Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:2:4

-tzekotan

Aditz-izenarekin osatutako -tzeko formari inesiboko marka eransten zaio (mugagabeko -ta morfemarekin), isilean izen bat balego bezala, eta zirkunstantziaren bat adierazten da. -tzekotan Hegoaldean erabiltzen da nagusiki, eta -tzeko formari atzizki instrumentala erantsiz sortzen den -tzekotz forma, berriz, Iparraldean.

Balio batean baino gehiagotan ager daitezke: helburuzkoak, baldintzazkoak, moduzkoak… Helburua adierazteko erabiltzen dira gehienetan:

  • Hitzaldi bat egitekotan gara proiektuaren berri emateko.
  • Ba eta beste bi erregebide oraino egitekotan dira. (Artikulu bilduma, "Manezaundi")
  • Gerra egitekotan beste biderik ez dagoela. (Putzu, "Txillardegi")

Baldintzazko balioa duten adibideak:

  • Inora joatekotan, oporretan mendira joango gara.
  • Norbait goraipatzekotan, gure irakasleak egindako lana goraipatuko nuke denen gainetik.
  • Liburua utziko dizut, baina laster itzultzekotan.
  • Pozik ez bizitzekotan, hobe da harremana uztea.
  • Berandu etortzekotz, hobe duzu giltza hartu.
  • Gehiago ez saiatzekotz, onena ikasketak uztea.
  • Hil den jaun apezpiku horrek egin ditu, batek egitekotz, bai hemen, bai han, bere ahal guziak, nahiz eta, eztitasunez, zuhurtziaz, onez-onean gobernamenduko gizonekin bakean bizi. (Janpierre Arbelbide,Arbelbide, J. P.)
  • Bainan, ethortzekotz, orai ethorri behar nuen. (Piarres, Barbier)
  • Uztarri on bat egitekotz, behar dituk hein bertsuko kabalak. (Lana eri, Larzabal, P.)
  • Orrenbeste laguntasun egingo dautsut, zeuk be neuri bestetxo bat egitekotan. (Latsibi, Azkue, R. M.)
  • bañan euria egitekotan onezkero asia bear lukela esan liteke. (Ekaitzpean, Eizaguirre)
  • Zure lagun batek txal txikidun bei bat erosi duala: txal txiki ori ezin eramanik arkitu dezula bidean, eta txala gañean obeto eraman dezan, astoa eskatu dizula ta biar berriz ekartzekotan eman egin diozula. (Pernando Amezketarra, Mujika, G.)
  • Barkatuko dautzula hitzeman daut, zuk barkamendu eskatzekotan. (Matalas, Larzabal, P.)

Adibide horiek aditz jokatuarekin eman beharko bagenitu, baldintzako formak erabiliko genituzke:

  • Inora joaten bagara, oporretan mendira joango gara.
  • Norbait goraipatu beharko banu, gure irakasleak egindako lana goraipatuko nuke denen gainetik.
  • Liburua utziko dizut, baina laster itzultzen badidazu.

Etorkizuneko hipotesiaren kutsua

Adibide horiek ezin dira -tuz gero markarekin eman, ezta ezezkoak -tu ezik edo -tu ezean markaren bidez ere. Izan ere, -tzekotan daramaten perpausen balioa ez dator guztiz bat horienarekin. -tzekotan / -tzekotz daramaten perpausek etorkizuneko hipotesiaren kutsua dute. Perpaus horietan aipatzen dena ez da ondore perpausea baino lehenago gertatzen edo ez da ondoren perpausa zuzenean eragiten duen kausa izaten. Horregatik, honelako adibideak okerrak dira:

  • *Gehiago saiatzekotan / saiatzekotz, lortuko dituzu zure helburuak.
  • *Trenbidera ezer erortzekotan / erortzekotz, metroko langileei deitzea komeni da bezalako adibideak okerrak dira.

Horrelakoak aditz jokatugabeen bidez emateko, -tuz gero erabiltzen da:

  • Gehiago saiatuz gero, lortuko dituzu zure helburuak.
  • Trenbidera ezer eroriz gero, metroko langileei deitzea komeni da.

Horrenbestez, -tzekotan marka daramaten baldintza perpausek hipotesi kutsua dutenez, horiekin ezin dira burututako egoerak azaldu, ezta unean gertatzen ari direnak, errepikapena adierazten dutenak edo generikoak (nagusiaren eta mendekoaren arteko aldiberekotasuna adierazten dutenak) ere.

