Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:2:3

-tu ezean

Partizipioari ezean erantsita ere ezezko baldintza-perpausak osatzen dira. Batez ere Gipuzkoan eta oro har mendebaldean erabiltzen da, baina egitura honek aurrekoek baino tradizio laburragoa du:

  • Garaiz esnatu ezean, zaila da goiza ondo aprobetxatzea.
  • Sokatiran, denok batera tira egin ezean, zaila da arerioei irabaztea.

Adibide horiek aditz jokatua erabiliz eman litezke:

  • Garaiz esnatzen ez bagara, zaila da goiza ondo aprobetxatzea.
  • Sokatiran, denok batera tira egiten ez badugu, zaila da arerioei irabaztea.

Adiera

Adierari dagokionez, -tu ezean forma duten perpausek baldintza irreala eta erreala biak adieraz ditzakete, eta ondore perpauseko aditzerako ohiko aukerak dituzte: Praileaitz

  • Praileaitzeko aztarnak geologoek ikertu eta zaindu ezean, desagertu egingo ziren. → (irreala)
  • Koadrilako bazkarietan ondo pasa genezake guztiok elkarrekin, neurriz edan eta gehiegi aztoratu ezean. → (erreala)
  • Geure buruarekin bakeak egin ezean, ez gara inoiz zoriontsu izango. → (erreala)

Baldintza errealetan

Adiera erreala duten adibideetan hasi gabe dauden gertakariak edo generikoak, denboran kokapen zehatzik ez dutenak, aipatzen dira gehienetan:

  • Lotsa kendu ezean, ez zara antzezle ona izango. → (hasi gabe)
  • Ureztatu ezean, landareak hil egiten dira. → (generikoa)

-tu ezean, ordea, ezin da erabili gertakari burutuak dituzten baldintza-perpausak adierazteko, ezta hasita dauden gertakariak baldintza modura edo geroaldiko aspektu-marken ordain modura ere:

  • Autobideak elurtuta ez badaude, autoz eta autobidez joango gara. (#Autobideak elurtuta egon ezean, autoz eta autobidez joango gara).
  • Une honetan zereginik ez badaukazu, zatoz etxera eta hemen afalduko dugu. (#Une honetan zereginik eduki ezean, zatoz etxera eta hemen afalduko dugu).
  • Egongelako lurra hondatuko ez bada, itoginak konpondu beharko ditugu. (#Egongelako lurra hondatu ezean, itoginak konpondu beharko ditugu).

Baldintza irrealetan

Baldintza irreala adierazteko, -tu ezik dutenen jokabide bera azaltzen du -tu ezean moldeak, hau da, aukera guztiak aurki litezke ondore perpauseko aditzean:

  • Oso eguraldi ona egin ezean, ez gara joango hondartzara asteburuan.
  • Herri hartan, gauza guztiak alkateak agindu bezala egin ezean, iskanbila sortzen zen udal bileretan.
  • Igandeetan lan egin ezean, ez genuke behar adina diru lortuko.
  • Edan ezean, ez genuke bizirik iraungo.

-tu ezik moldearekin bezala, aspektu-balio hauek adieraz litezke -tu ezean moldearekin: burutua, hasi gabeko gertakariak, ekintza errepikatuak nahiz generikoak:

  • Asko ikasi ezean, ez nuen azterketa gaindituko. → (ekintza burutua)
  • Liburua idazten garaiz hasi ezean, ez duzu urte honetan amaituko. → (ekintza hasi gabea)
  • Astegunetan goiz oheratu ezean, goizetan asko kostatzen da jaikitzea. → (ekintza errepikatua)
  • Urik edan ezean, hil egingo ginateke. → (generikoa)

Salbuespena

-tu ezik menderagailuarekin bezala, -tu ezean duten perpausekin ere salbuespena adierazten da, izan aditzari erantsita. Hala ere, -tu ezik-ekin baino adibide gutxiago daude tradizioan: Aizkorri

  • Margarita txiki horiek izan ezean, nik ez det beste lorerik ezagutzen.
  • Arazoei aurre egiten ez badiezu, ez duzu ezer lortuko, tristezia eta zoritxarra izan ezean.
  • Mutil-zarra edo neska-zarra zara? Tira, on ezta desondrea, mutil-zar txarra edo neska-zar txarra izan ezean! Baña ez egizu esan zeure buruaren ardurea daukazula bakarrik, eta zeuk zeutzat naikoa dakizula dotriñarik. (Kili-kili, Zamarripa, P.)

Partitiboan doan osagai bakar batekin ere sarri joaten da, eta halakoetan izan aditzik gabe ere ager daiteke. Gabezia bat adierazteko erabiltzen da askotan, baldintzazko edo moduzko modura:

  • Besterik ezean, platano hau jango dut.
  • Nik Alpeetara joan nahi nuke oporretan, baina hoberik ezean, Aizkorrira igota konformatuko naiz.
  • Lagunek beste planik egiteko deitu ezean, gaur gauean zinemara joango naiz.

Ildo berekoak dira besterik ezean eta antzeko esapideak ere:

  • Besterik ezean, kale-garbitzaile lanari heldu beharko diot.
  • Besterik ezean, zinemara joango gara.
  • Hoberik ezean, honekin konformatu beharko.
  • amar miñuturen barruan, iru errietako kanpaiok, ¿nok joko dauz? -Besterik ezean, neuk joko yoadaz, mutil. (Euskalerriko ipuñak, Bustintza, E.)
  • Ala ba, esperantzarikan ez galdu, eta bien bitartean poztu zaitezte, besterik ezean, jakiteakin bizi naizela guztion onerako bear egiteko. (Patxiko Txerren, Apaolaza)

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tu ezean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3