematera, zuen gaiztakerien ordainez. (On Kixote Mantxako, Miguel de Cervantes / Ezkiaga, P.)
  • Beltzez jantzita dago hura, kapusaia izan ezik, gorria baita. (Airezko emakumeak, Juaristi, F.)

Baldintza errealetan

-tu ezik moldearekin baldintza erreala adierazten dugunean, aspektu-balioei dagokienez -tuz gero moldearekin bezala, gehienetan hasi gabe dauden gertakariak aipatzen ditugu, edo balio generikoa dutenak, hau da, denbora zehatzik gabeak:

  • Gehiago ikasi ezik, ez duzu azterketa gaindituko. → (hasi gabeko gertakaria)
  • Eguzkia irten ezik, zuhaitzak ez dira loratzen. → (generikoa)

Bestalde, -tu ezik ezin da erabili gertakari burutuak adierazteko, hasitako gertakariak baldintza modura emateko edo geroaldiko aspektu-marka duten baldintzazkoen ordain gisa:

Orkidea

  • Elurrak bidea zuritu ez badu, oinez joango gara aterpetxeraino. (#Elurrak bidea zuritu ezik, oinez joango gara aterpetxeraino) → (gertakari burutua)
  • Orain nekatuta ez bazaude, goazen korrika egitera. (#Orain nekatuta egon ezik, goazen korrika egitera) → (hasitako gertakaria)
  • Landarea hilko ez bazaizu, ur gehiago bota beharko diozu. (#Landarea hil ezik, ur gehiago bota beharko diozu) → (geroaldiko baldintza)

Baldintza irrealetan

-tu ezik moldeak baldintza irrealaren adiera duenean, ohiko aukera guztiak aurkituko ditugu ondore perpauseko aditzean:

  • Oso eguraldi ona egin ezik, ez gara joango hondartzara asteburuan.
  • Herri hartan, gauza guztiak alkateak agindu bezala egin ezik, iskanbila sortzen zen udal bileretan.
  • Igandeetan lan egin ezik, ez genuke behar adina diru lortuko.
  • Edan ezik, ez genuke bizirik iraungo.

-tuz gero moldearekin bezala, -tu ezik moldearekin ere aspektu-balio hauek adieraz litezke: burutua, hasi gabeko gertakariak, ekintza errepikatuak nahiz generikoak:

  • Asko ikasi ezik, ez nuen azterketa gaindituko. → (ekintza burutua)
  • Liburua idazten garaiz hasi ezik, ez duzu urte honetan amaituko. → (ekintza hasi gabea)
  • Astegunetan goiz oheratu ezik, goizetan asko kostatzen da jaikitzea. → (ekintza errepikatua)
  • Urik edan ezik, hil egingo ginateke. → (generikoa)

izan ezik

Bestalde, ezik partikula izan aditzaren ondoren agertzen da askotan, aurretik sintagma bakar bat duela, perpaus nagusian esandakoaren salbuespena adierazteko. Zenbaitetan izan isilean uzten da (tradizioan badira zenbait adibide), baina gehienetan, izan ezik osorik ageri da eta horixe aukeratu da euskara baturako ere. Halakoetan, perpaus nagusia ezezkoa izaten da askotan, eta kuantifikazioa adierazten duen elementuren bat egoten da: inor, ezer, guzti, beste, oro, dena…:

  • Mendian gora gindoazela ez zen ezer entzuten, ardien txintxarri hotsa izan ezik.
  • Egun jakin batzuetan izan ezik, Pello ez zen ia inoiz elizara joaten.
  • Maddi izan ezik, gainerako haurrak ez ziren konturatu Errege magoak herriko zenbait gizon zirela.

Izan ezik formaren ezkerrean doan sintagmak dagokion atzizkia hartu ohi du. Salbuespena ergatiboarekin egiten da batzuetan, izan ezik formaren aurreko sintagma absolutiboan egoten baita, ondokoa ergatiboan joan arren.

  • Ekitaldian denek egin zuten oihu pozez, zu izan ezik.

Bestalde, Euskaltzaindiak [Izen Sintagma + izan ezik] forma osoa onartu du euskara baturako, eta beraz ez du ontzat ematen ezik forma soilik. Ikus Euskaltzaindiaren 16. araua:

  • *Zuk ezik gainerako denek erosi dituzte gaur gaztainak.
  • Zuk izan ezik gainerako denek erosi dituzte gaur gaztainak.
kakotxa Erabil bedi formula osoa, “izan ezik”, eta ez “ezik” bakarrik, eta aurreko sintagmak har beza dagokion kasu marka. Nolanahi ere, ergatiboaren kasuan zilegi da absolutibo kasua erabiltzea. Izan ezik araua, Euskaltzaindiakakotxa

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tu ezik", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3