Uholdeak

  • burututako egoera:
    • Ibaiak gainezka egin badu, ez gara etxetik aterako.
    • #Ibaiak gainezka egitekotan, ez gara etxetik aterako.
  • unean gertatzen ari den ariketa:
    • Egiten ari garen ariketa hau ondo ikasten baduzu, gero zuk zeuk bakarrik egin ahal izango duzu etxean.
    • #Egiten ari garen ariketa hau ondo ikastekotan, gero zuk zeuk bakarrik egin ahal izango duzu etxean.
  • errepikapena dakarten egoerak:
    • Korrika egunero entrenatzen bada, azkenean nahi duen marka egitea lortuko du.
    • #Korrika egunero entrenatzekotan, azkenean nahi duen marka lortuko du.
  • gertakari generikoak:
    • Bero handia egiten duenean, loreak zimeldu egiten dira.
    • #Bero handia egitekotan, loreak zimeldu egiten dira.

Baldintzazkoa bera etorkizunera begira dagoenean ere gertatzen da -tzekotan ezin erabiltzea:

  • Bihar zure alderdikoek gure proposamena onartuko balute, guztion artean batasun handiagoa lortuko genuke herrian.
  • #Bihar zure alderdikoek gure proposamena onartzekotan, guztion artean batasun handiagoa lortuko genuke herrian.

Helburuzkoen mugan

-tzekotan duten perpausek helburu balioa izaten dute batzuetan.

  • Zapatila berriak erostekotan naiz.
  • Azukre askodun jakiek kalte egiten diote erditzekotan dagoen emakumeari.

Horrelakoak helburuzkoen atalean jaso ditugu, baina ondorengo hauek gertuago daude baldintzazko perpausetatik1:

  • Ama izatekotan, segurtasun osoa izan behar duzu izan nahi duzula.
  • Bakerik izatekotan, alderdi guztiek ados jarri behar dute.

Mendeko perpausean egoera edo gertakari bat azaltzen da, hipotesi modura (ama izatea, bakea izatea), eta hipotesi hori bete ahal izateko, nahitaezkoa izango da perpaus nagusian aipatzen dena betetzea (segurtasun osoa izatea, alderdi guztiak ados jartzea).

Hala ere, perpaus jokatuen atalean helburuzkoen artean jaso ditugu halakoak, eta sarri ondore perpausean behar, nahi, nahitaez… agertzen dela aipatu dugu. Eta horretan bereizten dira honelako helburuzkoetatik:

  • Bihar lan egingo dut, etzi jai izateko.

Azken horretan, mendeko perpausean aipatzen den xedea lortzeko burutzen da perpaus nagusian esaten dena, eta askotan nolabaiteko borondate bat ere agertzen da, baina –tzekotan / -tzekotz daramaten baldintzazkoekin, adierazten da xede hori lortzeko nahitaezkoa dela perpaus nagusian aipatzen dena egitea; helburuzkoan, ordea, erlazioa askeagoa da eta ez da horrelakorik iradokitzen (Ikus Helburuzkoak atala).

Izan ere, baldintza perpausetan, mendeko perpausak kausa bat adierazten du askotan, eta horrek ondorio bat eragiten du, ondore perpausean agertzen dena: p→q. Goiko adibideetan, ordea, egoera edo gertakari bat hipotesi gisa aurkezten da (p) eta gertakari hori bete ahal izateko, nahitaezkoa da perpaus nagusian aipatzen dena betetzea (q): p gertatzeko nahitaezkoa da q gertatzea. Horrenbestez, 'ama izateko, erabat seguru egon behar dugula' esaten da lehen adibidean. Bigarrengoan berriz, 'bakea lortzeko, alderdi guztiek ados jarri behar dutela' nahitaez.

Txakurra jaten

Beraz, helburuzkoen artean bereizi egiten dira bi adibide-multzo horiek:

  • -tzekotan daramaten perpausetan, mendekoan azaltzen den helburua lortzeko, perpaus nagusian jartzen dena egiten da, eta askotan borondatea ere adierazten du;
  • bigarren multzoko perpausetan, ordea, helburua lortzeko ezinbestekoa da perpaus nagusian adierazten dena egitea, erlazioa estuagoa da.

Perpaus nagusiaren eta mendekoaren arteko erlazio hori dela eta, bigarren multzoko adibideak baldintzazko eta helburuzko perpausen mugan daude. -tzekotan marka duten asko izaten dira halakoak, eta ezin dira -tuz gero markaren bidez eman:

  • Txakurra gosez ez hiltzekotan, bi egunetik behin eman behar diozu gutxienez jatekoa.
  • Politikariek gizartearen beharrei erantzun nahi izatekotan, lehenik eta behin herritarren eskaerei entzun behar diete.

Horietan esan nahi da -tzekotan perpausean adierazten dena betetzeko ezinbestekoa dela perpaus nagusian agertzen dena betetzea.

