Erabiltzaile Tresnak


morf:5:20:8:2:2:5

-tuenean

Partizipio burutuari -enean erantsiz baldintzazko perpausak lor daitezke mendebaldezko hizkera batzuetan:

  • Inor izanenean arrantzaleak izango ziren epaile lanetarako egokienak.
  • Iñor izanenean, arrantzaleak izango ziran arratsaldeko indar-neurketa entzutetsuan ikuslerik arduratsuenak eta epailaririk ikasienak. (Uztaro, "Barrensoro")
  • Bestela, juramentu egiten det Israelko Jaun Jainkoa gatik, zeñak galerazi didan zuri gaitz egitea, ez etorrienean zu ain laster neri bidera irtetzera, etzan ezer bizirik geldituko Nabalen etxean gaurtik biarrera, ez da txakur bat bederik. (Biblia I, Uriarte)
  • Zerbait egiñenean, dirurik ez galtzeko, porrot ez egiteko ziurtasunez ari bear da. (Itz-lauz, Lizardi)

Hala ere, ez da oso molde ohikoa, tradizio txikia du eta testu idatzietan oso lekukotasun gutxi aurkitzen dira. Egun izan aditzarekin agertzen da gehienetan, izatekotan esapidearen balioarekin:

  • Inor izanenean, harri-jasotzaile hori izango zen herri kiroletako apustu gehienen jomuga.
  • Eta erreñu guztiak ezagutu dezaten, zu zerala Jaungoikoa, eta zu ez izanenean, ez dagoala besterik. (Biblia II, Uriarte)

Baldintza indartzeko, ere lokailua ere eransten zaio batzuetan:

  • Etxera inor etorrienean ere, komeni da oinarrizko zenbait jaki izatea.
  • Euria eginenean ere, hartu aterkia.

Adiera hau dute horiek: etxera inor etortzen bada, euria egiten badu, badaezpada ere…

lanaren aipamena nola egin...

Euskara Institutua, EHU, "-tuenean", Sareko Euskal Gramatika (SEG), www.ehu.eus/seg
ISBN: 978-84-693-9891-3