Baldintza urruna, etorkizunekoa

Beste perpaus batzuetan, hipotesia edo baldintza urrundu egiten da, etorkizunean jartzen da. Aurreko atalekoen antza dute baina nahitaezkotasunak ez du horrenbeste indar:

  • Herri honetan jarraitzekotan, mendi elkartean emango dut izena.
  • Gero ikasitakoa ahanztekotz, ez naiz askorik saiatuko.

Hipotesia edo baldintza etorkizunera begira jartzen da, eta modalizazio bat ere jartzen da, hau adierazi nahiko balitz bezala: X gauzatu/gertatu behar bada… edo -tzeko asmo/behar/nahi/baldintza. Lehenengoan adierazten da herri honetan geratzeko asmoa badugu, edo horrela gertatu behar bada, elkarte horretan emango duela izena; bigarrenean, berriz, ikasitakoak gerora ahazten badira, esalea ez dela ikasten askorik saiatuko.

Era berean, horiek ere ezin dira -tuz gero formaren bidez eman: Alex Txikon

  • Gaztetxea gazteen esku gelditzekotan, onena udal ordezkariekin hitz egitea izango dugu.
  • Base-jauziaz euskaraz hitz egitekotan, ez zegoen Alex Txikon baino hoberik gure inguruan.

Gaztetxea gazteen esku gelditzekoa bada, onena norekin hitz egitea den azaltzen da lehenengo adibidean; bigarrengoan, berriz, ez dagoela Txikon baino hoberik inguruan base-jauziaz euskaraz hitz egiteko.

Etorkizuneko zirkunstantzia

Adibide hauetan ere etorkizuneko baldintza bat adierazten da:

  • Inori ez esatekotan, kontatuko dizut zer gertatu zen bart gaueko parrandan.
  • Etxea utziko dizut, baina garbi eta bihar itzultzekotan.

Ekintza nagusia betetzeko, geroan bete beharreko baldintza bat jartzen da, baina ez dago baldintzaren eta perpaus nagusiaren arteko lotura logikorik. Lotura ez da bi perpausen esanahiaren bidez egiten, hiztuna da baldintza ezartzen duena. Are gehiago, baldintzazko perpausean ez da kausa adierazten, zirkunstantzia murriztaile bat baizik. Zirkunstantzia hori betetzen bada, perpaus nagusian adierazitakoa beteko da.

Ordenari dagokionez ere, baldintzazkoa perpaus nagusiaren ondoren joaten da askotan, askotan pausa nabarmen batekin (baina juntagailua ere jar liteke tartean), hiztunaren eranskin modura, mintzagai-izaera argirik gabe:

  • Utziko dizut zerbait esaten hitzaldi amaieran, baina emanaldia den bitartean isilik egotekotan.
  • Ikasleak irakasleari esan zion garaiz amaituko zuela lana, gero ikasgaia gainditzekotan.

Errepikapena, korrelaxio lexikoa

-tzekotan / -tzekotz formak dituzten perpausetan, zenbaitetan aditza errepikatu egiten da perpaus nagusian eta mendekoan: baldintza nagusi bat azaltzen da mendeko -tzekotan perpausean, baldintza orokorra betetzeko esparrua azaltzen da (zerbait, norbait, inor, inon… izenordain zehaztugabeak sarri agertzen dira), ondore perpauseko galdegaia bideratzeko (kuantifikazioa ere sarri jasotzen da). Ondoren, perpaus nagusian, ondore perpausean, baldintza hori betetzeko esparrua murrizten eta zehazten da, askotan galdegaiaren bidez.

  • Inor maitatzekotan, zu maitatzen zaitut.
  • Juduek nehon irabaztekotz, han behar zuten irabazi.

Zehaztasunak egiteko edo zuzenketak egiteko ere erabiltzen dira.

  • Inori kontatzekotan, arazo bat badut nahiago dut zuri kontatzea.
  • Euskaraz galdetu eta gaztelaniaz erantzuten badizu dendari batek, ez erantzun, eta erantzutekotan euskaraz egizu.

Gertakari burutuei buruz ere aritu gaitezke, baina egiaztatu gabeko baldintza bezala agertzen dira:

  • Atzo korrika egitekotan, ez zuen asko egingo, herenegun lasterketa izan zuen eta.

Hizpidea emateko, proposizioa bideratzeko

Anboto

-tzekotan perpausak hizpidea emateko edo proposizioa bideratzeko ere erabiltzen dira:

  • Euskal Herriko mendi ezagunenen zerrenda bat egitekotan, ezin ahaztu Anboto.
  • Egia aitortzekotan, hobe istripu hartan hasiera-hasieratik zer gertatu den kontatzea.

Halakoetan aipatzen den baldintza ez dago proposizioaren edukiari lotuta, proposizio hori enuntziatzeko arrazoi gisa ematen da, enuntziatzeari bide ematen dion baldintza da.

izatekotan

-tzekotan izan aditzari lotuta, esapide adberbial modura, izatekotan perpaus osoa modalizatzeko ere erabiltzen da:

  • Izatekotan, amak esango zion gauzak horrela egiteko, ez beste inork.
  • Izatekotan, zigarro txikia erreko zuela esan zigun, ez pururik.
  • Beren asmoa ez zen gutxienik ere ahuldu; azkartu, izatekotz.
  • Iñorekin izatekotan, zurekin izango naiz; baño ez itxaron, Jose, ez alperrik itxaron. (Garoa, Aguirre, D.)
  • Iñork izatekotan, orretxek izango ditu. (Neskazar, Amantxi, Aterako gera, Biozberak, Altzaga, T.)

-tzekotan ere

Baldintza perpausen sarreran esan dugu ere lokailua eranstean kontzesio balioa hartzen dutela perpausek. -tzekotan/-tzekotz atzizkiarekin, ordea, baldintza adiera da ohikoena:

  • Deus balin bada lur hunen gainean zuzenik, hori da; eta bizkitartean zer dugu ikusten han-hemenka? Eskual-herri betean, asko etxetarik haizatua eskuara; utzia, edo utzixea, kasik ohartu gabe, edo bederen axolarik gabe; atxikitzekotz ere, sehientzat; bainan jaun-alabak burrasoekin, gazte lagunekin eskuaraz ele. (Mintzaira, aurpegia, gizon, Hiriart-Urruty, J.)
  • Norbeitek erraten dio: - Etzare sartuko: bizkarreko bultu horrengatik, bi aldiz gehiago ordaindu behar zinuke, zuk! Orduan Eskualdunak: - Izatekotz ere, erdia ba; nik begi batekin ikusten baitut bakharrik! Mundu guzia irriz hasi eta. (Artho-xuritzetan, Zerbitzari)
  • Gainera, norbaitekin harreman berri bat hastekotan ere, ezkonduekin ez hasi.
  • Triatloian hasi nahi baduzu, hastekotan ere, has zaitez triatloi labur batekin, eta gerora joango zara distantzia luzeagoak probatzen.
  • Kazetarien lana da, izatekotan ere, gertakariak objektibotasunez eta gertatu diren bezala kontatzea.
  • Ez zen tipo goapoa, izatekotan ere zatar samarra zen, baina bazituen pare bat gauza neskei asko gustatzen zaizkienak: miopia puntu batek sortzen duen begirada galdu eta erakargarria, eta noizean behin, nola jakiteke, ateratzen zitzaion irribarre samur eta laño hura. (Berandu da gelditzeko, Iturriaga, U.)
  • Beraientzat ez zegoen zailtasun eta arazorik: izatekotan ere, zailtasunak telefono harietan zeuden garai nolabaiteko haietan. (Zeruan zer berri, Zabala, P.)

-tuz gero

Orain arte jaso ditugun adibideak ezin dira baldintzazko -tuz gero menderagailuaren bidez eman. Baina batzuetan, -tzekotan perpausek -tuz gero menderagailutik gertuago dauden erabilerak izaten dituzte:

  • Udaltzainak jarritako isunari buruz azalpen gehiago nahi izatekotan, Udaltzaingora deitu.
  • Gaur ostirala da eta ez da inor etorriko aterpetxera, eta etortzekotan, arratsaldean etorriko litzateke, ez goizean.
  • Informazio gehiago behar izatekotz, udaletxera deitu.
  • Dena ondo joatekotan, bostetarako etxean izango gara.
  • Inor etortzekotan, ostatura sartuko litzateke zuzenean.

Bi perpaus horiek eman litezke -tuz gero erabiliz: nahi izanez gero, etorriz gero, behar izanez gero, joanez gero, etorriz gero… Halakoetan askotan erabiltzen dira nahi izan eta behar izan bezalakoak eta ez da egoten loturarik denbora deiktikoarekin, proiektiboak dira; kausalitate loturarik ere ez da egoten. Oro har, -tzekotan/-tzekotz erabiltzen denean, hipotesia urrundu egiten da: 'informazio gehiago behar izatea gertatuko balitz', 'inor etortzea gertatuko balitz'…

1 Bestalde, bi adibide hauek ba- baldintzazko aurrizkiarekin ere eman litezke: Ama izango bazara, segurtasun osoa izan behar duzu izan nahi duzula, Bakerik izango baduzu, alderdi guztiek ados jarri behar dute

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tzekotan", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3